argia.eus
INPRIMATU
Beti bezperako koplak
Miren Artetxe Sarasola 2018ko urtarrilaren 30

Klank. Klank. Klank...: “Edertasunez jaunak apaindu zuen Ageda gaztetan. Haren begiak izar bi ziran, aurpegi gozo haretan. Gizon gaiztoen grina zitalak esna zitzaken benetan. Laister izutu zan Kintziano Agedaren ederretan”.

Siziliako gobernadorea saiatu omen zen Agedaren edertasuna bereganatzen –demagun, ezkontzeko eskatuz–. Neska gazteak, ordea, “Kintzianoren eske guztiak errez baztertu zituan”  –demagun, bere birjintasuna Jesus Nazaretekoari eskaini nahi ziolako. Baina –kristau-ehiza garai bete-betean– “agintari gaizto harek kristautzat salatu zuan”.

Tradiziozko istoriotik ikasbide bat hautatzekotan, nik hauxe. Kintziano Agedaren ezetzak amorrarazi zuen, eta haren kristautasuna erabili zuen, herraren herraz, bere boterea ezezkoarekin desafiatu zuen hura makurrarazteko. (“Interpretazio partziala!”, entzun dezaket. “Anakronismoa!”. Eta Agedaren gogaitu aurpegia agertzen zait GIF erara, begiak zuri, hasperenka eta bularretik odol-zurrusta dariola).

Alabaina, gauzak zer diren, zigor gisara putetxe batera eraman zuen Kintzianok Ageda, duintasuna gal zezan, birjintasunarekin batera. Izan zedila puta. Ezezkoaren aurretik ez bazen, ezezkoaren ondoren. Baina, puta. Eta mirariz, bertan ere ez zuenez birjintasunik galdu, Ageda giltzaperatu eta hil arte torturatzeko agindu zuen gizonak.

Klank.