Bake prozesua Ipar Euskal Herrian

Denborarekin sendotu eta zabaldu den elkarlanaren gakoak

  • Bake prozesuaren aldarriak Ipar Euskal Herrian daukan sostengu zabalari xeheki begiratuz gero, ohartzen gara sustrai bat baino gehiago dagoela oinarrian eta guztiak direla kontutan hartzekoak. 90eko hamarkadan hasi eta 2000ko hamarkadan sendotu egin dira abertzale eta abertzale ez direnen arteko elkarlanak, lurralde antolaketatik hasirik, geroz eta politikoagoak diren esparruetara hedatuz. Hamaika aldaketak ahalbidetu du gaur egun begibistakoa den elkarlanerako gaitasuna.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B
2018ko otsailaren 04a
Euskal presoen eskubideen alde Parisen deitutako manifestaziora 15.000 lagun inguru joan ziren, Frantziako telebistaren arabera. Pankarta nagusia familia politiko ugaritako ordezkariek eraman zuten. (Bakearen Artisauak)
Euskal presoen eskubideen alde Parisen deitutako manifestaziora 15.000 lagun inguru joan ziren, Frantziako telebistaren arabera. Pankarta nagusia familia politiko ugaritako ordezkariek eraman zuten. (Bakearen Artisauak)

Kasik ohitzen hasiak gara gatazka politikoaren konponketaren aldarriak Ipar Euskal Herrian biltzen duen sostengu zabal eta anitzarekin. Euskal preso politikoen alde Parisen egindako manifestazioaren lehen lerroan plazaratu zen beste behin ere iazko abenduaren 9an: Frantziako Parlamentuan dauden Euskal Herriko diputatuak eta Lucien Bedbeder Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko presidentea hor ziren, besteak beste. Tendentzia politiko guztiak elkarren ondoan, abertzaleak eta ez-abertzaleak elkarren ondoan. Azken hamarkada honetan, horrela eramanak dira bake prozesuaren, ezagupen instituzionalaren edota hein txikiago batean euskararen ezagupenaren gaiak. Alta, batasun hau berria da eta berriki arte ezin irudikatua genuen. Batez ere gatazkaren konponketaren inguruan dagoen elkarlana. Aldaketa andana baten juntatzeak ekarri du begi bistan daukagun aldaketa potolo hau.

Bere burua frantziar errepublikanotzat daukan Max Brisson senatari eskuindarraren azalpenak interesgarriak dira egoera ulertzeko. 2001eko urriaren 17ko Aieteko Adierazpenak finkatu bide-orria gauzarazten dabilen gizonak, iraganean diskurtso jakobino baita anti-abertzalea ere zuelako. Hiru osagai identifikatzen ditu bilakaera azaltzerakoan: bat, norbera aldatzen da –“denborarekin ikasi dut, eztitu naiz”, “bilakaera pertsonal batek ekarri du oinarrian neukan jakobinismoa biziki ahuldu izana”–; bi, parekoa ere aldatzen da –“errespetuz diot, sentsazioa daukat beste batzuk ere bide egin dutela, demagun hautetsi edota militante abertzaleak Euskal Hirigune Elkargoan engaiatu izana, jakinda estatutu bereziko egitura bat dutela eskatzen”–; eta hiru, testuingurua aldatzen da –“Euskal Herrian giroa aldatu izanak ere dakar aldaketa”–. Hiru esparruak hein berean garrantzitsuak dira eta bakoitzak akuilatzen du bestea.

Aiete biharamunak

Testuinguruari doakionez, izan abertzale ala ez, guztiak ados dira errateko Aieteko Bake Konferentzia behar-beharrezko elementu bat dela. Batez ere, hiru egun beranduago ETA erakundeak jakinarazten duen jarduera armatuaren behin-betiko bukaera. Historialaria eta EH Bai-ko hautetsi den Peio Etxeberri-Aintzartek honela dio: “ETAren erabakiak posible egiten die [abertzale ez direnei] bide hori gurekin [abertzaleekin] batera hartzea, jendartearen onarpen soziala errazkiago lortu dezakete testuinguru berri honetan».

Baina dena ez da Aieten hasten eta urriak 17 horretan Ipar Euskal Herritik egondako ordezkaritza zabala da froga. Elkarlan hori 2000ko hamarkadan hazitzen dela azaltzen du Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak: “Frantziako Estatua soilik ETAren aurkako borrokatik [Baltasar] Garzonen teoria aplikatzera pasa izanak krispazio handi bat sortu zuen jendartearen eta eragileen artean”. Ezker Abertzaleko Aurore Martinen aurkako euroagindua izan zen krispazioaren punta: “Aldaketa sakon bat hasi zen orduan, emazte bat bere ideia politikoengatik atxilotzea eta espaniaratzea ezin zuten asumitu”.

Aurore Martinen atxiloketa ere mugarria
izan zen babesa zabaltzen jarraitzeko.
Argazkian Euskal Herriko lehen herri harresia,
eta arrakastatsua gainera, Poliziak ez baitzuen lortu Martin atxilotzea. (Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin)

Isilpeko lan bat abiatu zuten orduan. Ulermen eta gogoeta prozesu batean abiatu ziren hainbat eragile, tartean zeudela ikuspegi abertzaletik oso urrun daudenak. “Jakinik eragile bakoitzak tenpus ezberdina daukala”, Funosasek zehazten du printzipioetariko bat izan zutela bakoitzari bere iritzia bere erritmoan garatzen uztearena. “Fruitua ontzen ari den momentu horretan heltzen da Aiete”. Talde informal hori publiko egiteko gogoa piztu zien Aieteko gertakizunak; laster egin zutena, Bake Bidea izendaturiko taldea plazaratuz. Gogoeta eta lanketa horietarik atera zen 2014ko urriaren 24ko Baionako adierazpen publikoa. Konponketaren aldeko konpromisoan urrats berri bat izan zuten adierazpen hori. Brissonek dioenaz, hitz bakoitza taldean landu, eztabaidatu, adostu eta idatzi izanak egiten du honen gauzapenaren alde dabilela.

Elkarrekin lanean aritzen ikasirik

Elkarlana beste esparru batzuetan garatzen hasia zen lehenagotik. 90. hamarkadan abiatzen diren lurralde antolaketari buruzko gogoetei heldu behar zaie gaur egun dagoen elkarlanarentzako ahala ulertzeko. Euskal Herria 2010 eta ondotik Euskal Herria 2020 urraspideetan konkretuki gauzatu zen lanerako gaitasun hau. “Gure arteko bereizketak gaindituz, abertzale eta ez-abertzale baita ere ezkerra eta eskuinaren arteko bereizketen gainetik pasaz lan egiten genuen”, Brissonen hitzetan. Lurralde antolaketa eta garapen politika bat marrazteko gomendioak adosten zituzten, hortik aurrekontu bat zekarten lurralde hitzarmenak izenpetzeko (2000, 2008 eta 2015. urteetan). Etxeberri-Aintzartek ohartarazten duenez, lurralde antolaketari buruzko “ariketa intelektual” zein “laboratorio” gisa begiratu behar zaiela urraspide horiei; “ofizialki, aldarrikapen instituzional berezirik gabeko” tresna gisa.

Max Brisson, senataria (Errepublikanoak, eskuina): "Bilakaera pertsonal batek ekarri du oinarrian neukan jakobinismoa biziki ahuldu izana"

Hain zuzen, Euskal Herriak Parisi exijitu aitortza instituzionalari elkor jarraituz, Parisek planteaturiko deszentralizazio politikaren barne kokatzen dira. Urraspide hauetarik sortu ziren Garapen Kontseilua 1994an eta Hautetsien Kontseilua 1995ean. Abertzaleei doakionez, guztiak ez ziren iritzi berekoak: batzuk, aurka ziren, autodeterminaziorako baliorik ez eta “tranpatzat” zituztelako tresna horiek; beste batzuk haatik, desmartxan sartzeko hautua egin zuten, asebeterik ez izan arren. Urtez urte, desadostasunak baretu egin ziren eta poliki-poliki abertzaleen arteko batasuna agertu zen gaiaren inguruan, batez ere, Euskal Lurralde Elkargoaren eskakizunarekin.

Bide ezberdinak erabiliz, ezagupen instituzionalaren gaia eramaten segitu zuten ordea abertzaleek. Abertzaleen eremutik haratago hedatuz ari zen aldarria: 1999. urtean, alderdi eta ideologia politiko ezberdinetako ordezkariek izenpeturiko Ehunen Deia, euskal departamenduaren alde 12.000 lagun bildu zituen 1999ko urriak 9ko manifestazioa, 2002. urtean sorturiko Batera plataforma eta ondotik honek antolaturiko herri galdeketa, manifestazio eta ekimen ezberdinak. “Gutxiengoarena zen aldarria gehiengoarena izatera bilakarazi du Baterak. Abertzaleak gehiengoan ziren plataforman, baina, beti jokatu izan dute errespetu handiz iritzi ezberdinak zituztenekiko. Bateraren indarra izan da”, dio Jean-René Etxegarai, Euskal Elkargoko presidenteak. Oroit gara nola euskal lurralde elkargoaren alde bozkatu zuen Hautetsien Kontseiluko gehiengo zabalak 2012an. Bide luzea egin izanaren froga.

2017az geroztik, hiru lurraldeak batzen dituen Euskal Elkargoa dago osaturik. Egitura honek zuen funtsean, iazko irailak 23an, presoen alde Parisko manifestaziora deitzeko mozioa aho batez bozkatu. Egitura hori ETAren armagabetzean ere egon zen, Euskal Herriko hiru instituzioetarik bakarra: “Sentimentua neukan ezin genuela jendarte zibila bakarrik arriskua hartzen utzi, gure ardurak hartzeko beharra sentitu nuen”.

EHLG, ezin saihestua

Gaur egungo inplikazioa azaltzeko orduan, 2010ean burutu Euskal Herriko Laborantza Ganberaren auzia giltza erabakigarri gisa aurkezten du Etxegaraik. Apirilak 8ko armagabetzearen eta EHLGren aldeko borrokaren artean “lotura argia” ikusten du. Garaian, EHLGren presidente zen Mixel Berhokoirigoinen abokatua izan zen Etxegarai. Orduak kontatu gabe, dohainik aritu zen defentsa lanetan.

2017ko apirilaren 8ko ETAren armagabetzearen eta EuskalHerriko Laborantza Ganbararen aldeko borrokaren arteko "lotura argia" ikusten du Jean-René Etxegaraik.

Orduan zituen hurbiletik ezagutu 2016ko abenduaren 16an Luhuson atxiloturiko Berhokoirigoin eta Txetx Etxeberri bake artisauak. Haien artean “konfiantza handia” dagoela dio. Baina, EHLGren eraginak bere pertsonatik haratago doazela dio: “Egun batez historialariek argira ekarriko dute Ipar Euskal Herrian buruturiko ekimen andana baten oinarrian dugula EHLG. Adibidez, Euskal Elkargoaren egintza fundatzailea dugu”. Azalpena emateko unean oroitarazten du nola Estatuaren ordezkari zen prefeta “zentralista, jakobino” baten aurka defenditu behar izan zuten, erabat politikoa zen borroka bat eramanez: “Aldarrikapen instituzional bat zen, laborantzaren sektorean eta balore zehatz batzuetan oinarriturik, baina, argi eta garbi, instituzionala zen borroka”.

Anaiz Funosas (Bake Bideako presidentea): "Frantziako Estatua Garzonen teoria aplikatzera pasa izanak krispazio handi bat sortu zuen jendartearen eta eragileen artean"

Auzia irabazi izanak ekarri garaipenaz gain, beste neurri bateko garaipena azpimarratzen du Etxegaraik: “Garaipen judizialaz gain, EHLGren lorpena izan da jendeen espirituak bereganatu izana, askori aldatu zaie errealitatea ikusteko moldea eta aurka genituen anitz gureganatu genituen”.

Jarrera aldaketak bi aldeetan

Elkarlana gauzatzeko aukera ezberdinak egon arren, elkarrekin lanean aritzeko gaitasuna ukan behar da. Bidea egin da, jarrerak aldatu dira. Bilakaera hau aztertzeko unean, kontutan hartu beharreko elementutzat dauka ondokoa Etxeberri-Aintzartek: mugimendu abertzalearen pisua hauteskundeetan. Doi-doia 50 urte pasaño ditu mugimendu abertzaleak eta 35 bat urte hauteskundeetarako hautagaitza abertzaleak. 2000ko hamarkada hastapena arte emaitza xumeak lortu bazituzten ere, gaur egun hirugarren indarra eta guneka bigarren indarra da EH Bai.

“Horrelako pisuarekin eragin politiko gehiago du mugimendu abertzaleak eta lerroak mugiarazten ditu, klase politikoa bere bide hertsitik desbideratzen hasiko da eta hemengo eskaera batzuk integratuko dituzte”. Benetan sinesten dutelako ala interes pertsonalengatik, ezin argiki erran. Hala ere, urteak joan arau, erran daiteke hastapenean adierazpen soil izandakoa baino gehiago direla orain emandako urratsak. Gaur egun, gatazkaren konponketaren alde edota garaian, euskal lurralde elkargoaren alde egindako bilerak, manifestazioak, Frantziako Parlamentuan egindako hitzartzeak zein Pariserainoko bidaiak dira horren seinale.

Eskakizun bera badute ere, arrazoiak ezberdinak dituzte. Euskal lurralde elkargoaren aldarria da etsenplurik argiena. Abertzaleen iduriko, autodeterminazioaren bidean pauso berriak lortzeko tresna bat baldin bada, abertzale ez direnek Frantziaren baitan eraman beharreko deszentralizaziorako urrats edota lurraldearen garapenerako tresna gisa ikusten dute. Hala eta guztiz ere, beti erraza ez bada ere, eskakizunaren lorpena lehenesten dute guztiek.

Jean-René Etxegarai (Euskal Elkargoko presidentea):
“Garaipen judizialaz gain, EHLGren lorpena izan da jendeen espirituak bereganatu izana, askori aldatu zaie errealitatea ikusteko moldea”

Mezu abertzalea ere aldatu dela dio historialariak. Oposizioko mugimendu frontala izandakoa, 90. hamarkadaz goiti, oposiziozkoa izateaz gain, “alternatiba proposamen” bilakatzen dela dio. Etxebizitzaren alorrean eramandako lana dute adibiderik argienetarikoa.

Norberak eta parekoak bere jarrera aldatu izana azpimarratzen du Brissonek. “Ez dut kontua pertsonalizatu nahi, naizen pertsona txikiak garrantzia gutxi duelako historia honetan. Baina, gogoan dut nola pegatinak baziren nire aurpegiarekin, ia arma baten jopunta banuela kopetan”. Horrelako pegatinik ez da gehiago agertzen. Kontuan hartu beharra dago ez dela pertsonak miran hartzen dituen euskal talde armaturik egon eta horrek ere erraztu duela hurbilketa. Behin eta berriz entzundako “Enbata zikina” laidoa ere isildurik da, lehen urteetan militante abertzaleek jasotako hil mehatxuak edota ukabilkadak ere ez dira gehiago eta esparru politikoan hautetsi abertzaleen ahotsa entzuna da. Jarrerak aldatu dira, bi aldeetan, eta horrek dakar bi aldeek elkarrekin lanean aritzeko duten irekidura.

Gero hurbilari begira, bi helburu argi dituzte: batetik, preso politikoen egoerari begira aitzinamenduak lortzea eta bestetik, bake prozesuaren aldeko batasuna jendartean ere errotzen eta hedatzen segitzea.

ETAren desarmearen eguna, Euskal Herriko historian sartuko den eguna izango da. Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako gizarte zibila munduan aurrekaririk ez zuen desarme prozesuko protagonista izan zen. (Argazkia: Bakearen Artisauak)

 


Euskal bake prozesua kanaletik interesatuko zaizu...
2018-04-25 | ARGIA
Josu Erkorekak dio Kanbo ez dagoela "Euskadin"

Maiatzaren 4an Kanbon egingo den bakerako nazioarteko ekitaldian Jaurlaritzak ez duela parte hartuko azaltzeko, Josu Erkoreka EAEko Gobernuko bozeramaileak esan du ETAk “Euskadin” izan duela eragin handiena eta Kanbo “Euskaditik” kanpo dagoela.


2018-04-24 | ARGIA
Eusko Jaurlaritza ez da Kanboko ekitaldian izango

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, Jaurlaritza ez dator bat ekitaldiak izango duen ikuspuntu politiko eta etikoarekin. Bestalde, ez dio garrantzirik kendu nahi ETAren amaierari.


2018-04-23 | ARGIA
Maiatzaren 4an Kanboko Arnaga jauregian izanen da bakerako nazioarteko ekitaldi berria

Ipar Euskal Herriko hautetsien ordezkariek eta Foro Soziala, Bake Bidea eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeak Baionan gaur iragarri dute euskal gatazka armatua amaitze bidean antolatu duten hurrengo urratsa. Kanbon izango da, Arnaga jauregi ospetsuan, eta bertan nazioarte mailako ekitaldi handi bat burutuko dute maiatzaren 4an.


Zuri˝e Rodriguez
"Mugimendu feministak bake prozesuan parte hartu behar du"

Zuriñe Rodriguez kazetariari beti interesatu zaio ea emakumeek zer rol bete dituzten gatazka armatuetan, baina konturatua zegoen beti dela errazago urrutiko korapiloak aztertzea norberarenak baino. Hara non, ordea, masterreko lanean zer gai landuko zuen erabaki behar zuen astean, orduantxe iragarri zuen ETAk behin betiko utziko zuela jardun armatua. Eta hala ekin zion Rodriguezek hura aztertzeari, gure hau.


2018-04-19 | Xabier Letona
Harro hadi, Kantauri itsasoa... bai?

Iritsi da unea, azkenean: ETA desmobilizatu egingo da, desegin, desagertu… nahi den moduan. Eta hainbeste itxaron den eguna izanda ere, aitortu behar dut kosta egiten dela gaiaz idaztea, teklatua astun dela bat-batean, atzamarrak motel  eta garuna geldo. Egia esan, emoziorik sakon eta sentikorrenak 2011ko urriaren 20an bizi izan zituen euskal gizarteak, ETAk bere jarduera armatuaren behin-betiko etena iragarri zuenean.


2018-02-09 | Mikel Asurmendi
Frantziak ETArenak ziren armak eman dizkio Espainiari

Espainiako hedabideetan zabaldu den berria da: Frantziak ETAri hartutako armak eta dokumentazioa entregatu dizkio Espainiako Gobernuari. Frantziako medioetan ez da hainbeste zabaldu berria. Alta bada, bake eta normalizazio prozesua Frantziako eskutik doa.


2018-01-28 | Mikel Asurmendi
Agus Hernan, Foro Sozial Iraunkorra
"Prozesua konplikatua da, baina modu baikorrean lantzen ari da"

Irun,1962. Hendaiako Antxeta irratiko lehendakaria da. Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea eta bozeramailea. Urtarrilaren 26 eta 27an foro berezia eginen dute Irungo Ficoban, iheslarien eta deportatuen egoera areago aztertzeko. Euskal presoen eskubideen alde 100.000 lagun inguru Bilbon manifestatu ostean aritu gara. Bake eta normalizazio prozesuaz, baita Frantziatik eta Espainiatik heldu diren azken berriez ere hitz egin dugu.


2018-01-26 | ARGIA
Bakearen Artisauak, Merezimenduzko saria
Ez ote da komunikazioa izan, armagabetzearen ezinbesteko giltza?


Asperkeria

Euskal politikaren garai aspergarria bizitzen ari gara. Horra, lagun batek aurrekoan esan zidana. Burura etorri zitzaidan lehenengoa: “Ez zaio arrazoirik falta”. Aurrekontuen negoziazioa, kupoaren negoziazioa, autogobernu ponentzia, bake eta bizikidetza ponentzia, zerga erreforma... Horrelakoxeak dira lerro-buruak betetzen dituztenak. Inor gutxi berotuko duten kontuak. Asko jota, teknokrataren bat edo beste.

Lehenengo pentsamendu horren ostean, ordea, hausnarketarako beta eskaini... [+]


2017-12-24 | Jakes Bortairu
Paristik bueltan

Manifestaldi handien biharamunak gazi-gozoak dira beti. Borrokaldia edozein izanik. Asebetetze eta arrakastaren atseginarekin, aspaldidanik finkaturiko ekitaldia bukatzerakoan sentitzen den hutsuneagatik, antolaketa fasean mobilizatu energia xurgatuagatik edo bizi izandako tentsioagatik. Baina oroz gainetik, desafioa irabazirik, “eta orain zer?” galdera hertsagarria berpizten delako. Hots, estrategiaren garapena eta ondoko helburu taktikoa definitzeko ariketa konplikatua. Abenduaren... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude