Agirreren lehengusu, nazien espioi

  • Ribadeo (Lugo), 1902ko maiatzaren 12a. Juan Gomez de Lecube jaio zen. Beste iturri batzuek diote 1906an jaio zela Sestaon. Baina, jaioterria jaioterri, Euskal Herrian eman zuen haurtzaroa; Jose Antonio Agirre Lekube zuen lehengusu, gero lehendakari izango zena, eta, amarenaldetik umezurtza izanik, haren ondoan hazi zen. Anaia nagusia Luis Valentin ere ezaguna izango zen Hego Amerikan kontrabandista gisa; Herrena esaten zioten.

     

Juan Gomez de Lecube 1942an atxilotu zuteneko argazkiak. 1920ko hamarkadan futbol jokalari izana, eta Bigarren Mundu Gerran alemaniarren agentea, Jose Antonio Agirre lehendakariaren lehengusua zen. (Arg: Erresuma Batuko Artxibo Nazionala)
Juan Gomez de Lecube 1942an atxilotu zuteneko argazkiak. 1920ko hamarkadan futbol jokalari izana, eta Bigarren Mundu Gerran alemaniarren agentea, Jose Antonio Agirre lehendakariaren lehengusua zen. (Arg: Erresuma Batuko Artxibo Nazionala)

Juan ez zen herrena; futbolari profesionala izan zen, ezker hegalean jokatzen zuen eta bere garaiko jokalaririk azkarrenetakoa izan zen kokapen horretan. Celta eta Atlético de Madrid taldeetan jokatu zuen, besteak beste, 1920ko hamarkadan. Futbola utzita, Kataluniara joan zen familiarekin eta Ogasunean hasi zen lanean; diru-sarrerak osatzeko, merkatu beltzean eta bitartekari gisa ere aritu zen.

Baina nazioarteko erakundeen interesa 1940ko hamarkadaren hasieran piztu zuen, alemaniarrentzat espioi lanak egiteagatik. Londresko artxibo nazionaleko hari buruzko espedientea ikertu du Sapiens aldizkariak azken alean, Lecuberen nondik norakoak jasotzeko.

MI6aren txostenen arabera, naziek 1941eko urrian errekrutatu eta 1942ko maiatza bitartean trebatu zuten. Ekainaren lehenean ontziratu zen Bartzelonan, Panamara bidean, baina hilaren 17an Trinidaden britainiarrek atxilotu zuten. Alemaniaren zenbait mezu atzeman zituzten bidean eta hilabeteak zeramatzaten Lecuberen atzetik. Alemaniarren zerbitzura Atlantikoa zeharkatu zuen agenterik garrantzitsuenetakoa eta arriskutsuenetakoa zen haientzat. Tinta ikusezina egiteko materiala eta Alemaniako inteligentzia zerbitzuko beste agente batzuen izenak eta helbideak zeramatzan atxilotu zutenean.

Churchillen kabineteko Barne ministro Herbert Morrisonen aginduz, Erresuma Batura eraman eta 020 esparruan sartu zuten 1942ko urriaren 4an. Britainiarren galdeketa gogorrak alferrikakoak izan ziren. Squealer (salatari) izeneko plan berezi bat ere jarri zuten martxan, beste agente bat amu gisa erabiliz.

Lecubek behin eta berriro askatzeko eskatu zien Espainiako enbaxadoreari eta Ingalaterrako Barne ministroari, eta jasotako tratu kaskarra salatu zuen. Baina harengandik ez zuten batere informaziorik lortu. “Lecube gerra guztian izan dugun presorik zailena eta problematikoena izan da. Aitorpena lortzeko ahalegin guztietan porrot egin dugu”, zioen 1945eko abuztuaren 10eko txosten batek. Gerra amaituta zegoen eta Espainiara deportatu zuten.

Entrenatzaile titulua aterata, Lleida nahiz Condal taldeak entrenatu zituen bere azken urteetan. 1966ko maiatzaren 2an hil zen Bartzelonan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazismoa
Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Nor zen Adolf Eichmann?

Karl Adolf Eichmann (Solingen, Alemaniako Inperioa, 1906 - Ramleh, Israel, 1962) Alemania naziko SSetako goi-mailako ofiziala izan zen, bereziki ezaguna Azken Konponbidea edo Azken Soluzioa deitu zitzaioneko “arduradun logistiko” gisa izendatu izan delako... [+]


“Gaza bonbardatzen ari den pilotu israeldarra da Eichmann”

Palestinarrek pilotu israeldar bat bahitu, epaitu eta urkatuko balute, ez litzateke gauza bera?”. Halako eta bestelako galderei erantzun nahian, Hannah Arendten Eichmann Jerusalemen liburua abiapuntu izanda, mahaiaren bueltan elkartu ditugu bi filosofo eta politologo bat,... [+]


Madril ez da faxismoaren hilobia

Madril, 1939. Hiria frankisten esku erori baino lehen, munduko faxismoaren aurkako hiriburutzat jotzen zen, gobernu errepublikarraren propaganda eta gerra garaian handik pasatako intelektual antifaxista ezagunak medio. Garaileek hiriburua Sevillara, Salamancara edo Burgosera... [+]


Eguneraketa berriak daude