Erraustegi berriak ere kantzerra ugaritzen du

  • Baina egia al da hondakinak errausteak jendea hil dezakeela? Eztabaida berotzen ari da berriro Frantzian. 2017ko abenduan epaitu dituzte Vaux-le-Penileko erraustegi zaharraren arduradunak, inguruko herritarrak dioxina eta bestelakoz kutsatu izanagatik. Baina puntako azken teknologiak dauzkatenak ere auzitan daude, Montpellierreko ikerketa epidemiologiko batek erakutsi duenez. ARGIA bertan izan da galdezka.

Erraustegiaren aurkako protesta Lunel-Vielen.
Erraustegiaren aurkako protesta Lunel-Vielen.

“Kantzer kasu gehiago Lunel-Vieleko erraustegiaren inguruan” (Surincidences de cancers autour de l’incinérateur de Lunel-Viel) titulatu zuen Midi-Libre egunkariak 2016ko urriaren 13an. Sud-Ouest taldekoa, Midi-Libre esatea Montpellier inguruan Diario Vasco edo Correo esatea da. Prisca Borrellek sinatutako kronikak zioen: “Herault departamenduko tumoreen erregistroaz azken azterketa ezagutu da. Ez da Ocréal erraustegiarekiko zuzeneko loturarik demostratu baina patologiak hor daude eta ondorioak kezkagarriak dira. […] Bai, minbizi kasuen ugaritzea izugarria da eskualdean, baina ez dago frogatuta erraustegiagatik denik”.

Irakurleak gatazka kokatzeko: Donostiatik 580 kilometrora –bost ordu eta erdira kotxez joanda, Marseillara bidean– Herault departamenduan Montpellier hiriak 280.000 biztanle dauzka, metropoliak 590.000 biztanle biltzen ditu. Hondakinak kudeatzeko dauzka, azpiegitura gehiagoz gain, Ametyst TMB planta eta hiriburutik 15 kilometrora Lunel-Viel herriko erraustegia. Bion inguruan dago eztabaida, baina iritzi publikoa bereziki kezkatu duena erraustegia da.

Francis Glemet: "Erraustegiei ezartzen zaizkien kutsadura mugak zaharkituta eta motz geratu dira, ez dituzte biltzen
azken hiru hamarkadatan zientziak ikasi duena ez disruptore endokrinoen mekanikaz, ez kutsagai askoren pilaketaren eraginez".

INVS Frantziako Osasun Publikoaren Institutuak eskatuta burutua zen hautsak harrotu dituen dossierra: “Herault departamenduko tumoreen erregistroa: etxeetako zaborrentzako Lunel-Viel udalerrian dagoen erraustegiaren gune geografikoko kantzerretan zentratutako azterketa deskriptiboa”. 2010ean martxan jarri eta geroztik berrikuntza ugari gehitu dioten erraustegiaren ingurua aztertu zuten lau eremutan: fabrikatik 5 kilometro arteko ingurunea, 5etik 10 kilometro artekoa, 10etik 15 kilometro artekoa eta haizeen joera nagusiek eragindako eremua.

Midi-Librek tentu handiz “erraustegiarekiko zuzeneko loturarik demostratu” ez zela esan arren, agintariak behartuta aurkitu ziren eskualdeko Osasun Agentziari berri ematera, eta honek Lunel-Vieleko erraustegiaren jarraipen batzordearen bilera deitu zuen 2017ko apirilaren 24an, tumoreen erregistroak aurkitutakoa aztertzeko, alegia, erraustegitik 5 eta 15 kilometro arteko eremuan ageri dela zenbait tumoreren ugaritze nabarmena: Ez-Hodgkin linfomak, ehun bigunetako sarkomak, leuzemiak…

Agintariek bildutako batzordean dago AMIES Ingurumenaren eta Osasunaren aldeko Medikuen Elkartea ere, aspalditik ikertu eta salatzen dituena Luneleko erraustegiaren arriskuak. Francis Glemet farmazian doktorea da AMIESen bozeramailea, eta Frantziako Gobernuaren solaskideetako bat den CNMSE Osasuna eta Ingurumenaren aldeko Medikuen Koordinakunde Nazionalaren bozeramaile ere bada.

Glemetek ARGIA errezibitu du bere etxean, berretsi dizkigu hainbat elkarrizketa eta hitzalditan esandakoak, eta Lunel-Vieleko Ocreal erraustegiraino eraman gaitu. Han bertan adierazi duenez –bideoz bilduta daude Glemeten hitzak–, kutsadura Europak ezarritako mailaraino mugatzeko aurrerapen guztiak dauzka… eta hala ere alarmak piztu ditu.

Herault departamenduak deitu zuenean, iazko udaberrian, erraustegiaren jarraipen batzordea, AMIESek bi aditu independente ezagun eraman zituen beren lekukotasuna eskaintzera: Charles Sultan pediatra endokrinologoa eta Mariette Gerber Montpellierreko Kantzer Institutuko ikertzailea.

“Sultan doktoreak esan zuen –kontatu du Glemetek– ez bada zerbait azkar egiten, hondakinen kudeaketan bestelako metodoetara aldatu ezean, osasun alorreko hondamendira goazela, diruz eta jendearen osasunez garesti aterako zaigun katastrofera, dioxinak eta horien hurbileko kutsagarriak disruptore endokrinoak direlako”. Adituek, gainera, nabarmendu zuten minbizien erregistroaren jarraipena ez dela gaiaren zati bat baizik, bai minbiziei dagokienez eta zer esanik ez errausketak eragin ditzakeen beste hainbat eritasunez, esaterako haurrek jaiotzean dakartzaten uretrako malformazioak, “hauen arriskua 3 bider handiagoa baita erraustegien inguruetan gainerako lekuetan baino”.

Sultanek dioenez, arazo larrienak behar bada ez dira ikusiko ondorengo hamar-hamabost urteetan, “baizik eta bi edo hiru belaunaldi beranduago, Distilbenoarekin gertatzen ari den moduan”. Distilbenoa (Diethylstilbestrol) hormona sintetiko bat da, 1940tik 1970era artean AEBetan eta Europako zenbait herrialde aurreratutan –horregatik ez garai hartan Hego Euskal Herrian– emakume askori haurdunaldian eman zitzaiena ustez abortu arriskuak saihesteko; 1971n galarazi zuten kalteak hartu zuen amari ez baina alabei eta bilobei eragiten dizkien botika kaltegarri hau.

Sultanen aburuz, erraustegiei ezartzen zaizkien kutsadura mugak –labeek isuritako bi mila pozoietatik lau dozena baino ez kontrolatzeaz gain– zaharkituta eta motz geratu dira, ez dituzte biltzen azken hiru hamarkadatan zientziak ikasi duena ez disruptore endokrinoen mekanikaz, ez kutsagai askoren pilaketaren eraginez.

Mariette Gerber: “2003ko ikerketa hartan demostratu genuen kantzerrik ugarienak ez direla gertatzen justu dioxina pilak handienak diren eremuetan. Disruptore endokrinoek ezaugarri hori dute, dosi ertain eta ahulagoetan eraginkorragoak izatea”

Erraustegi zaharretan eta berrietan, kantzer mota berak

AMIES elkarteak aurkeztu duen bigarren aditua Mariette Gerber doktorea da. Narbonan mintzatu da ARGIArekin. Gerber ezaguna da erraustegiek osasunean dauzkaten eraginez interesatzen diren medikuen artean: Montpellierreko Kantzer Institutuarentzako 2003an egindako ikerlan ezagun batean erakutsia zuen errausketaren eta emakumeen bularreko minbizia gehitzearen arteko lotura, zehazki Sète eta Perpinyàko erraustegien inguruan, Montpellierretik hurbil. Aurreko belaunaldiko erraustegiak zeuden haietan, 1972 eta 1990 artean eraikitakoak, eta haien inguruan ugaritzen ziren mielomak, Ez-Hodgkin linfomak, bularreko eta biriketako minbiziak. Lunel-Vieleko erraustegi modernoagoaren inguruan antzeko argazkia osatzen ikusteak, gaixotasun berdintsuekin, atentzioa deitu zion Gerber doktoreari.

Bi kasuetan, gainera, erraustegi zaharretan bezala berrietan, bularreko minbiziaren kasuan paradoxa bera aurkitu dute ikerketek: erraustegitik 5 kilometro baino gutxiagoko eremuan minbiziak ez dira ugaritzen eta bai, aldiz, 5 eta 15 kilometro artean. “2003ko ikerketa hartan demostratu genuen kantzerrik ugarienak ez direla gertatzen justu dioxina pilak handienak diren eremuetan. Disruptore endokrinoek ezaugarri hori dute, dosi ertain eta ahulagoetan eraginkorragoak izatea. Dosi handiagoetan giza gorputzaren errezeptoreak blokatzen dituzte, hala frogatu zen Sevesoko istripu larri hartan ere”.

Glemer doktoreak ohartarazi du kantzerren benetako errealitatea gordinagoa dela agintariek erakutsi duten Errejistroak biltzen duena baino. Analisi epidemiologikoa desitxuratzen du erraustegia martxan jarri ondorengo lehenengo urteak kontatu izanak: kutsagarrien ondorioak 10 edo 15 urte beranduago azaltzen direla jakinda, 2000n hasitako arazo baten kalteak 2005etik aurrera hasiko dira agertzen, askoz beranduagora arte jarraitzeko. Horregatik, dio Glemerrek, minbizien ugaritze errealak datu horietakoa baino handiagoa izan behar du errealitatean.

Glemerrek bere lekukotasunean argudiatu zuenez, agintariek Lunel-Vieleko aferan bi aukera dauzkate. Edo ikerketa berriak egiten dituzte, baina hori diru asko kostatuko da eta denbora pasako da bien bitartean. Edota prekauzio printzipioa aplikatu behar dute eta erraustea eten.

Charles Sultan: "“Kalteek gutxienez bi-hiru belaunaldiz iraun dezakete eta gizonezko antzuak sortzen ari gara, hau bonba bat da”

Jaiotzerakoan malformazioak

Minbizia ez da, ordea, hondakin erreketak eragiten duen kezka bakarra. Charles Sultan Montpellierreko Ospitale Unibertsitarioan endokrinologia pediatriko saileko arduraduna da eta 2015ean bera buru duen ikerketa taldeak haurrek kutsaduragatik jaiotzean ekar ditzaketen malformazioen azterlan bat argitaratu zuen European Urology aldizkarian. Zehazki, aztertu dituzte hipospadias izeneko malformazioa dakarten mutikoak: zakila gaizki formatua ekartzeaz gain, pixa egiteko zuloa ere ez dakarte behar den lekuan. Sultanen ekipoak erakutsi duenez, hipospadias kopuruak ohikoen dobleak dira erraustegien 5 eta 10 kilometro arteko eremuetan.

Hainbat elkarrizketa, idatzi eta hitzalditan Sultanek ohartarazi du pestizida, kosmetiko eta bestelako kutsagarri endokrinoen arriskuez: “Gure zerbitzuan ez da inoiz gaur adinako mikro-pene kopururik ikusi mutiko jaioberrietan”. Paraleloan, neskatoetan ugaritzen dira hileko eta bularren hazte goiztiarrak eta hormona sistemaren nahasteak eragindako beste arazo asko. “Kalteek gutxienez bi-hiru belaunaldiz iraun dezakete eta gizon antzuak sortzen ari gara, hau bonba bat da”, dio Sultanek. Gaixotasun gehiagorekiko loturak azalduko direla ziur dago: “Dioxinek eraginik handienak dauzkate gaixotasun endokrinoetan, tiroidea, diabetea, obario eta testikuluen malformazioak… Gaur badakigu dioxinek kalteak eragiten dizkiotela ugalkortasunari, baina hau ez da icebergaren puntta baizik”.

Lunel-Vieleko erraustegiaren historia gatazkatsua

Lunel-Vieleko Ocréal errauste planta 1999an jarri zuen abian Entre Pic et Etang eskualdeko herri elkargoak. Bere bi labeen artean urtean 120.000 tona zabor nahasi kiskaltzeko dago prestatua. Suez Environment multinazionalaren adarra den SITA (lehen Novergie) korporazioak kudeatzen du. Suez-SITAk erraustegiak mundu osoan dauzka eta bereziki indartsua da bere sorterrian, Frantzian, milioika biztanleren milioika tona zabor bildu eta kiskaliz. Suez esatea da munduko zerbitzu publikoen kontratetan liderretakoa den multinazionala izendatzea: 15.200 milioi euroko sarrerak 2016an, 623 milioiko irabazi garbiak, 82.300 langile…

"Kantzer kasu gehiago Lunel-Veieleko erraustegiaren inguruan" izenburua eman zion 'Midi-Libre' egunkariak.

Beste erraustegi askorena bezala, Lunel-Vielekoaren historia ere gorabehera eta gatazkaz betea dago. 1995ean agintariak eskualdeko proiektua diseinatzen hasi zirenetik, ugariak izan ziren herritarren mobilizazioak haren kontra. Gorabehera askoren ondotik 1999an martxan jarrita, 2005ean prefetak geldiarazi zuen araututakoa baino dioxina gehiago isurtzeagatik; hiru hilabetez eduki zuten zerratua. Tartean obra garestitu ere egina zen: hasieran aurrekontuan kalkulatutako 39 milioiak denborarekin 80 milioitara iritsi ziren, Berdeak eta beste zenbait taldek salatu zutenez.

Berriro martxan jartzeko baimena lorturik, 2007an anulatu zuten epaileek. Heraulteko prefetak hilabete behar izan zuen behin-behineko baimen berria emateko. Hainbat elkartek auzitara jota, azkenean Estatu Kontseiluak 2011n erabaki zuen prefetak emandako baimen guztiak legearen kontrakoak zirela, ingurumenari egindako kalteen ebaluazio txukunik ez zeukatelako.

Parisko epaile gorenek eta Estatu Kontseiluak hautemandako bestelako okerrak zuzentzeko inbertsio berriak egin zituzten erraustegian, beti ere haren jabe den Entre Pic et Etang mankomunitateak pagatuta, herritarrek beren zergaz alegia. 2011n Laurent Radisson kazetariak Actu-Environement kazetan idatzi zuenez, “1995eko hasierako kontratua sei aldiz aldatu zuten 1997 eta 2000 artean, ondoren beste lau aldiz gehiago 2003 eta 2007 artean”. Hala eta guztiz ere, 2012an prefetak berriro eman zion baimena Suez-SITAren plantari.

Lobbyen presioa eta polizien errepresioa

2016ko udazkenean zabaldu zuen prentsak departamenduko kantzer erregistroak aurkitutakoen berri eta, hasieran esan dugunez, 2017ko udaberrian deitu zuten agintariek erraustegiaren jarraipen batzordea. Baina eztabaidak beste jauzi bat egin du azaroaren 19an, jarraipen batzordea berriro bildu denean. Tarte horretan zerbait gertatu da, zeren eta osasun agintariek erabaki dute udaberrian zenbait tumoreren ugaritzea ikusten zen ikerketan orain ez dela ezer nabarmenik ageri. Bertan behera utzi dituzte ikerketa gehiago egin eta erraustegiaren inguruko udal agintari eta herritarrekin informazioa partekatu eta elkarrizketa saio bat irekitzeko planak. Zer dela eta?

2019an agintariei dagokie erabakitzea erraustegiaren kontrata berritzea eta industrialek bezala administrazioak ondo lotu nahi dute kontua, hondakinak errausteko baimena 2030era arte iristen delako. Europa osoan bultzaka ari dira kontrata publikoen eta errausketaren lobbyak eta erabakiak hartzeko unea iritsitakoan, Parisko gobernuaren ordezkari boteretsuak diren prefetek gogor egiten dute. 2017an presio handiak jasan dituzte Lunel-Vieleko labeak auzitan jartzen dituzten aditu eta medikuek. AMIESeko bozeramaile Francis Glemetek ARGIAri aitortu dio berari berriki gertatutako hau. Lunel-Vieleko udalarekin elkarlanean mahai-inguru bat antolatu dutenean adituen iritziak entzuteko, poliziaren RG Informazio Brigadaren deia jaso zuen etxean, bileraren xehetasunez galdezka, ea “bazterrak nahasteko asmoa zuten” galdezka. Frantzian inork ez du bromatan hartzen Renseignements Généraux-en dei bat.

Medikuak ez dira isildu: “Zer egin behar dugu kalteen datuak agertzen hasi direnean, 10 urtez gehiago jarraitu jendeak kutsatzen?” galdetzen du Glemetek. “Eskualdeko agintariei aipatzen diegu badaudela hondakinak bestela kudeatzeko moduak, begiratzeko San Franciscoko Zero Zabor ereduari… baina erantzun digute ‘haiek haiek dira, eta gu gu gara’”. AMIESeko medikuek prekauzio pintzipioa aplikatzea eskatzen dute eta Lunel-Vieleko erraustegia berehala itzaltzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Minbizia
2024-01-14 | Leire Artola Arin
Minbiziaren ginkanan, pertsona zelulen aurretik jartzeko aldarria

Minbizia. Mediku bat zuri begira hitz hori ahoskatzen entzuten duzunean amildegi bat zabaltzen zaizu erraietan. Aldakek dar-dar eta aldaketarako indar falta”. Izan Iñurri elkarteko kideak horrelaxe hasten dira definitzen gero eta ohikoagoa den gaixotasunak... [+]


Eguneraketa berriak daude