Letra txikiaren zepoan harrapatuta

  • Joan den larunbatean, hilak 20, Bergarako laugarren instrukzio-epaitegian deklaratu behar zuen Jesus Mari Txurrukak. Bere aitonaren anaia Hanburgoko kontzentrazio zelai batean hil zen 1945ean, eta birramona berriz, faxistek hil zuten bederatzi urte lehenago, Elgetako haren baserrian hotz-hotzean tirokaturik. Baina ez du deklaratuko. Ez berak ezta urtarrilean zehar epaitegitik igaro behar zuten frankismoko biktimen beste 13 senideek ere.

CEOE

Pasa den abenduaren 26an ekitaldi zaindu batean sinatu zuten Espainiako Gobernuak, CEOE eta Cepyme enpresarien elkarteek eta UGT eta CCOO sindikatuek gutxieneko soldataren inguruko akordioa: 2018an %4 igoko da, 2019an %5 eta 2020an %10. Egun 707 eurotan dena, 850 eurora iritsiko litzateke hiru urte barru beraz.

Madrilgo argazkiarekin batasun eta adostasun irudia erakutsi nahi izan zuten, lan prekarietateaz kezka gero eta handiagoa denean: “Igoera ezartzeko, kontuan izan dira ekonomiaren baldintza orokorretan izandako hobekuntzak”, azaldu du Espainiako Gobernuak errege-dekretua onartzerakoan. Unai Sordo Espainiako CCOOko idazkari nagusiak, bere aldetik, esan du negoziazio kolektiboan soldata igoerak lortzeko “akuilu” gisa balioko duela akordioak. Baina azken orduan gehitutako klausulek eta letra txikiak agerian utzi dute, beste behin, botere ekonomikoek zepoan harrapatuta dituztela.

Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata erreferentzia garrantzitsua da, ez bakarrik hitzarmen bidezko soldatak ezartzeko, baita herritarrei oinarrizko errenta batzuk ziurtatzeko ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) gutxieneko soldatari lotua dago eta igoera horren arabera egin beharko litzateke teorian –praktikan ordea, DSBEak atzera egin du eta gutxieneko soldataren %88 izatetik %75 izatera igaro da hamar urtean–.

Espainiako Estatuan, badira urteak laguntza sozialak neurtzeko beste indize bat erabiltzen dena: IPREM. Indize hori izoztuta dago eta abenduaren 26ko akordioak ez dakar haren igoerarik. Hala, gutxieneko soldataren eta laguntza sozialak jasotzen dituztenen arteko aldea handituz doa, herritarren zati bat bazterkeria sozialean erortzeko arriskua bezainbeste.

Kritika zorrotzenak akordioaren letra txikiko bi zatik jaso dituzte. Alde batetik, igoerak ez die eragingo lanaldi partzialeko kontratua dutenei –ordaindu gabeko ordu estra gehien egiten dutenak, hain zuzen– eta autonomoei –enpresa bakarrarentzako aritzen diren autonomo faltsuak izanagatik ere–. Gainera, gutxieneko soldata erreferentzia gisa hartzen duten hitzarmen kolektiboetan ere ez da aplikatuko igoerarik. Orduan, zenbat langilez ari gara? CEOEk onartu du 136.000 eskas izango direla akordioaren onuradun zuzenak.

Europako trenaren azken bagoian

Nolanahi ere, igoerarik ez da izango Gizarte Segurantzan urtero 450.000 lagunek izena ematen ez badute eta Espainiako BPGa %2,5 ez bada hazten. Lehen baldintza erraz gaindituko dela dirudi, lan-merkatuaren prekarizatze basatiaren ondorioz –enplegu duin batetik bi edo hiru prekario egin daitezke oraingo legeekin–. Bigarrena bestelako kontua da. Kasik ziurra da aurten hazkundea %2,5ekoa izango dela, baina 2019an eta 2020an ez da horretara iritsiko, Europako Batzordeak egindako aurreikuspenen arabera. Eta hain justu azken urte horretan hitzartu da gutxieneko soldataren igoera handiena (%10).

Baina batez ere baldintzak jartzeagatik beragatik jaso dituzte besoak zenbait ekonomialari kritikok: “Sinpleki, gutxieneko soldataren igoera ezin da hazkunde ekonomikoaren menpe egon. Herritarren eskubideez ari gara, demokraziaz, duintasunaz, pobreziaren eta bazterkeria sozialaren kontrako borrokaz…”, azaldu du Fernando Luengo ekonomialariak La Marea egunkarian.

Azken urteetako igoera handiena izango den arren, eskasa da oraindik, krisi garaian gutxieneko soldataren bikoitza garestitu baita bizitza. Europako Karta Sozialak dio gutxieneko soldatak batez besteko soldataren %60 izan beharko lukeela. LABek 2014ko Eurostat-en datuak eskuan kalkulua egin zuen eta Hego Euskal Herrian %31ra ez zen iristen –Europako azken postuan legoke–; Espainiako Estatukoa %34,3 da eta Frantziako Estatukoa %47,9. Ipar Euskal Herriaren eta Hegoaldearen arteko aldea, prezioen zenbatekoa alde batera utzita, 701 eurokoa da (ikus goiko grafikoa).

ELAk eta LABek gogor arbuiatu dute akordioa. Lehenak gogorarazi du Gobernuak aurrez erabakita zuela igoera eta, elkarrizketa soziala “faltsukeria” iruditu zaio. LABek esan du igoerak handiagoa behar duela izan eta “inolako baldintzarik gabea”.

Azken bi lan erreformen ondorioz gertaturiko prekarizatze masiboaren aurrean, ikusi dugun bezala halako akordioak ezdeusa dirudi soldaten igoera orokor bat ekartzeko, baina sikiera eztabaida hauspotzeko balio izango du: berrikitan Bartzelonako EADA negozio eskolak argitaratutako ikerketa baten arabera, 2017an langileek %0,27 ikusi zuten murrizturik euren soldata Espainiako Estatuan; enpresetako zuzendaritza karguek aldiz %0,28ko igoera izan zuten eta erdi mailako arduradunek %2,72koa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


2024-02-15 | ARGIA
Langile bat hil da Olaztiko zementu-enpresa batean

Ostegun eguerdian gertatu da ezbeharra Cementos Portland enpresan, Olaztin. Urtea hasi denetik 15 langile hil dira Euskal Herrian.

 


Hiru egunetik behin langile bat hil da Euskal Herrian, urtea hasi zenetik

Durangon 47 urteko langilea hil da asteartean eta jadanik istripuz hildako 14. behargina da aurten Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera. Fumbarri lantegiko teilatuan lanean ari zela erorita hil da langilea eta azpikontrataturiko enpresa batentzat ari zen. Sindikatuek... [+]


Eguneraketa berriak daude