Joxan Artze nostalgiatik harago

  • Albistea urtarrilaren 12an iritsi zen erredakzioetara: “Joxan Artze hil da, euskal poesiaren berritzaile eta Ez Dok Amairuko kidea”, titulatu zuen presaz hedabide honek edizio digitalean. Geroztik pieza periodistiko ugari argitaratu dira idazlearen ibilbideaz, hedabideek osatu dute Artzeri buruzko argazki orokorra. Kointzidentziak ez dira gutxi izan. Baina, zer geratu da kanpoan? Eta zergatik? Zenbaitentzat deserosoa izan daitekeen Artze bat ere badago, aho batez txalotu duten poetaren atzean.

Hasi euskal kulturari garrantzia ematen dioten hedabideetatik eta bukatu Artze nor zen jakiteko Wikipediara jo behar izan duten kazetetaraino, poetari buruzko diskurtsoan nabarmendu da zer lan egin zuen 1960ko hamarkadatik aurrerako euskal kulturaren berpizkundean Ez Dok Amairuko kide gisa; edo nola aritu zen txalaparta berreskuratzeko eta duintzeko ekinean, Jesus anaiarekin batera. Eta nola ez: Txoria txori eta Gure bazterrak, Mikel Laboak kantatuta euskaldunentzat himno bilakatu ziren Artzeren hitzak. Baina badago Artze gehiagorik “kontakizun bateratu” horretatik harago, egunotan aipatu diren haren liburuetako batzuetan sartu-irten huts bat eginda konprobatu daitekeen moduan. Besterik da ur horietan murgilduta, guztiek txalotzen duten poeta ez ote den batzuentzat deseroso xamarra bihurtzen.

Ez dira askorik aipatu, adibidez, langileek jasaten duten zapalkuntza eta alienazioaren inguruan Artzek bere lehenbiziko liburuetan idatzi zituen poema indartsuak. Garaiko abangoardien ildoan, poesia konkretua deitu izan zitzaionaren antzeko proposamenak zekartzan usurbildarraren estreinako argitalpenak, Isturitzetik Tolosan barru-k (1969, autoedizioa). Horietako bat zen lanalanalana gisa ezagun dena, zeinean makinaria industriala bezala agertzen den “lana” hitza, behin eta berriz errepikatua, tarteka “gizona” hitzak lekurik ba ote duen galdetuz –orduan oraindik “pertsona”-ren sinonimo gisa erabiltzen zen–, berriz ere makinaren monotoniak zanpatu aurretik.

Artzeren aspektu horrek, beste ale batzuetan ere ageri denak, gaur egungo irakurle askoren bizi-esperientziarekin konektatu dezake. Orduko obreroari bezainbeste ari baitzaio gaurko langile prekarioari, Laino guztien azpitik (1973, autoedizioa) liburutik hartutako beste honetan ere:

Gizona
jana
lana lanagatik jana
makina janagatik makina
nun da GIZONA ?
lepazamarretik heldu genion gizatasunari
eta mundura, nola hegoak
zabaldu genituen leihoak

Kapitalismo industrialak eskaintzen zituen garapen eta ongizate promesen ifrentzua irakur daiteke lehen liburu haietan. Jon Kortazar literatur kritikariak duela hogei urte Lapurdum aldizkarian publikatutako artikulu batean esplikatzen zuenez, lanak deshumanizatu egiten gaituela azpimarratzen du. Baina lantokitik kanpoko alienazioaz ere ari da, besteak beste kontsumismoa jo-puntuan jarriz; edo burgesiari sarkasmoz begiratuz –“gure kale kantoiko / bitxidun / atso lepo zuriak / hala zion: / «eskaleen beharra dago munduan, / bestela / norengan egingo genduke karitatea?»”–; edo fabriketako kutsadurak naturari eragindako hondamena seinalatuz. Eta ez abstraktuki: Artze etxe ondokoaz ari da, Oria ibaiaz, Isturitzetik Tolosan barru-n.

ORIA
odola
herri baten odol usteldua;
hor zoazi
zorne maindireaz estalirik
beldurraren kiratsa dariozula

Kortazarrek esplikatzen duen moduan, “Oria ibaia Artzeren poemetan ez da soilik izadi erabili eta lohitua, herri osoak sufritzen duen menpekotasunaren sinbolo ere bada neurri handi batean ibaia”.

Erretratua osatzeko enkoadre bila

Artze hil ondorengo kontakizun mediatikoan bigarren planoan geratu da, asko jota, poetaren alderdi hori. 1960ko hamarkadan hasi ziren beste sortzaile batzuekin bezala, zati bat baino ez da hartu oraingoan ere, gaur egungo agintearen markoan kabitzeko isolatu behar dena hain zuzen: aitona xume eta sinpatiko bat, txoriei buruz idazten zuena, gure bazter ederrez; tradizioaren eta modernitatearen artean kokatutako norbait, egun egiten diren zenbait ikuskizun neo-folkloristen ildoko poesia egin izan balu bezala. Gauza polit eta kaltegabeak idazten zituen Artze bat, apenas problemarik planteatzen duen obra, edukiz hustuta presentatzen zaigulako.

Ahazten da sortzailea uneoro inguratu zuen klima soziala; ez da aipatzen nola puskatu zuen edukiz eta formaz euskal poeta batengandik espero zitekeenarekin. Hari buruzko diskurtsoa osatzen da bertsio murriztu bat erabiliz, gaur egungo tentsio sozialekin eta kulturgintza aurreratuenarekin loturarik egiteko aukerarik utzi gabe. Artzeren garaiari eta obrari buruzko irakurketa nostalgikoak besterik ezin dira atera hortik, publikoa hondoratzen dutenak itxita dagoen mitologia kolektibo batean.

Ez Dok Amairuri buruz hitz egitean behin baino gehiagotan errepikatu den operazioa da: talde horretako kideek utzitakoaren alderdi “zintzoa” bakarrik sartzen da garaiari egiten zaion argazkian. Gaur egun oraindik deserosoak izan daitezkeenak bazterrean geratzen dira. Nork hitz egiten du, adibidez, artistek duintasun ekonomiko minimo bat lortzeko egin zuten eskariaz “Gure jokabidearen berri” izeneko testuan? Geroztik egin diren kultur politiketan guztiz konpondu gabe geratu diren auziak direlako izango da, beharbada? 

Baina horrelako kontuak izan behar lirateke, beharbada, 50 urte atzera begiratzean azpimarratu beharko liratekeenak, sortzaileek ez dutelako ibilbidea hutsaren gainean egiten, bizitzea egokitu zaien testuinguruarekin dialektikan baizik. Tentsio horretan, Artzek eta konpainiak marraztu zuten izan zitekeen Euskal Herri bat, existitzen ez zen zerbait, eta jendaurrera eraman, posiblearen mugak zabalduz. Laino guztien azpitik-en berak esan zuen egokien:

Gure borroka
denbora eta lur honetako da.
Geuk egin beharrekoa
geuk ez ezik
beste inork egin ez lezakeena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Joxan Artze
2021-06-27 | Xalba Ramirez
Komunikazioa-inkomunikazioa: tradizioa eta abangoardia

Beñat Achiary, Bartzelonara bidean zen Artze anaiekin, ikuskizuna eskaintzera, txalaparta eta ahots inprobisazioa abangoardia ziren garaian –eta ez soilik ekitaldietarako betekizuna–. Auto motela, errepide luzea, aulkia erdi etzana, eguzkia kopetan, eta... [+]


Literaktum 2019: feminismoa eta literatura uztartuta

Azaroaren 11tik 24ra bitarte “literatura eta feminismoaren binomioa jaialdiko ardatz nagusia” izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.


2019-02-26 | ARGIA
Loraldiaren bosgarren edizioak euskal kulturaz beteko du Bilbo

Astearte goizean aurkeztu da Loraldia Festibalaren bosgarren edizioa, "Sentikariz blai!" lemapean.


Artze omentzeko, musikari esperimentalak elkartuko dira Kafe Antzokian

Iazko urtarrilaren 12an hil zen Joxan Artze, euskal poesiaren XX. mendeko berritzaile nagusienetako bat izan zena. Heriotzaren lehen urteurrenarekin bat eginez, emanaldi berezia prestatu dute Bilboko Kafe Antzokian.


2018-01-28 | Jakoba Errekondo
Ez txuri ez zuri, xuri

Lore xuriak zituzten landareen izenen galdezka nuen azkenaldi honetan Joxe Anton Arze, euskal paisajista ederrenetakoa. Honezkero bere argi xuri minean da.

Poeten lilipa (Narcissus poeticus), izar-belar arrunta (Stelaria holostea), elorri zuria (Crataegus monogyna), elorri... [+]


Eguneraketa berriak daude