Iruñeko Alde Zaharrean dauden kamera finko guztiak mapa batean kokatu ditu blogari batek

  • Alberto Matxain Alde Zaharreko bizilagunak ehundik gora kamera zenbatu ditu eta Google Maps-en kokatu ditu guztiak. Gutxienez begi bistan daudenak. Ekimen honekin kamera hauen inguruko eztabaida piztu nahi izan du.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2018ko urtarrilaren 17an - 15:41

Goian ikusten duzuna, Iruñeko Alde Zaharreko mapa da, eta puntu bakoitza kalean begi bistan dagoen kamera bat da. Alberto Matxain Iruñeko blogari eta ezker abertzaleko militanteak egindako mapa da, eta bere Kontraesana webgunean argitaratu du.

Matxainek egin duen kontaketan ehundik gora kamera agertzen dira, 11.000 biztanlera iristen ez den auzo batean. Eta norenak dira kamera horiek? Udalarenak eta Nafarroako Gobernuarenak, baina badira pribatuak direnak ere: hotelak, dendak, bakuetxeak, tabernak... kamerak non-nahi eta kalean gertatzen den guztia grabatzen, 24 orduz, urteko 365 egunetan. Hauek ez dute atsedenik hartzen. Azken hamahiruak, Iruñeko Udalak jarri zituen auzoan trafikoa murrizteko planaren baitan, kotxeen sarrera-irteerak kontrolatzeko.

"Alde Zaharrean bizi naiz eta Alde Zaharrean egiten dut lan. Etxetik lanera sei minutu ditut, eta zazpi kameraren aurretik pasatzen naiz. Monitorizatuta bizi naiz", dio Matxainek, eta "zu ere bai" aipatzen du bere blogaren artikuluan. Izan ere, Nafarroako Gobernuak 1.041 kamera ditu Nafarroan barreiatuta, haietako 495 Iruñean. Iruñeko Udalak 200 baino gehiago ditu, Diario de Navarrak abenduaren 9an argitaratutakoaren arabera. Kamera pribatuak ehunka dira. Eta hori ez da soilik "fenomeno nafarra", ezta gutxiago ere. Euskal Herriko hiri eta herri handietan errepikatu egiten den fenomeno bat da, noski.

Kontrol soziala eta eskuinaren eredua

Baina zergatik daude hainbeste kamera 11.000 biztanle biltzen dituen auzo batean? Azalpen bat hau izan daiteke: eraikin publiko ugari dagoela Alde Zaharrean. Udaletxea, Nafarroako Artxibategia, Nafarroako Museoa, Hezkuntza Saila, Hizkuntz Politika Saila, Hizkuntz Eskola, Liburutegi Publikoa… gehienek kamerak dituzte perimetroa inguratzen. Haietako batzuk elkarren ondoan daude eta kale berean kamerak pilatu egiten dira, Santo Domingoko jaitsieran bezala.

Ezin da ahaztu ere Iruñeko erdiguneak beste edozein auzok baino jende gehiago biltzen duela, erosketak, poteoa, edo asteburuko parrandak direla-eta. Eta Sanferminen bihotza ere badela, eta Alberto Matxainek bere artikuluan gogoratzen duen bezala, kamerak determinanteak izan omen ziren “La manada” delakoa atxilotzeko garaian, Madrilgo neska bat sexualki erasotzeagatik. Baina kamera hauen jatorria eraso sexualak ekiditea ez zela izan argi dago. Iruñea, duela gutxi arte, UPNren agindupean izan da, eta kontrol sozial zorrotza ezarri zuen alderdi erregionalistak herri mugimendua jazartzeko eta disidentziarekin bukatzeko.

"Gaia konplexua da", onartzen du Matxainek, eta erpin asko dituela azpimarratzen du. Horrexagatik ez du uste proposamen sinplistek eztabaida aberastuko dutenik. "Alde Zaharreko ehundapiko kamerak segurtasun eredu baten eta eredu sozioekonomiko baten adierazpena dira: eskuinaren eredua, desberdintasun sozialen eta kontrol sozialaren eredua. Eta eredu horri ez diogu legegintzaldi bakar batean buelta emango, ezta soilik instituzioetatik ere, baina ezta tabernako kritikatik edota planteamendu utopikoetatik ere", nabarmendu du egindako lan honekin.

Instituzioen ardura badela argi du blogariak, baina bereziki, eta eztabaidari hasiera emateko, Matxainek auzokideen teilatuan ikusten du pilota. "Auzokideen sektore garrantzitsu batek ez badu beharra ikusten, ez diogu buelta emango" egoera honi, eta egunero, bere etxetik lanera joaten denean, gutxienez zazpi aldiz agurtu beharko dio objektiboari.

Albiste hau Ahotsa.info-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontrol soziala
"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Gasteizko Udalak ia 40 milioi euro bideratuko ditu segurtasun arloko langileen soldatak ordaintzera

Iñaki Gurtubai Segurtasuneko zinegotziak "Poliziaren Lan Eskaintza Publiko bateratua” eta “inteligentzia kamerak instalatzea” iragarri ditu 2024rako, besteak beste.


Gasteizko Udalak 117.000 euroko inbertsioa egingo du bideozaintzarako hamazazpi kameren instalazioan

Gasteizko Udalak Insitel enpresari esleitu dio hiriaren erdigunean prestazio altuko hamazazpi kameraren bidez bideozaintza sistema hornitzeko, instalatzeko eta konfiguratzeko kontratua. Besteak beste, Andre Maria Zuriaren plazan, Plaza Berrian eta San Frantzisko aldapan jarriko... [+]


Zaintza-kamerek ezkutatzen dutena

Gasteizen, beste hiri batzuetan bezala, zaintza-kamera berriak jarri nahi dituzte, baina ez digute horien benetako ezaugarririk kontatzen. Are larriagoa da ez dizkigutela azaltzen benetako arrazoiak zein diren, ezta kamerek nori egiten dioten mesede ere. Gaia orokorrean... [+]


X sare sozialak erabiltzaileen datu biometrikoak jasoko ditu, segurtasunaren izenean

X sare sozialak (orain arte Twitter zenak) bere pribatutasun politika aldatu du eta erabiltzaileen ezaugarri fisikoak ere bilduko ditu, besteak beste, aurpegi-ezagutzaren bitartez.


Eguneraketa berriak daude