argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian ere ba al da “koskadarik”?
  • Egunotan hiru gertaera judizialek bat egin dute “koskadekin” edo obra publikorako kontratatzen ziren enpresei kobratutako komisio ilegalekin zerikusia dutenak.

Juan Mari Arregi 2018ko urtarrilaren 23a

Lehena, Gurtel auzia. Bigarrena, Kataluniako Palau auziko sententzia bat, zigortzen duena Covergència Democràtica de Catalunya izandakoa –orain PdCat– 6,6 milioi euro ordaintzera, obra publikoetan komisio ilegalak kobratu eta alderdia finantzatu zuelako. Bere lau arduradunen kontra zigor kartzela ere ezarri du epaiak.  Eta hirugarrena, EAJren inguruko 26 lagun –horien artean Alfredo de Miguel Arabako Tokiko Administrazio Saileko diputatu ohia– Gasteizen epaituak izaten ari dira De Miguel auzia dela-eta. Besteak beste, leporatzen diete 100.000 euroko komisioa kobratzea enpresa bati, kontratu publiko batzuk esleitzearen truke.

Espainiako Estatuko ustelkeriaren izebergaren zati txiki bat ari da azaleratzen, eta zenbait lurraldetan agintean dauden alderdiei eragiten die batez ere. Euskal Herria salbuespena zela pentsatzen zen. Baina badirudi ez dela horrela. Nafarroan ezagutu genuen, besteak beste, Nafarroako Kutxari loturiko kasua. Eta orain, baskongadetan, De Miguel auzia dugu epaiketa-prozesu bete-betean. EAJ prozesaturik dauden pertsonengandik bereizi nahian dabil. Baina zaila da sinestea egozten dieten zenbait delitu soilik akusatuen ardura direnik. Onura pertsonala izan zen ala alderdiarentzat ere bai?

ETA jardunean zenean, alderdi horiek “zerga iraultzailea” salatzen zuten eta estortsioa zela zioten. Orain, errealitateak pixkanaka baieztatzen digu enpresei beste zerga bat ere ezarri izan zaiela obra publikoko esleipenetan. Komisio edo omisio, gobernu eta alderdi estortsio-zaleak dira.