Sumer (Mesopotamia), K.a. XXIV. mendea. Lagasheko Urukagina erregea, boterea lortu bezain pronto, askotariko erreformak egiten hasi zen. Besteak beste, neurrigabeko zorrak barkatzea eta alargunen eta umezurtzen zerga-salbuespena jarri zituen indarrean.
Neurri horiek erakusten dute lehen zibilizazio haietan, ekoizpen soberakinak lortu bezain pronto, burokratak, zergak, zorrak, mailegatzaileak eta, beraz, nolabaiteko lehen banku-jarduerak ere agertu zirela. Eta gehiegikeriak ere bai.
Hauxe dio idazkera kuneiformean idatzitako ohol batek: “Adakalak zilarrezko 120 sikloko mailegua jaso du Urdulazagarengandik, 60tik 5eko interesarekin. Siqen hilabetean itzuliko du zenbatekoa”. Beste batzuk larriago zebiltzan eta interes altuagoak onartu beste erremediorik ez zuten: “Ziyatumen seme Irrarak Usellirengandik zilarrezko 60 sikloko mailegua jaso du, 60tik 15eko interesarekin. Zenbatekoa hurrengo ilargiarekin batera itzuliko du. Kontratuaren zina Kalki eta Adada lekukoen eta Jainkoen aurrean egin da”.
Errealitate horretan tenpluak egoera hobeezinean zeuden, nekazaritzako eta abeltzaintzako soberakinak gordetzen baitzituzten. Denboraz, soberakin haiekin espekulatzen hasi ziren eta kleroa, erregeak eta, oro har, aginte politiko nahiz ekonomikoa zutenak etekin handiak lortzen hasi ziren jarduera haiekin. Familia boteretsuek, belaunaldiz belaunaldi, dirua interes altuekin mailegatzen, merkataritza negozioetan bitartekaritza lanak egiten, besteen ondasunak gordetzen eta horiekin espekulatzen zuten, etekin gero eta handiagoak lortzeko. Esan genezake orduan sortu zirela banku jarduera profesionala eta bankari dinastiak.
1893an Pennsylvaniako Unibertsitateko ikerlariak Nippur hirian indusketa lanetan ari zirela, 900 buztinezko ohol topatu zituzten. Testuak itzuli zituztenean konturatu ziren Babiloniako Murashu familiaren hiru belaunaldiko kontabilitatea eta burokrazia kontuak zeudela jasota ohol haietan eta horrek antzinako Mesopotamian gutxienez bankari dinastia bat bazegoela adierazten zuen. Testuetan 2.500 bezeroren izenak agertzen dira eta haien esanetara 60 agente komertzial izatera iritsi zirela ere jasota geratu zen buztinean. Baita Elam lurraldearekin edo Susa hiriarekin tratutan zebiltzala ere.
Gainera, testuek jasotzen dutenez, Murashutarrak Babilonia erori aurretik (K.a. 539) ari ziren bankugintzan eta pertsiarrek, Ziro Handia buru, hiria konkistatu ondoren ere jardunarekin jarraitu zuten, erregearekin berarekin negozioak eginez. Agintean dagoena dagoela, bankariek patrikak betetzen jarraitzen baitute, eta hala izan da Antzinarotik.