Pentsioak informazioaren zurrunbiloaren erdian daude.
Haien etorkizuna “arriskuan” dago, pentsioen kutxa “agortzen” ari da, eta Espainiako Gobernuak 15.000 milioi euro “txertatu” ditu 2018an ordaindu ahal izateko. Bitartean, pentsionistek euren nominak izoztuta dituzte, hilabetean batez beste 2 euro ziztrin gehiago besterik ez baitituzte jasotzen (%0,25). Pentsionisten zati handienak mila euro baino gutxiago kobratzen du, dozenaka milaka lagunek 650 euro ere ez… Eta gainera, bi aparteko paga estretatik bat kentzeko aukeraz hitz egiten ari dira.
Pedro Sánchezen PSOEk proposamena egin du, bankuei eta finantza eragiketei zerga bat ezarri eta pentsioak ordaintzen laguntzeko. Zerga bikoitz horrekin 2.000 milioi euro bilduko lirateke urtean eta Gizarte Segurantzaren defizita (15.500 milioi euro) murriztuko luke. Sánchezek zera argudiatu du: “Espainiarrek bankuen erreskatean euren izerdiaz lagundu bazuten, justuena da orain bankuek laguntzea pentsioen sistema mantentzen”.
El País egunkaria buru duen fronte mediatikoak –bankuen zerbitzura noski– proposamena arbuiatu du, “populista” eta “okerra” dela esanez. Ikusteko dago proposamena elektoralista ala zintzoa den. Zintzoa balitz, aliantzak bilatu beharko lituzke. Eta are zintzoagoa litzateke beste proposamen bat egingo balu pentsionistei PFEZa ezabatu eta Estatuaren zenbait egitura murrizteko, bere alderdiari eragingo bailioke horrek: Errege Etxearen gastuak, Defentsarenak, alderdi politikoenak (aholkulariak, auto ofizialak, dietak, bidaiak…) –eta beren pribilegiozko pentsioak–, sindikatu eta alderdiei ematen zaizkien subentzioak ezabatu… Burokrazia horretan milaka milioi euro xahutzen dira, pentsioen sistema sostengatzeko ezinbestekoak.