Eusko Jaurlaritzaren eskariz eta Paco Etxeberriak gidatuta aditu talde batek egin duen torturari buruzko txostena, aspaldi egin beharreko urratsa zen, eta askorentzat berandu iritsi arren ongi etorria, zalantzarik gabe. Hala ere, gauzak ondo egingo badira, beste pauso askoren arteko lehena izan beharko luke honek, eta ez, itxura guztien arabera, egin nahi dutela ematen duena: arlo honekiko zorra kitatuta dagoela esan, eta tiradera baten barrenean utzi, betiko ahaztuta.
Beste pauso askoren arteko lehena izan behar lukeela esaten dudanean ez nabil abstrakzio teorikoetan, ekintza zehatzak proposatzen baizik: lehenik eta behin, torturaren biktima izan diren guztiei kalteordain moral eta ekonomikoak eskaini beharko litzaizkieke; arreta mediko eta psikologikoa, behar eta eskatzen dutenei; barka eske pribatu eta publikoak; esker emate eta aitortzak. Hori hasteko.
Berehala, baina, tortura bidez lorturiko salaketak edo autoerruduntzeak izan dituzten prozesu judizial guztien errebisioa egin beharko litzateke eta, behar denean, baita zigorren etetea ere, eta bidegabeki betetako zigorren kasuan (zenbat ote!) gutxienez desenkusak eta kalteordainak.
Horrekin batera, aldaketa legal eta administratiboak egin beharko lirateke berehala, tortura kasu gehiago gerta ez dadin: atxilotuen inkomunikazioa kenduz, atxiloaldia grabatuz eta adituek eman ohi dituzten gainerako aholkuak betez.
Torturatzaile sadiko zehatzak nor izan diren beti jakiterik ez balego ere, bila ditzagun haien lankide izan diren era guztietako estaltzaileak, eta jarduera hori babestu duten arduradun politikoak
Eta, aurrekoez gainera, urteotan izan diren tortura kasu horiek ikertu beharko lirateke benetan eta haien errudunak bilatu; egile zuzenak nor diren ez dagoela jakiterik esango du baten batek; jakina, horrelaxe antolatua egon delako dena, tortura ez zedin izan salbuespena baizik eta praktika orokor eta sistematikoa; baina, torturatzaile sadiko zehatzak nor izan diren beti jakiterik ez balego ere, bila ditzagun haien lankide izan diren era guztietako estaltzaileak, eta jarduera hori baimendu, bideratu eta babestu duten arduradun politikoak, eta ezikusia egin duten administrazio judizialeko epaile, fiskal, mediku… Torturak gutxietsi, ukatu edo ezkutatu dituzten kazetari, intelektual eta komunikabideekin zer egin behar litzatekeen ez dakit zehazki, baina bai behintzat haien erru-zatia aipatu eta nabarmendu.
Hori dena, edo hori behintzat. Gutxienekoa iruditzen zait, tortura ilegala eta arbuiagarria eta nazkagarria eta inoiz gertatu behar ez zuen zerbait dela onartzen badugu. Eta eskatzen dudan hori utopikoa edo desegokia edo ezinezkoa dela uste baduzu, atera zuk zeuk horren ondorioak.