Kataluniako balizko prozesu konstituziogilea eta errepublika feminista

  • Sardiniako filosofoak aspaldi irakatsi zigunez “Egia beti da iraultzailea” eta, horrenbestez, Kataluniako prozesuari eta handik erator litekeen errepublika feministari buruzko gogoeta hau konstatazio bat eginez hasi nahiko nuke: Katalunia ez da errepublika bat, are gutxiago errepublika feminista bat.


2018ko urtarrilaren 02an - 16:55
Ezker Independentistako emakumeak aldarrikapen ekitaldi batean.

Izango bada, orain arte sinbolikoa izan den errepublikaren aldarrikapena espainiar legalitate frankistari bizkarra ematen dion jardun politiko burujabe eta auto-zentratu baten bidez izango da, oraingoz hizketa-ekintza bat baino izan ez dena ekintza politikoz eta ondorio materialez laguntzen denean, hain zuzen ere.

Nolanahi ere, errepublikaren aldeko indar-metaketak aurrera egin eta prozesu konstituziogile zinez demokratiko bat zabalduko bada, ezinbestekoa izango da hala emakumeok (gizartearen erdia garen aldetik, hau da, geu ere herria garen aldetik) nola klase politikoaren erabaki eta neurriak pairatzen dituen langile-klaseak erabakimen osoa eta parte-hartze zuzena izatea konstituzio berriaren bidez arautuko diren joko-arau sozial, ekonomiko eta politikoak adosteko garaian, eta horiek guztiak ez gelditzea, 1978an gertatu zen moduan, zazpi gorbatadun aberatsen esku.

Parte-hartze hori benetan demokratikoa izango bada, beraz, berariazko neurriak hartu beharko dira emakumeok politikan dugun esku-hartzea mugatzen duten faktoreei —genero-sozializazioari lotutako rolei, botere-guneen maskulinizazio historikoari, zaintza-arduren ondorioz emakumeok dugun denbora urriari, besteak beste— aurre egin eta, egituraketa sozio-politiko berria definitzeko prozesuan, geure behar eta eskakizunak aintzakotzat hartuak izan daitezen. Emakumeok gobernatuak ez ezik gobernatzaile ere izan gaitezen, boterea jasan ez ezik geuk ere eskuratu eta aplikatu dezagun.

Emakumeon behar eta eskakizun horiek, ordea, ezin dira errekonozimenduaren alor sinboliko-kulturalera edo errepresentazioaren alor politikora mugatu. Errepublika feminista bat behar dugula diogunean, helburua ez baita emakumeok ordezkaritza eta zentralitate handiagoa izatea bakarrik, geure eguneroko jarduna goitik behera baldintzatzen duten bizi-baldintza materialak hobetzea baizik.

Eta nola lortzen da hori? Batetik, erakunde subiranistek behin eta berriro aldarrikatu duten “herri normal bat izan nahi dugu” leloa zokoratuz, normalitatea guztiz eta erabat patriarkala baita munduko bazter guztietan, eta emakumeon bizitzak bigarren mailako izaera izango ez duen anormaltasun feminista bat eraikitzea da emakumeok behar duguna. Alegia, politika patriarkalak estatu-politika diren modu berean, politika feministak estatu-politika bihurtu behar ditugu, geure egungo egitura juridiko eta praktika soziopolitikoak ondoriotzat dituen zapalkuntza eta bazterketa behingoz deusezteko.

Bestetik, emakumeon eta gizonen arteko berdintasunaren falazia baztertu eta geure antolamendu soziopolitiko eta ekonomikoaren egiturazko berdintasun-ezatik abiatu beharra dago, gure lege eta arauak erabakitzeko garaian errepublikak lehentasunezko helburutzat har dezan emakumeon bizia babestea eta emakumeon aurkako indarkeria ezabatzea, bizirik ez bagaude ezin baikara eskubideen subjektu izan. Bizirik egoteaz gain, bizitzea merezi duten bizitzak izan ditzagun ere, bere xedetzat hartu behar du errepublikak  emakumeok, mendeetako zapalkuntzaren ondorioz, bizitzako alor guztietan jasaten dugun diskriminazioari aurre egitea.

Hori guztia, baina, ezinezkoa da bere erabaki guztien motoretzat kapitala metatzea duen sistema kapitalista patriarkalaren barruan. Emakumeok bizimodu duina izango badugu, nahitaezkoa dugu merkatua eta kapital-pilaketa gizarte-antolamenduaren erdigunetik baztertzea eta bizitzaren erreprodukzioa jartzea erabaki politiko (eta ekonomiko!) guztien erdi-erdian.

Ildo horretan, neurri zehatzak behar ditugu, errealitatea konkretua baita, eta gure bizi-baldintzak ez baitira asmo handiko adierazpen instituzional arranditsuen bidez aldatzen, neurri politiko-ekonomiko zehatz eta konkretuen bidez baizik. Hona hemen, guztiz normalizatuta eta naturalizatuta dagoen emakumeon subalternitate-egoera borrokatzekohalako neurri posible batzuk: gizonen eta emakumeon soldaten arteko tartea ezabatzea (bertako gizonen urteko soldata atzerritik etorritako emakumeena halako bi da), bizi osoa besteentzako lanean aritu ondoren erretiroa hartzeko garaian alargun-sari miserablea duten adineko emakumeentzat pentsio duinak ziurtatzea, zerbitzu publikoetako murrizketen ondorioz (eta haien aurretik ere) emakumeok geure bizkar hartu behar izan ditugun zaintza-lan ugariak sozializatzea eta gizarteak bere ardura kolektibotzat hartzea lan horiek, beste herrialde batzuetatik gure zahar eta haurrak zaintzera eta gure komunak garbitzera etorritako herritartasun-eskubiderik gabeko emakumeen eskubideak bermatzea, pobreziaegoeran bizi diren Kataluniako emakumeen %49,7aren oinarrizko premia eta beharrak asetzea, eta abar eta abar.

Horrenbestez, zeruaren erdiari eusten dion gizarte-puskari baliagarria izango bazaio, emakumeoi bizimodu duina eskaini beharko digu errepublika berriak. Gizartearen erdia oinperatuta duen herri batek ez baitu aske izaterik.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: "Baionan ere queer mugimendua bada"

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Eguneraketa berriak daude