argia.eus
INPRIMATU
EuskarAbentura
120 gazteko espedizioa euskararen erabilera aktibatzeko
  • 16-17 urteko gazteak ‘Ruta Quetzal’ modukoan bilduko dira uztailean. Euskal Herria zeharkatuko dute eta baldintza nagusia euskaldunak izatea da. Antolatzaileak Euskal Herriko hainbat txokotako dozena bat gazte dira.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2018ko urtarrilaren 16a
Mauletik Getxorako ibilbidearen nondik norakoak.
Mauletik Getxorako ibilbidearen nondik norakoak.

Egitasmoaren aurkezpen ekitaldian hala adierazi zuten antolatzaileek: “Gazte garaian harreman berri asko egiten dira eta oso garrantzitsua da harreman horietako hizkuntza ohituretan eragitea”. EuskarAbenturak hiztun gazteen hizkuntza-aktibazioan eragin nahi du, horixe du xede nagusia Euskaraldiaren urtearekin (ustekabean) bat egin duen egitasmoak.

Abenturan parte hartuko duten gazteek motibazio gutuna idatzi beharko dute eta hiru gai orokorren inguruko lan bat egin. Lanerako gaiak ondokoak dira: euskara eta emakumeak, euskara eta zure herria, euskara eta itsasoa. Lanak historikoak, literarioak, plastikoak, musikalak eta ikus-entzunezkoak izan daitezke. Martxoaren 18an bukatuko da gutuna eta lana bidaltzeko epea eta abenturaren sustatzaile taldeak Eusko Ikaskuntzarekin batera egingo ditu ebaluaketak. Apirilaren 16an jakingo da 120 gazteen zerrenda. Gazteak zazpi herrialdeetakoak eta diasporakoak izan daitezke, baldintza bakarra euskara jakitea baita.

2018ko uztailean Euskal Herria zeharkatuko dute Done Jakue bidea jarraituz eta Unescok gizateriaren ondare izendatutako koba eta zubiak bisitatuz.

Euskararen erabilera sustatzeaz gain EuskarAbenturak baditu beste xede batzuk, hala nola, euskal lurraldea sakonago ezagutzea eta gazte euskaldunen sarea osatzea. Babesle ekonomikoak ondokoak izango dira: BBK, Akitania Berria Erregioa, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Jaso Fundazioa eta Getxoko Udala.

Mauletik Getxora

Espedizioa Mauletik abiatuko da eta Done Jakueren Frantses Bidea jarraituko dute. Vianan oinez ibiltzeari utzi eta garraioz Arabara jauzi egingo dute eta Done Jakue Barnealdeko Bideari helduko diote. Irunera iritsitakoan beste jauzi baten bitartez Baionara joango dira eta handik Done Jakue Frantses Bideari segika Getxon amaituko dute hilabeteko abentura. Gizateriaren ondare izendatutako guneetan geldialdi bereziak egingo dituzte, hala nola, Nafarroan Done Jakue Bidea gunean eta Gipuzkoako eta Bizkaiko iparraldean Altxerriko, Ekaingo eta Santimamiñeko kobetan eta Bizkaiko zubian.