"Porrotaren aurrean beste jarrera bat hartzen, horretan lagundu dit clownak"

  • Beatriz Egizabalen izena dexente zabaldu da azkenaldian, Erradikalak gara ikuskizunaren haritik, eta jende askok hauxe galdetu omen du: “Nondik atera da hau?”. Egizabalek 20 urte egin ditu ipuinak kontatzen, eta 2005az geroztik modu profesionalean dabiltza Cesar Marcos eta biak, Kontukantoi taldean, narratzaile eta pailazo lanetan. Nondik atera den baino, zertan ibili den deskubritzen ahalegindu gara elkarrizketa honetan.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Beatriz Egizabal (1971, Lasarte-Oria)

Narratzailea eta pailazoa. 1998an ekin zion ipuinak kontatzeari, eta 2005az geroztik buru-belarri dihardu oholtza gainean, clown eta kontalari, besteak beste, Kontukantoi taldean, Cesar Marcos kidearekin. Feminismoa dute lanean ardatz, ipuinetako estereotipoak irauliz eta iruditegi berriak sortuz. 2017ko otsailean Erradikalak gara ikuskizuna estreinatu zuten Ane Labaka bertsolariak eta Egizabalek, bertsoa eta bakarrizketa uztartuz. 36 plazatan erakutsi dute urtebete eskasean.

Narratzailea eta pailazoa zara; ikasketa aldetik, ordea, ez duzu loturarik arte eszenikoekin. Zeri zor diozu grina?

Hitzontzia izan naiz beti, beti eduki dut horretarako joera. Gogoan dut Cesarrek [Marcos] eta biok, gaztetan, orduak eta orduak pasatzen genituela Ilargi tabernan hizketan. Leku deserosoa zen, baina hantxe egoten ginen nekatu gabe: beti esaten genuen han egotera behartuko bagintuzte denuntzia bat jarriko geniokeela behartzen gintuenari, sekulako hotza egiten zuelako. Baina tira, gogoratzen naiz behin, biak han geundela, bera marrazten, zeren Cesar marrazten ibiltzen zen edozein lekutan, gure nerabe-krisiarekin, eta gogoratzen naiz hauxe esan niola: “Pentsa ordainduko baligute hitz egiteagatik” eta berak esan zidan “eta marrazkiak egiteagatik”. Garai hartan amets hutsa iruditzen zitzaigun, pentsa, hitz egitea eta marraztea izatea gure ogibidea, eta orain...

Orain, halaxe ari zarete. Clownean baino lehenago hasi zinen ipuin-kontatzen. Nola?

Ikasketetan beste bide bat egin nuen nik, ingurumen osasun modulua ikasi nuen Arrasaten, eta gero han bertan hasi nintzen lanean, Lagun Aron [Aseguruak], lan osasuna eta higienea zaintzen. Orduan, Oihularik ipuinak kontatzeko ikastaro bat antolatu zuen Antzuolan. Oihulariko Rakel [Imaz] ezagutzen nuen, eta animatu egin nintzen. Egin nuen ikastaroa, eta handik gutxira Rakelek deitu zidan, norbait behar zutela Irungo liburutegian ipuinak kontatzeko, eta ea joango nintzen. Ni pixka bat horrelakoa naiz, ez naiz neu joango esatera ipuinak kontatu nahi ditudala, baina zuk eskatu badidazu, ba zure ardura da, badakizu nor bidaliko duzun… eta joan egin nintzen. Oso gustura aritu nintzen, gehiagotan joaten hasi nintzen eta azkenerako ia asteazkenero nenbilen Irungo liburutegian ipuinak kontatzen.

Orduan erabaki zenuen buru-belarri ekitea?

Ez, ez. Laborategi batean ari nintzen lanean, eta lan ona zen: oraindik ez zidaten kontratu finkorik egin, baina horretarako bidean nengoen; berez edozein pertsonak nahi lukeen lana lortu nuen, eta garai hartan ez zen erraza ikasi zenuenarekin zerikusia zeukanik topatzea. Baina, zera, nik banekien edozein momentutan eskaini ziezadaketela kontratu finkoa, eta horrek hotzikarak sortzen zizkidan.

Ustez jende guztiak nahi izango luke halako lan bat, zuk ez ordea…

Nik ez. Hein handi batean Arrasaten zelako, eta nik oraindik ez neukan zilbor-hestea guztiz apurtuta, Lasarterekiko lotura oso potentea neukan. Gauza asko ziren eta azkenean utzi egin nuen lana. Ipuin-kontatzen nenbilen jada, tarteka, baina ezin nuen horretaz bizi. Bestalde, kontalari-lana janzteko, magisteritza ikasten hasi nintzen, eta beste hainbat lanetan ibili nintzen, harik eta berriro Oihulari tartean sartu zen arte, beste ikastaro batekin.

Eta clowna ezagutu zenuen.

Hori da. Bizpahiru eguneko ikastaroak antolatu zituzten Brinkolan. Hara joan ginen Cesar eta biok, eta flipatu egin genuen. Esperientzia guztia, ikastaroa, Oihulariren pedagogia… pila bat gustatu zitzaigun. Eta gero kasualitatez jarraitu genuen ikastaroak egiten, eta justu Virginia [Imaz] egon zen AEBetan Cirque du Soleil-ekin, eta itzuleran nahi zuen Oihulari berritu. Garai hartan hantxe genbiltzanez, proposatu zigun taldearen parte izatea. Unibertsitatea zen hura, eta ez bakarrik formakuntza aldetik, baizik eta lan aldetik. Askotan clownarekin gertatzen da nahi adina ikastaro egin dezakezula, baina non praktikatzen duzu hori? Oihularin egoteak eszenatoki pila bat ekarri zizkigun.

Garai batean clowna ez omen zitzaizun batere erakargarri. Zerk harrapatu zintuen azkenean?

Brinkolako ikastaro horietan dena izan zen oso interesgarria, baina klownklusioek harrapatu ninduten benetan: adrenalina hori, joatea toki batera, hitzaldi batera edo ikastaro batera, entzutea, eta gero bukaeran oholtzara ateratzea zure pailazotik eta kontatzea beste ikuspuntu batetik zer gertatu den… Horrekin maitemindu nintzen eta horrekin maiteminduta nago oraindik.

Argazkia: Dani Blanco.

Bereziki gogoan al duzu klownklusio-saiorik?

Badaukat bat gogoan, halako klik bat izan zelako. Sevillara bidali gintuzten, Anduriña Zurutuza eta biok, Anduriña ere Oihularin ibilitakoa baita, eta oso laguna, eta hara bidali gintuzten Emakumearen Andaluziako Institutuak antolatutako kongresu batera. 500 lagun inguru bildu ziren, eta niretzat izan ziren bi klik: feminismoa eta klownklusioak. Oihularin, Virginiaren ondoan egonda, asko landu genuen feminismoa; egia esan, ni gaztetan talde feminista batean egon nintzen, baina gehiago zen terapia moduko bat, eta Virginiarekin askoz ere biziago piztu zitzaidan grina hori.

Eta zer ezagutu zenuen kongresu hartan?

Niretzat kongresu hori izan zen klik feminista oso potente bat zeren hitz egin zuten genero-ikuspegia txertatzearen garrantziari buruz eta genero-inpaktuari buruz. Adibide bat jarriko dizut. Demagun erietxe batean murrizketak egin behar dituztela, eta okurritzen zaiela bihotzeko ebakuntza egin dieten gaixoei egonaldia laburtzea: hogei egun beharrean egongo dira hamar egun. Murrizketak mesede egingo dio erietxeari, baina kongresuko hizlariek esaten zuten hor genero-inpaktua neurtu behar zela. Bihotzeko ebakuntza gizon bati egin badiote, eramaten duzu etxera hamar egun lehenago, eta nork zainduko du gizon hori? Ba bere inguruan dauden emakumeek, eta hala, administrazioak aurrezten duena emakume baten gain geratuko da. Gaixoa emakumea bada, berriz, ez diote behar bezala errekuperatzen utziko, bera hasiko da-eta etxekoen ardura hartzen. Horrelako adibideak, orain, nahiko ezagunak dira, baina garai hartan…

Noiz izan zen kongresua?

2001. urtean. Kongresuak bi egun iraun zuen, eta gero han atera ginen Anduriña eta biok, jende haren guztiaren aurrean gure pailazo sudurrekin zerbait egitera. Izugarria izan zen. Gauza asko ahaztu ditut, baina adibidez, kongresuko parte hartzaile gehienak emakumeak ziren, gutxi gorabehera 450 emakume eta 50 gizon, baina, hala ere, emakumeek komun bat zeukaten eta gizonek beste bat. Orduan sortzen zen sekulako ilara emakumeen komunetan eta gizonak, berriro ere, eroso-eroso zeuden beraien komun pribatu horretan. Adibide horri helduta azaldu genuen berdintasunaren eta ekitatearen gaia klownklusioetan. Gizonek eta emakumeek egoera berdina zeukaten, komun bat, baina abiapuntuko egoera ez zen berdina, eta beraz ekitatea izango zen komunena beste modu batean antolatzea. Horrelako adibide txoro batekin agertu ginen bi pailazo azalduz zergatik ez den ekitatiboa, egoera berdina ez denean biei gauza berdina ematea. Horrelakoak lortzea da klownklusioen helburua.

Klownklusioak egiten ikusi zintudan orain dela hiru urte, euskal gatazka politiko-armatuari buruzko ikuspegi feminista lantzen zuen udako ikastaro batean, eta iruditu zitzaidan katarsi moduko bat gertatu zela, gai horietaz aritu ostean estu samar geundela denok, eta bat-batean klownklusioei esker askatu egin ginela.

Hasteko, klownklusioetan badago gauza bat oso potentea: inprobisazioa. Ni hortxe nago ekitaldiak iraun bitartean, eta testuinguru horretan gauden guztiok ari gara erreferente batzuk bizitzen, eta ni ere horren parte naiz, adibidez hizlarietako bat astun-astuna bada. Nire lana da adi-adi egotea eta gauzak apuntatzea, izan daiteke hizlari baten astuntasuna edo komunak izugarri txikiak direla eta hanka bat altxatu behar duzula atea itxi ahal izateko. Nire zeregina ez da ekitaldian esan den guzti-guztia ulertzea eta gero hori laburbiltzea. Ni ateratzen naiz eta hasten naiz gertatu denarekin jolasten, inprobisatzen, sudur gorria ipinita, eta beste erregistro batera pasatzen gara, emozioetara. Nik uste dut hori izan daitekeela zuk aipatu duzun katarsia. Gero, klownklusioak borobiltzea izango litzateke, batetik, emozioak ateratzea, publikoaren irribarrea edo malkoa, eta bestetik, gaiarekin zerikusia daukan esaldi bat harrapatzea, ondorio gisa erabil daitekeena.

Clown ikastaroak ematen ari zara Donostiako Emakumeen Etxean. Denok daukagu barruan gure clowna?

Nik uste dut, beti bezala, bi esparru daudela: publikoa eta pribatua. Idazlea edonor izan daiteke? Ba bai, nahi duenak idatzi dezake. Publikatzeko ordea, bada igual denak ez du balio. Nik uste dut narratzaile eta clownekin antzeko zerbait gertatzen dela.

Nik beti esaten dut ikastaroak ematen hasi naizela, baina ez naizela formatzailea. Clown ikastaroak ematen ari naiz Emakumeen Etxean, publiko definitu bati begira. Norbaitek modu profesionalean egin nahi badu clowna ez nioke esango nire ikastaroetara etortzeko, zeren badaude eszenatokian formatzeko beste formatzaile askoz ere egokiagoak. Baina, ea edonork jolastu dezakeen, probatu dezakeen zer den bat-batean sudur gorri bat jartzea eta jendaurrean agertzea beste nonbaitetik, edo beste era batera, bada bai, noski.

Clownak ematen dituen tresnek zertarako balio dute gure eguneroko bizitzan? Porrotarekin adiskidetzeko modu bat dela entzun dizut.

Zer gertatzen da bat-batean maskara txiki bat jartzen duzunean, kasu honetan sudurra? Ni Brinkolako ikastaro horretan pailazoarena egiten hasi nintzenean horixe deskubritu nuen, porrotarekin zegoen erlazioa… Zerbait erortzen zitzaidanean, adibidez, kontua ez zen gaizki egin nuela; aitzitik, frakasoak barrea sortzen zuen publikoan, baina ez zidaten niri barre egiten huts egin nuelako, kontua da bat-batean paktu antzeko bat sortu zela, eta orduan porrota, hein batean, arrakasta zen. Orain hitzez esplikatu dezaket, momentuan ez zen hain nabarmena.

Ni, neure eguneroko bizitzan, ez naiz perfektua, eta adibidez hemen mahai gainean dauzkagun katilu eta zapi eta gauza guztiak sukaldera eraman nahi banitu, hasiko nintzateke denak batera hartu nahian eta zaildu egingo nuke berez hain erraza den zerbait; orduan, clowna ezagutuko ez banu, frustrazioa sortuko lidake dena batera garraiatu nahi eta ezin horrek, eta orain, berriz, barregura sartzen zait.

Argazkia: Dani Blanco.

Norbere buruaz barre egiten ikasteko modu bat al da?

Bai, eta gainera badakit hau guztia etxean egin ordez antzezlan batean egin banu itzela izango litzatekeela. Clownak eman dit beste ikuspuntu bat horrelako gatazken aurrean, baita nire bizitza pertsonalean ere.

Orduan, kontua ez da etengabe huts egiten saiatzea, baina gertatzen denean jakitea ez dela hainbesterako.

Hori da, ez da porrotaren bila joatea, da porrotaren aurrean zer jarrera hartzen duzun. Eta niri horretan pila bat lagundu dit clownak. Norbere barruko umea aurkitzea eta halako gauzak aipatu ohi dituzte askok, baina nik ez dut horrekin lotzen. Noski, batzuk esango dute nik egiten dudana ez dela clowna, asko hitz egiten dudalako eta gorputza erabili arren ez naizelako bereziki korporala. Hori ere gertatzen zait, narratzaileen artean ez naiz narratzaile bikaina keinu asko egiten ditudalako eta hor azpian clowna nabaritzen delako, eta gero clownentzat ez naiz guztiz clowna gehiegi hitz egiten dudalako. Niri ez zait askorik axola sailkapen hori, lan egiten jarraitzen dudan bitartean.

Jardun berri batean ikusi zintugun pasa den urtean: bakarrizketagile, Erradikalak gara ikuskizunean, Ane Labaka bertsolariarekin batera. Zer moduzko esperientzia izan da?

Horixe izan da 2017ko nire deskubrimendua: bakarrizketak. Nik ez dut nire burua bakarrizketalari bezala inoiz ikusi ez aurkeztu. Helduentzako ipuinak kontatzen ditudanez, sarritan deitu didate esanez, “esan didate monologoak egiten dituzula…”. Ez, ipuinak eta bakarrizketak gauza ezberdinak dira, hori argi eta garbi dago. Gainera, niri bakarrizketek ez didate bereziki erakarri, edukiak-eta gizonezkoentzako eginak daudelako gehienbat. Batzuen teknika, ordea, edo zer-nola komunikatzen duten gustatzen zait, adibidez gustuko dut Eva Hache, baina ez nuen uste nirekin loturarik zeukanik ezertan.

Gero, aukera atera zen Ane Labakarekin zerbait egiteko, probatu genuen, nik bakarrizketa batzuk prestatu nituen eta oso ondo atera zen. Iruditu zitzaigun hori izan zitekeela elkarrekin aritzeko formula: sorkuntza-prozesua hain izan da fluidoa, hain joan da erraz. Ez genuen halako harrera berorik espero. Kontrakoa ere ez genuen espero, ez duzu ia ezer espero. Anek oso ondo esplikatzen du: zerbait duina egin nahi genuen, baina erantzuna ikusita, uste dut duina baino zertxobait gehiago egin dugula. Oso eroso sentitzen naiz bakarrizketan, uste dut hor aurkitu dudala zerbait. Jakina, ez da inprobisazioa eta diziplina handiagoa eskatuko dit. Hori ez dakit zer moduz eramango dudan. Ikusiko dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pailazoak
2022-12-28 | Hala Bedi
HALABEDITARRAK |Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx':
"Herrigintzak bakarrik ezin du, estatua behar dugu"

"Euskaldunak arrisku bezala ikusten gaituzte mundua txuri beltzean ikusten dutenek".


Oztopoak oztopo, Iruñeko Anaitasunan izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots abenduaren 22an

Enrique Maya Iruñeko alkateak pailazoak zentsuratu ostean, ostiralean Baluarten ematekoak ziren “Bizi dantza” ikuskizuna Anaitasuna kiroldegian emango dute.


2019-11-27 | ARGIA
Nafarroako Kontseiluak dio Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Baluarteko hitzarmena legezkoa dela

Datorren ostiralean, hilak 29, Katxiporretako pailazoek Iruñeko Baluarten eskaini behar zuten Bizi Dantza ikuskizuna, baina Iruñeko Udaleko Navarra Sumaren udal gobernuak atzera bota zuen kontratazioa, aurreko udalak egindako kontratuak legezko gabezia ugari... [+]


Eguneraketa berriak daude