Asko da argazkiak erakusten duena, baina ikaragarri da erakustea lortzen ez duena. Argazkiak koadroaren irudia hartzen du, koadroan irudikatu den horixe bakarrik, eta ezer irudikatu ez denean ere argazkiak irudikapena jarraitzen du izaten, gorputz batena, gauza batena, izaki batena. Koadroak gorputzak dira, gauzak dira, izakiak. Eta ez dago bertatik bertara ikustea bezalakorik. Batzuetan ezinezkoa egiten zaigu, kasu honetan ezinbestekoa da.
Aspaldian Getarian bizi da Barbara Stammel (Söcking, Alemania, 1960ko urriaren 25ean), hantxe du estudioa. Arte Ederretako ikasketak egin zituen Munichen eta Bartzelonan, ordutik bizi da pintatzeari emana.
Berak montatzen ditu bastidoreak, berak jartzen oihala. “Bazen denda zoragarri bat Gipuzkoa plazan, itxi egin zuten”. Han erosten zituen pigmentuak. “Orain zailagoa eta garestiagoa da pigmentuak lortzea, atzerritik eskatu behar izaten dira”. Linazi-olioarekin nahastuta egiten ditu koloreak. Berak. Lurrak, sienak, okreak, kolore nabarrak erabiltzen ditu nagusiki, eta tartean urdinak, horiak, gorriak: bizitasun ikaragarria ematen diote lanari.
Berak eraikitzen ditu gorputzak, normalean neurri berekoak, 160 x 160, eta haietan sartzen gero bere gorputz guztiarekin, pintatzea fisikoa dela oroitaraziz ikusleari, eta begiratzea ere fisiko bihurtuz. Materia dago bere artelanetan, bata bestearen gainean ezarritako kapak eta kapak, keinuak, markak, gorputz ororen barruan dauden beste hainbat eta hainbat gorputz gogora ekarriz bezala.
“Hau nire ama zen. Ez neukan bera pintatzeko asmorik, baina bera atera zitzaidan”. Serieak egiten ditu, aurpegi bakoitza erabat agortu arte, bere gorputzetik koadroaren gorputzera ekarri arte. Koadroak gorputzak dira, gauzak dira, izakiak.
Marlene Dumas akordarazten du batzuetan.