Miren Larrion, EH Bilduko zinegotzia Gasteizko Udalean

"Borroka hau globala da, ez tokian tokiko oposizioaren borroka soila"

  • Legazpi, 1969. Arabarra da. Ingeniaritzako irakasle izana. Sortu eta EH Bilduko kidea. Gasteizko Udalean zinegotzi eta eleduna. EAEko Legebiltzarkidea: “Hezkuntzan, sindikalgintzan eta euskararen eremuan konprometitua izan naiz gaztetatik. Gizarte justuago baten alde egiteak politikara eramaten zaitu ezinbestean. Politikaren erabaki guneetan denok parte hartu behar genuke urte batzuetan, denok irabaziko genuke eta politika hobea litzateke”. Premisa horrekin abiatu dugu solasaldia.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2018ko urtarrilaren 14a

Gasteizko Udalaren politika hizpide. PPko Javier Maroto alkatea kendu zenuten eta EAJko Gorka Urtaran alkate jarri. Ez al zara damutu erabakiaz?

Inondik inora ez. EH Bildu da berme bakarra PP euskal instituzioetatik kentzeko. Marotoren mezu xenofoboa eta arrazista ezabatzeko funtsezkoa izan zen Udaletxetik kanporatzea. Hitza eman genuen, baita bete ere. Logikoena zen gure taldeak alkatetza kudeatzea, baina EAJ ez zegoen prest. Hala ere, EAJri eta orobat aldaketari aukera ematea oso inportantea izan zen, horren aldeko indarrek emandako urratsa egokia izan da. Ez baikinen gu bakarrik izan, Elkarrekin Podemos eta Irabazi taldeek ere bat egin zuten. PSE-EEk amore eman zion PPren presioari, eta oposizio talde horretatik apartatu zen. Oposiziotik Martxoak 3 ekimenaren ildoan ari gara.

Sektore kritiko alternatibo batzuek zuen bilakaera “metamorfosikoa” dela diote, finean “EAJ eta PPren antzeko politika” egiten duzuela. Zein da zure iritzia horretaz?

Maroto kendu izanak ez du esan nahi ondorio denak arrakastatsuak izan direnik, baina balio izan du hainbat gauza lortzeko. Adibidez: hasieran, alderdi sozialista gobernutik kanpo geratu zen eta Urtaran hasi zen aldaketaren aldeko indarrekin lanean. Horrek posible egin zuen lehen aurrekontuak ateratzea, batzarraren bi herena alde izanez. Aurrekontuak aldaketaren norabidean kokatu genituen: etxebizitzaren, berdintasunaren eta euskararen alde… Egia da, Urtaranek sinatua ez du bete. Baina, aldaketa noren artean egin dezakegun agerian utzi dugu. Gainerakoek [EAJ eta PSE] beren interesak jarri dituzte aldaketaren aurretik. Bi urte ondoren EAJk ez du datorren urteko aurrekontuak aurrera ateratzea lortu.

“2015ean Kafe Antzokia proiektua garatzea posible zirudien, baina EAJk geldiarazi du. Tristea da, baina Urtaranek Marotok baino gutxiago egingo du arlo horretan”

Sektore horiek “guk hori guztia gertatuko zela bagenekien” esan dezakete.  Hau da, eskuinak gobernatzen du.

Bai, baina Urtaranek ez du PPrekin akordiorik Gasteizen, ordea, EAJk beste lekuetan baditu. PPk ez dio barkatzen Urtarani, Marotori egindakoa. PSEren laguntzarekin ari da EAJ, baina ez da aski. EAJ ia bakarrik dago. Bilatzen duena da boterea indartzea. Eta politikan hori agerrarazi behar da, ez da bakarrik esatea “hori bagenekien”. Demokraziaren gabezia agerian geratu da, eta EAJrekin aldaketa ez dela posible ikusarazi dugu. Noski, beste bide batzuk urratu beharko ditugu, hasieran proposatu genuena lantzen ari gara, hau da, aldaketa nahi duten guztiekin bide egitea. Urtaran aldaketaren aurka ez ezik, hainbat kolektiboren aurka ari da, ez dago hainbat aldarrikapen entzuteko prest. Aldaketaren aukera egingarria izan da lurralde honetan, EH Bilduk PPz besteko alderdi guztiei eskua luzatu die hori gauzatzeko, baita Podemosek eta Irabazik ere. Anitzen arteko bide hori posible da, baina EAJk eta PSEk ez dute nahi.

Zein da Gasteizen Aktibitate Ekonomikoen gaineko zergan eramando politika?

Adibide baterako: hasi bezain pronto Urtaranek Arabako Enpresariekin (SEA) adostu zuen zerga politika. Argazkian EAJ, PP eta PSE atera ziren patronalarekin, zergak jaitsiko zituztela esanez. Administrazioak ezin du –edo ez luke behar– administratuarekin zergen politika akordatu, baina egiten dute. Gure helburua akordioa apurtzea izan da. 2017an Urtaranek Podemosen, Irabaziren eta gure taldearen bozak behar zituen. Beraz, behartu genuen akordio hori apurtzera eta zergak horizontalagoak izatera. Lortu dugu hurbiltzea Donostiako eta Bilboko zergen mailara, lortu dugu enpresariek ordaintzen ez zuten milioi eta erdi euro sartzea aurrekontuetan, baita Ondasun Higiezinen gaineko Zergen (IBI-OHZ) balore berdinekin jendeak gutxiago ordaintzea eta enpresek gehiago ordaintzea ere. Ezkerreko planteamendu interesgarriak gauzatzea lortu dugu hiri honen alde.

Azaldu horietako batzuk.

Segregazio eskolarrean PSE inplikatu da, proiektu bat landu dugu adituekin. Gero, egiari zor, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du aplikatzen. Baina gutxienez, eskoletako segregazio gaia azaleratu dugu. Arazoa konpondu daitekeela erakutsi dugu. Politikan ezin duzu jardun dena lortuko duzulakoan, ibilbidean dauden mugak ikusten dituzu eta arazoak konpontzeko norekin bat egin dezakezun ikasi ere. Bestalde, aurtengo aurrekontuak negoziatzean udal langileen soldatak duindu nahi izan ditugu. Askok 800 euro kobratzen du hilean. Guk Europatik datorren karta sozialaren minimoa jarri dugu mahaian: 1.200 euro. Urtaran ez da prest izan hori onartzeko. Gure lankideek 800 euro irabaztea onartzen badugu, zer geroa dugu? Ez dute udaleko zerbitzu lana hobeto ordaintzea nahi, eta gero beraiek Legebiltzarrean eskatzen diete enpresariei langileen soldata igotzea.   

Zein da zuen aurrekontuen funtsa?

Hainbat zutabetan oinarrituta dago. Bat, enplegua: udal langileen azpikontratuen kasuetan ari gara lanean, etxeetako, igerilekuko eta sorosleen kasuetan markatu dugu ibilbidea, eta hainbat lorpen eskuratu ere bai. Aurtengo aurrekontuak iazkoak baino 17 milioi euro gehiago du eta langileei ez zaie horren zatirik eman. Ezin da une batez dena egin, baina zatika bai. Bi, berdintasuna: indarkeria matxistaren aurkako planteamenduak bere baitan prebentzioa kontuan hartu behar du. Hori aldarrikatzen ari gara lehen aurrekontuetatik. Izan ere, zerbait larria gertatzen denean, denok gaude pankartaren atzean, baina arazoa konpontzeko urratsak emateko ez. Hiru, euskara: 2015ean Gasteizko Kafe Antzokia proiektua garatzea posible zirudien, baina EAJk geldiarazi du. Tristea da, baina Urtaranek Marotok baino gutxiago egingo du arlo horretan.

“Ez dago Errekaleor eraitsi behar dela dioen txostenik” diozue. Zertan da auzia?

Eraikinak eraisteko behar duen txosten teknikorik ez dago. Errekaleor auzoan gabezia batzuk daude, baina Gasteizko beste auzo askotan ere badaude, eta inork ez du auzo horietako eraikinak bota behar direnik esaten. Adibidez, Santo Domingo kaleaz txosten bat dago. Egoera larria dela-eta, bizilagunak atera behar izan dira, horiek non kokatu aztertzen ari gara. Errekaleorren ez daude holakoak eta Urtaranek bota nahi ditu. Aitzakiak dira, deuseztatzeko arrazoi bakarra politikoa da. Auzoaren jabetza udalarena da eta erabakia ere bai. Proiektua interesgarria da. Demagun, Berlinen halakoak garatzen direnean, hemendik txalotzen dira, baina Errekaleor batzuen ustez ez da egokia.

EAEko politikaz: EAJk PSE eta PP hautatu ditu akordioetarako bidelagun.  

Benetan kezkagarria da EAJk norekin egiten duen lan ikustea, hasteko ez da gizarteari begira ari. Urkulluk “egonkortasuna” aipatzen du sarri, guk horri “impasse” deitzen diogu, aukera asko galtzen ari da herri honetan Urkulluk ez duelako gaitasunik aurrera begiratzeko, dagoen lekuan mantentzeari ematen dio garrantzia. Aldaketa nahi ez duten PPrekin eta PSErekin ari da. Madrilen oso eroso dago Rajoyrekin akordioak sinatzen. Hemen, hezkuntza komunitatea kalean du, gehiengo sindikala oldartua. Ez dago prest gizarte eragileekin elkarrizketatzeko eta akordioetara ailegatzeko, aitzitik, sektore kontserbadoreekin eroso ari da. EAJren politika oso okerra da gizarte honen etorkizunerako.

Globalizazioa dela eta, antza, zaila da politikaren norabidea aldatzea. EAJ, PP eta PSOEk kudeatzen dituzte EAEko instituzio gehienak. Nola eragin gizartean beste politika mota bat egiteko?

Neurri batean instituzioetan islatzen da gizartean dagoena. Hala ere, gizartearen parte zabal bat kalean ari da borrokan. Kontua da gizartean eragiteko gure gaitasuna zein den jakitea. Globalizazioa esan duzu, bada, munduan badaude beste errealitate sozial batzuk, horietan politikak ez du hemen bezala funtzionatzen. Oso nabaria da hori: Urkulluk beti alderatzen ditu euskal eta espainiar egoerak. Konparazioa horretan indartsua sentitzen da, “Madrilen baino pixka bat hobe gaude”, aditzera eman ohi du. Baina Madril beste askorekin alderatuta, gero eta gaizkiago dago. Horiek horrela, falta zaigu gizarteari alternatiba sendo bat eskaintzea, eta berau ondo komunikatzea. Aukerak badaude. Hori egoki egiten badugu gizartearen sektore zabalen babesa jasoko dugu. Askotan kritikatzen digute, eta arrazoiz egin ere, sarritan denbora gehiegi pasatzen dugulako EAJk egiten duena kritikatzen. Beraz, azaldu behar dugu ondo egiten duguna eta horrekin batera jendeak esateko duena jaso ere. Izan ere, politika polarizaziora lerratzen ari da nazioartean, badaude defizit klabe batzuk, bata demokratikoa, Katalunian ikusi dugunez. Beste bat da boterea non dagoen ongi agertzea. Neurri handi batean, botereak nahi du politika gizartetik are eta isolatuagoa izatea. Boterea demokratizatu behar da.

Aukera ikusten duzu, antza.

Noski. Baina, gure kezkek eta gizartearenak lotuta izan behar dute: lan merkatuarekin lotuta, ekonomiarekin lotuta... Zentzu horretan, botere gunetan eta instituzioetan ez dagoen jende konpetente asko ari da lanean, eta guk entzun behar diegu eta alternatiba horiengandik jaso. Guk ezberdinen arteko gizarte aurreratuago bat gauzatzea dugu helburu.  

Nola ikusi duzu procés delakoa? Nola ikusi dituzu artean euskal politikariak?  

Denok erretratatu gara. Urkulluren argazkia nabarmenago izan da hala ere, ez duela status quoa aldatu nahi argi geratu da. Oso eroso dago egungo egoeran, eta berau mantentzearen alde egin du. Katalanek agerian utzi dute Espainiako Estatuaren demokrazia eskasa, baina argi utzi dute ere zein garrantzitsua den Estatuan nahiz nazioartean bidelagunak izatea, eta herriarekin batera lan egitea. Imajinatu une batez, hemen hainbat alderdik independentziaren aldeko urratsak ematea adosten dugula. Herria edota gizartea ez badago klabe horietan, adostasunak hutsaren hurrengoa balioko luke. Horregatik herriari bueltatu behar zaio boterea eta erabakitzeko gaitasuna. Landu behar ditugun gabezia handiak daude hemen.

"Ez dut Urkullurengan konfiantzarik, EAJk ez du hartu duen bidean atzera egingo. Zalantzan jartzen dut erabakitzeko eskubidearen defentsan arituko denik"

Autogobernuari buruzko ponentzia lantzeko modua argigarria izanen da.  

Jaurlaritzako Soziometroak adierazi duenez EAEko herritarren %67 erabakitzeko eskubidearen alde dago. Gehiengo zabala da, bi herenak. Hala ere, gu tentuz ari gara. Bi herenek hori pentsatzen badute ere, ponentzia lantzen bada, proposamen berria egiten bazaio herriari, baina gero “bai” ala “ez” aukeratzeko bada, ariketa hori oso motza izango da. Zer da gizarteak hainbat arlotan eskatzen diguna? Horiek kontsultan aintzat hartuko al ditugu? Islandia, adibidez, konstituzio berri bat egiteko eredugarria izan da, Eslovenian eta Finlandian ere eredu berriak planteatzen ari dira. Herri honi benetan galdetu nahi bazaio, aipatu demokraziaren eredua landu nahi badugu, “bai” edo “ez” kontsultaz harago joan behar dugu. Esan nahi dut, eztabaidak alderdikoiak izango dira eta batzuk saiatuko dira alderdien interesen izenean erabakitzeko eskubidearen zentzua aldatzen. Politika demokratizatu behar da eta autogobernuari buruzko ponentzia lantzeko modua funtsezkoa izango da horretarako. Eztabaida gizarteari ireki behar zaio, horrek erraztuko luke bidea eta demokrazia gauzatzea.

EAJk Estatus berria proposatzen du. Ez du ematen zuk diozuna landu nahi duenik.

Ez dut Urkullurengan konfiantzarik, EAJk ez du hartu duen bidean atzera egingo. Zalantzan jartzen dut erabakitzeko eskubidearen defentsan arituko denik. Bere egitura osoaren eta jarrera immobilistaren alde egingo du. Norbaiti falta bazaio demokrazian sakontzeko kapazitatea, zaila du erabakitzeko eskubidearen alde benetan egitea.

Zer behar da status quoa aldatzeko, EAJrik gabe?

Indar korrelazioa aldatzea, horretarako planteamendu aurrerakoiek hartu beharko dute boterea, ezkerretik.

Podemos + Irabazi + EH Bildu bakarrik zarete. Nola lortu gehiengoa?

Gizarteak hori nahi badu gehiengoa izango gara, eta ez badu nahi ez gara izango. Gizartearen isla da politika.

Instituzioetatik eta gizartetik ekitea diozu, baina zertan edo nola hasi?

Bada politika ulertzeko modua landuz. Politika modu berri bat zabaltzeko lehen zeregina hori da. Nazioarteari begira jarri, eta sektore zabalei bidea ireki behar diegu demokraziari zor diogun garrantzia emateko.

Itun fiskalaz: herritarrak jabetzen ote dira oposizioko alderdien lanez edota euren proposamenez?

Horretan ari gara, egoera aldatzeko aukera daude, esploratzen ari gara. Egin nahi al dugu? Gizartearen erabakia da. Ez da bakarrik alderdiena. EAJk zerga politikan jarrera neoliberalak defendatzen ditu argi eta garbi. Mezu asko desegin behar dira, gure nominen atzean dagoena ondo ezagutu eta azaldu. Erabaki batzuen ondorioz ezberdintasun soziala areagotzen ari dela badakigu, beraz, ekonomiaz ikastea eta jardutea dagokigu gero eta gehiago.

“Aberastasuna enpresariek sortzen dute” dio mezu horietako batek. Gezurra. Aberastasuna langileek sortzen dute, eta enpresariak plusbalioarekin geratzen dira. Beste lelo bat: “Gero eta zerga gutxiago ordaindu eta gero eta aberastasun gehiago”. Gezurra. Kontrakoa da. Baina horixe da joera globala, Troikak inposatua. Mundu osoko azterketek agertu dutenez, estatuek gero eta aberastasun gehiago bildu dute azken 20 urtetan, baina gobernuek gero eta gutxiago kudeatzen dute. Egungo estatuak gero eta indartsuago izanez gero, are eta babesa handiagoa izango dute.

Borroka hau globala da, ez tokian tokiko oposizioaren borroka soila. Ezkerreko alderdiek gure mezuak garbitu eta indartu behar ditugu gizarte eragileekin batera aurrera egiteko. Gizarteak erabaki behar du zein motako gizarte eredua nahi duen eraiki. Sindikatuek indar sendoagoa eta hegemonikoago bat zuten lehenago, eta gero eta pisu gutxiago dute orokorrean. Hau da, epe laburrean ez bada egoera aldatzen gure seme-alaben etorkizuna oso beltza da.

“Hegemonia gizartean lortu behar dugu”

Gasteizko Udalean zinegotzia eta EAEko legebiltzarkidea. “Bateragarritasuna kritikatu daiteke erabileraren arabera, izan daiteke negatiboa edo positiboa, nire kasua bi karguak batzearen aldekoa izan da, baina ez da badugu asmatzen autokritika egin behar da”.

EH Bildu sortu zen 2012an. “2011n gizarteari begira aritu ginen, baina barnea ez zen egoki egituratu. Zuzendaritzan emakumeak falta dira eta lurraldeen ordezkaritza orekatuagoa ere bai. EH Bilduk anitzagoa izan behar du eta ezkerreko planteamendua zehatzagoa egin, irekiagoa. Asko gara eta egiturak horizontalagoa izan behar du. Kultura politiko berria behar dugu oraindik ere”.

Hegemonia helburu.

“Bai, baina hegemonia gizartean lortu behar dugu, ez alderdien bidezko hegemonia”.

 “Euskal Estatua ez da izango, feminista ez bada” dio Jule Goikoetxeak.

“Ez naiz esamolde horien zale. Feminismoa ezinbestekoa da, baina hori eta ezaugarri gehiago ere behar dira estatua eraikitzeko”.

Euskal estatu independentearen aldeko arabarra.

“Hala naiz, periferiakoa. Arabarrok autokritika egiteko ongi kokatuta gaude, jarrera politiko anitz ulertzen baitugu. EH Bilduk ongi azaldu behar du estatu independentearen proposamena eta berau lortu ahal izateko bere posizioa ongi azaldu ere bai”.

CUP moduko bat gerta liteke hemen?

“Sortuko balitz, gizartearen ekimenez sortuko litzateke, behar bati erantzuten diolako izango da, beraz positiboa, gizartea eraldatzeko bidelaguna. Ez dut inondik inora homogeneizazioa nahi, ez dugu denok berdin pentsatu behar. Nik federik inorengan badut, jendearengan daukat. Gizarteak beharra badu, behar hori asetzeko beste alternatiba bat sortuko da. Horrek adieraziko du gu ez garela ailegatzen ari hainbat sektoretara, eta egiari zor, uneon ez gara sektore guztietara iristen ari, eta hori ez badugu onartzen gaizki goaz”.

Kanal honetan artxibatua: Arabako politika

Arabako politika kanaletik interesatuko zaizu...
De Miguel auzia: kopiatzeko lezioak Euskal Herritik

Cristina Cifuentes Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidentearen curriculumak bereganatu du medioen atentzioa, nola Espainiako Estatuan hala Hego Euskal Herrian. Baina ez dugu iberiar mesetara joan behar administrazio publikoa zipriztintzen duten sinadura faltsuak eta azken orduan “fabrikatutako” dokumentuak aurkitzeko. Hemen bertan, Ebroren alde honetan, egunotan ikusi dugu hori De Miguel auziaren epaiketan.


2018-03-23 | Arabako Alea
Errekaleorreko auzia "elkarrizketarekin" konpontzeko eskatu dute Gasteizko hainbat lagun ezagunek

"Hitza sustatzeko" adierazpena plazaratu dute, besteak beste, Lourdes Oñederrak, Daniel Castillejok eta Javier Armentiak.


2018-03-20 | Hala Bedi
"Pentsiodunok morala oso goian daukagu"

Arabako Pentsionistak Lanean plataformako Armando Aulestiartek bi astean behin egiten du kolaborazioa Araba Hizpide saioan. Astelehenean, joan den larunbateko manifestazio arrakastatsuaren balorazioa egin du, baita aurrera begirako pausoak errepasatu ere.


2018-03-14 | Hala Bedi
Ustelkeriaren aurkako ADI! elkarteak babesa adierazi dio De Miguel auziko lekukoari

Ainhoa Alberdi lekukoak Gasteizko epaitegietan berriro deklaratu aurretik, babesa adierazi diote ustelkeriaren aurkako elkarteak deitutako elkarretaratzean. “Lekuko honen salaketarik gabe ez litzateke auzirik egongo”, adierazi du elkarteak.


2018-03-09
'AHTrik EZ Lautada'-k 7.000 alegazioak defendatu ditu Arabako Diputatu Nagusiaren aurrean

“Lautadako hautesle errolda 9.000 pertsonakoa izanda, 7.000 alegazio baino gehiago aurkeztea da egin daitekeen demokrazia ariketarik handiena”, adierazi dio “AHTrik EZ Lautada” Plataformak Arabako Diputatu Nagusiari.


Trebiñuren eskutitza gurasoei

Arabaren bihotza. Mapetako hutsunea. Zulo beltza. Zortzigarrena. Salbuespena. Nahi eta ezina. Ahal eta nahi eza. Finean, Trebiñu.


2018-01-25 | Andoni Mikelarena
Arabako Batzar Nagusiek agroelikadura estrategia jasangarria diseinatu dezala eskatu diote Aldundiari

EH Bilduk aurkeztutako proposamena babestu dute Arabako Batzar Nagusietako alderdi guztiek. Aldundiak herrialdeko agroelikadura estrategia jasangarri bat adosteko prozesua diseinatu beharko du.


2018-01-12 | Andoni Mikelarena
"Iruña-Veleia" auzian nahikoa delitu zantzu ikusi du epaileak epaiketari ekiteko

Ondarearen aurkako delitu zantzuak eta ustezko iruzur zantzuak aurkitu zituen ikerketa fasean epaileak. Erabaki hari errekurtsoa jarri zioten akusatuek, azkenean epaiketa egiteko nahikoa arrazoi daudela ebatzi du epaileak.


2018-01-09 | Lander Arbelaitz
De Miguel Auzia
EAJri lotutako ustelkeria epaitegietan

“De Miguel auzia EAEko ustelkeria prozesurik garrantzitsuena da”, deskribatu zuen Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2017ko martxoan. EAJko hainbat kide-ohik gidatutako legez kanpoko komisioen ustezko trama epaituko dute. Fiskaltzak 119 urteko espetxe zigor eskaera egin die 26 auzipetuei.


2018-01-08 | Hala Bedi
"De Miguel auzia" izenez izen

Denera, 26 lagun daude auzipetuta, guztiak Arabako EAJko alderdikide ohiak, tartean, De Miguel bera, Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu ohia; Aitor Telleria ABBko kide ohia eta Koldo Otxandiano Arabako burukide eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude