Furakanetan kulunka

  • Alberto Santanak Euskal Telebistan eskaintzen duen Baskoniako historia bat sail ederrean, duela gutxi, erakutsi zigun euskaldunok ez ginela jatorriz oso itsaso zaleak. Arbasoek ikasi behar izan zuketen olatuen eta galernen artean irauten. XV. gizalditik hona, Islandiarako baleazaleek, mutilik ttipienek, hiru kapitain neska-bahitzaileek eta Ternuako bakailao arrantzaleek aberastu zuten gure kantutegia.


2018ko urtarrilaren 14an
Irudia: Ainara Azpiazu
Irudia: Ainara Azpiazu "Axpi".Irudia: Ainara Azpiazu "Axpi".

XIX. mendean, nazionalitateen teorizatzaileek euskal kulturaren erroak artzain eta nekezari munduan finkatu zituzten, Baionatik Muskizera luzatzen den kostaldeko arrantzale epikoenean baino. Alta, euskara idatzia izan den unetik, itsas-jendeen bizitzak xeheki goratzen zituen otoitzak paratu zituen Ziburuko Joanes Etxeberrik (1580-1665) eta azken urte hauetan berriz ikertzen da euskal arrantzaleen ibilera distiratsua: Aurelia Arkotxak Martin Doyarçabalen nabigazio liburua jorratu zuen, Hinka taldeak 1615 ikusgarria oparitu zigun, Iñaki Petxarromanek Kearen fiordoa nobela idatzi eta Xabier Agote eta Maineko amerikar lehorreko lagunek Elkarrekin-Together filma bildu zuten. Adibideak baizik ez dira.

Ternuara partitzea ez da askotan ahots goraz emana entzuten. Karidadeko Benta taldeak zati bat grabatu zuen eta entzun daiteke sareko ohiko kanaletan. Hiru partetan banatuak agertzen dira Susak 2006an plazaraturiko Xahoren kantutegian: Partida tristea Ternuarat, Itsasoko perillak eta Ternuako penak. Baionako euskal erakustokian aurkitzen da jatorrizko dokumentua MS97 zenbakiarekin. Patri Urkizuk publikatu zuen lehen aldiz 1986an.

Itsasoa ardatz duten obra anitzetan, Donostiako hiru damatxoak kausitzen ahal ditugu, Bordeletik abiatu zen Saint Paul itsas ontziaren epopeia (1868), Benito Lertxundik xuxurlatu zizkigun 1901eko maiatzaren 14an Orion ikusi zuten azken balearen koplak, Baionako Barrako lainoaren eresia eta Mariñeluarekin enamoratu zen markesaren alaba interesatuarenak.

Ternuarako arrantzaleen lekukotasuna 1789 urtean etzan zen paperean, dakigunaren arabera. Ordukoz, Donibane Lohizune, Zokoa edo bahia Kontxa deitzen zitzaion Ziburuko portuetatik, zazpi-zortzi hilabetetarako armatzen eta abiatzen ziren ontziak, bakailao edo baleen atzetik, marinel gaztez eta kapitain ausartez beterik:

    Kontxatik doa ontzia
    Han konpainia guzia,
    Ternuara badoazi
    Zerbait nahiz irabazi.

    Haize largoz badoazi
    Zabalerat irabazi
    Itsasoan barna urrun
    Begiz ezin ikus Larrun!


Egilea, izenez ezezaguna izan arren, euskararen doinutik, lapurtarra dela susmatzen ahal dugu, lapurtarra eta kostalde horretan, urez eta olatuz Larrun mendiaren itzaleko gerizan ohatzeko ohitura duena.

Partida tristea Ternuarat kantako hamar puskatxoek, Europa eta Ipar Amerikaren arteko bidaia kontatzen digute. Familia lanjerrean jartzearen kontzientzia sakona zeukaten arrantzaleek:


    Adi nire haur xumeak
    Seme alaba maiteak
    Galtzen baduzue aita
    Ama alarguna maita


Itsasoaren zabala nabaritzen da hitzetatik beretik poema bizitorean. Haizeak sentitzen ditugu, bitsak aurpegietan, belak eta sokaz karraskaz ozen uhin astunen neurrian eta furakanaren furiak infernuko ateetako deabrua islatzen digu:

    Zeru guzia isuri
    Babazuza eta uri,
    Marinelak trenpaturik
    Hotz handiak karrondurik.

    Elementak badarontza
    Itsasoak habarrotsa,
    Haize tenpesta uxia da
    Itsasoan maskarada.


Ternuaratzea, desolazioaren uharte batera iristea bezala aurkezten du bertsolariak Ternuako penak partean, han izan balitz bezala eta beharbada marinel ohi baten bizipenak azaltzen dizkigu. Bertso laburrek antsia isurtzen dute kontakizunean: haize hegoak balakatu Euskal Herriko larrazkeneko paisaia baketsuak urrun dira.

    Ternua da mortu hotza
    Eremu triste arrotza
    Laboratzen ez den lurra
    Neguan beti elurra.

    Han oihan sasi handiak
    Larreak eta mendiak
    Harri arroka gogorrak
    Lur agor eta idorrak

    Han otsoak eta hartzak
    Basoko bestia gaitzak
    Animalien herria
    Desertu izugarria.


Mik-Mak tribuko indioen hizkuntzan Ternua Ktaqamk zen eta ingelesez Newfoundland. Quebeceko San Lorenzo ibaiaren ahoan kokatua da, Labradorreko eskualdean. Bretainiarrekin batera, euskaldunek, gutxienez XV. mendeaz geroztik arakatzen zituzten, udako sasoiaren betetasunean, Ternuako ur emankorrak. Bakailaoaz gain, Bizkaiko Golkoan, ustiatze sistematikoaren erruz desagertzen joan ziren baleak ere ehizatzen zituzten.

Labrador hegoaldean dago Red Bay, XVI. mendeko baleagintzako gunea. Erran gabe doa, Ternuan eta Labradorreko ordokietan, europar arrantzaleek bertako jendeekiko harremanak irun zituztela. Islandiako Sartaldeko Fiordoetan bezala, 1580 eta 1635 bitartean, pidgin moduko bat sortu zen euskaldunen, mik-makarren eta algonkinen artean ania (anaia), makia (makila), edo aturrai (atorra) eleak lekuko. Egun guztiak ordea ez zitezkeen egun guztiak:

    Ternuan dira salbaiak
    Eta izkimau etsaiak
    Giza bestia kruelak,
    Hilik jaten marinelak.

    Barbarian bizitzea
    Galeretan zahartzea
    Ez da pena gehiago,
    Ternuan ez gutiago.


Ternuako lanetan aritzeko ez zen ahula, alferra edo eritasunez kartzelatua izan behar. Alderantziz. Eguneroko dorpea zuten eta olerkariak zereginaren gogortasuna azpimarratzen du:

    Ezin geldi, hori behar,
    Beti egun, beti bihar,
    Astelehen guzietan
    Besta eta igandetan.

    Han ez da behar nagirik,
    Ez gezurrez den eririk,
    Han dakite eragiten
    Alferra fetxo egiten.

    Uda luzean Ternua
    Marinelen ifernua
    Herrian parabisua
    Bai azken errepausua!


Erran dugun bezala, arrantzaleen orenak ez ziren sobera samurrak: lan zaila, olio urrin erre eta ke artean, itsas gaizto egoeran, manuen azpian apaletsia eta soldata txikiegi bat trukean. Ternuakoek ez zuten irudia gezurtatzen:

    Hango lanak eta penak
    Akabatzen ez direnak,
    Lan bat egin duteneko
    Mila baituzte hasteko.

    Egunaz ez da pausurik
    Ez gabaz errepausurik,
    Trabailuan beti presa
    Lana garai ezin sesa.


Ternuako arrantzaleen zorigaitzen kantariak entzuleen izpirituak markatu nahi zituen. Lanaz gain perillak ere asko zirela errepikatzen du behin baino gehiagotan eta ikusgarriki poesia hauetan barna:

    Marinelak bizia motz
    Guti sortzen zahartzekoz,
    Gehienak gaztetikan
    Badoazi mundutikan.

    Etxean beharrenean
    Kalte daditekenean,
    Orduan galtzen gizonak
    Mainada, hartzaile onak.

    Marinela partitu da
    Sekulakoz behar bada,
    Anitz doaz sekulakoz
    Hil berria etortzekoz.


Mainadak edo haurrak gogoan bazebilen arrantzale suharra. Bearnoko hizkeran mainat delakoak umeak dira. Honek gauza bat erakutsi dezake: itsasturiak oro ez zirela kostaldekoak, barnealdekoak ere izan zitezkeela, hala nola aldi berean, laborari eta marinel gisa ateratzen zuten bizibidea. Badakigu bestalde marinel frankok, oraindik ere, igeri egiten ez dakitela. Beldurra eta antsia imajina ditzakegu ontzia hondora zihoanean:

    Gaineko zubia hautsi
    Ura tila pera jautsi,
    Tila pean ura gora
    Untzia doa hondora.

    Marinelak biluziak
    Luzatu nahiz biziak,
    Uhin pean igerika
    Untzi puskei atxikita.

    Urak non berma ez du,
    Ez aireak nondik lotu,
    Untziak ez du zimendurik
    Han ez da salbamendurik.

    Marinelaren bentura,
    Itsasoan sepultura,
    Sekulakoz bere fina
    Etxerako berriz mina.


Itotzear zegoen itsas gizonaren azken pentsamendua, orenik gaitzenean, etxe aldera hegalda zetorren. Hiltzen eta galtzen ez zitekeen ontzia, galerna latzak zeharkaturik, Ternuako lehorrera heltzen zen:

    Untzi batzuk salbaturik
    Itsasoa pasaturik
    Arribatu Ternuara
    Behar duten portutara.


Lau bertsoko zortziko txiki hauen airostasunak, binaka errimaturik, lekukotasun historiko bat ekartzen digu, zorrotz eta kartsu. Erritmoak agian marinelen lan kolektiboa markatzen zuten soinuak eta zaratak oroitarazten dizkigu:

    Uhainek untzia joka,
    Gora behera saltoka
    Eta branka pulunpaka
    Kostaduba arrolaka.


Arrantza, dagoeneko armadore industrial eta multinazionalen esku dago. Hezur eta haragizko marinelen ekinaz gogoratzeko kanta multzo bat geratzen zaigu eta menturaz itsastarren hizkera ez ahanzteko Euskal Erakustokiak 1982an publikatu Bidarteko Jacques Garat zama-ontziko kapitainak orraztatu Itsas lexiko elebiduna (euskara-frantsesa). Aitortzen duenez bere ofizioa hondar ternuarrekin ikasi zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude