argia.eus
INPRIMATU
Ez utzi ezer trenean ahaztuta
Ana Mendia 2018ko urtarrilaren 10

Arratsaldeko hirurak. Irun-Brinkola noranzkoa. Lau tokiko konpartimentuan eserleku huts bakarra, joder. Deseroso zait elkarren artean ezagun direnen alboan esertzea; ez baita erraza ordubetez etengabean ez entzunarena egitea. Bai, badakit ez dela heziera onekoa norberarena ez den berriketaldirik entzutea, baina trenean bidaiatzen dudan bakoitzean ingurukoen bizitzak zeharo interesgarri begitantzen zaizkit eta, eutsiezina den indar batek eraginda, WiFi-a pizten dut.

Saiatu naiz eskuartean daramadan liburuan murgiltzen, zin dagit. Une batean, ordea, tunel-hotsaz kamuflatu den isilunea deigarriegia egin zait eta kuxkuxero senak jota amore eman dut. “Ba nik ez dut uste oso normala denik” bota du batek, azkenik. Kosta zait debatearen ardatzaz jabetzea, baina harrapatu dut: antza denez, kuadrilako lagun batek bularra ematen dio laster bi urte beteko dituen haurrari eta gainontzeko adiskideak kezkatuta daude; ama gaixoa ez omen da eta konturatzen tititik zintzilik egoteko koxkorregia dela alaba.

Zinez harrigarria da batzuen argudioek besteenak nola elikatzen dituzten entzutea. Konbentzimendu soziala lagun, itxurazko baretasunez hasi den solasaldia obra on guztien antzera joan da in crescendo eta, konturatzerako, lagunen ustezko kezka auzo-lotsa bilakatu da. Adinak inozentzia bizio bihurtzen omen du, beharra kapritxo. Eta hala bilakatu da, hilabete gutxiren buruan, ama ona zena hippy inkontziente. Azken geltokira heltzear, konpartimentu-kideek eztabaida ebatzi beste erremediorik ez dute izan. Apoteosikoa izan da: edozein tokitan titia atera eta bi urteko haurra bularrean jartzea aberrazio deklaratu dute.

Aberrazio hitzaren esanahiaren bila jo dut mugikorrean. “Normal eta logiko dirudienetik ateratzea” dio hiztegiak. Parekoen garunetaraino heldu nahian edo, gogora ekarri dut Osasunaren Munduko Erakundeak haurra lehen sei hilabetetan bularraz soilik elikatzea gomendatzen duela, eta jaki osagarriez batera haurrak bi urte bete arte, gutxienez. Alegia, ama-esnearen iraungitze-data amak eta haurrak definitzen dute, ez beste inork. Eta ez dago zertan kezkaturik; ez dut ezagutzen amaren bularra eskatzen duen adoleszenterik.
    Jakin nahi dut ama diren zenbat emakumek egin ote duten topo beren itzalarekin babesgabe, zenbati epaitu dizkieten beren erabakiak, zenbatek sentitu duten beren izatearen infantilizazioa. Ez ditut errudun egin nahi parean ditudan bagoi-kideak; amatasunak iparra lausotzen duten kutsatzaile gehiegi dituelakoan bainago: mito, juizio, gezur eta iruzur gehiegi. Horregatik, sekula ama izango banintz, poluzio horren kontziente izan nahiko nuke, “hippy inkontzienteak” bezain kontziente. “Pi-pi-pi. Ibilbidearen amaiera. Ez utzi ezer trenean ahaztuta”.