Urteko egun motzenean neguan sartu gara eta dagoeneko, urtea amaitzerako, hiru minutu eta erdi luzatu da eguna. Konturatzerako, urtarrila amaitzerako, ordubete eskas luzatua izango dugu egunaren argia. Guretzat urtarril hasieratik amaierara hotz eta iluna izango da, baina landareen azalean jartzen bagara izugarria da: bederatzi ordu beharrean hamar ordu argi izango dute. Argia da landareen erregaia, hostoetako motorrean bere bizitza ahalbideratzen duen energia bihurtzen dutena. Energia hori eskuratzeko egunero %12,5 argi gehiago.
Jar gaitezen bada landarean azalean. Neguak landare askoren kemenak piztuko ditu eta urte osoan itzaltzen ez den loraldi saila suspertu egingo da. Loratzeak ederki laburbiltzen du landareen grina hori. Lorea zabaltzerainoko eta horrek ondoren hazi eta emango dituen fruitua eta haziak ekartzerainoko bidea elikatzeko ez du jaki gutxi behar landareak. Horretan pentsatzea da bere azalean jartzea. Elikagai horiek edo iaz atetutako erreserbetakoak edo zuzenean lurretik sustrairatutakoak, edo bietakoak izango dira.
Lurreko horiei tira nahi diet. Lurra hotza dago orain, baina ez hila. Eta landareen lurgainekoa esnatzeko, lurpekoa mugitu behar. Lurpe hori da kakoa. Lurraren biziari eutsi eta ahal bada bizkortzeko txanda da. Udazken amaiera eta negu hasiera, azaroa, abendua eta urtarrila.
Lurrari on nola egin, hori da helburu nagusia. Ongarriketa, alegia. Neguan barrena lurreko bizitza, mikroorganismoen dantza berpizteko beroki eta jaki eman behar diogu. Horretarako eragingarriak diren bakarrak ongarri organikoak dira, bizidun izandako zatiak, alegia: orbel, gorbel, lasto, belar, garo, azal, ezpal, pats, zohikatz, errauts, zirin, simaur, luar, ile, luma, adar, hezur, odol, gorpu...
Eman lurrari horietatik lodi, jaso eta jan dezan, gero geuk jaso eta jan nahi badugu. Eman eta hartu.