Etxe kantoietako hatsa

Bihotz handiegia. Eider Rodriguez. Susa, 2017

Eider Rodriguezek oparitu digun azken ipuin bilduma sei narraziok osatzen dute eta seiok gonbidatzen gaituzte idazle honen unibertso partikularrean murgiltzera. Bertan protagonistek hurbil duten pertsona bati begira jarriko gaituzte, senar ohia, bizilaguna edo ama izan daitekeena, eta haiekiko dituen zilborreste edo harien kolore arreak bistaratu, haien buruarekiko harremana ere erakutsiz: “Zure ondoan distira egin zezan apaltzen zinen jendaurrean”.

Emakumeak dira protagonista guztiak eta haien begietatik ikusiko ditugu inguratzen dituzten munduak. Kosmos txikiok gehienetan lau pareta izango dituzte, hortaz, etxe desberdinetan sartuko gara eta bertan ikuspegi argi eta maratza izango dugu edo giro itxia eta usain minak sumatuko ditugu. Izan ere, zentzumenek, bereziki usaimenak, garrantzi handia izango dute narrazio hauetan emozioekin batera, egoera desberdinetan jasotako sentsazioekin inarrosi egingo direlako behin eta berriz pertsonaiak. “Bien arteko isiltasunen arteko talka entzuten zen hozkailua ixtean”.

Arraroa eta berezia hitzak behin baino gehiagotan agertuko dira, baita haien definizioak ere, eguneroko agertoki hauetako ertz eta tolesek auzitan jarriko baitute errealitatea edo normaltasunaren pertzepzioa. Azkenik, eta aurrekoari lotuta, jende arteko desberdintasunak agerian utziko dituzte elkarrizketek eta narratzailearen iruzkinek, klase ertaineko emakumeen erradiografia bat eskainiz, haien kezka eta ezinegon batzuen agerpenaz: “Adin ertaineko andre kanonikoaren rola jokatu zenuen”.

Laburbilduz, etxe kantoietako hatsa sentituko dugu orriotan. Carver edo Munroren ipuinetan bezala, etxe arrotzetan sartzen utziko digu Rodriguezek, pertsona arrunten bizitzak ezagutzeko eta haien “munstrokeriak” deskubritzeko. Etxe hauetako kantoietan gorputzak biluztuko dizkigu eta espazioak ñabartu zenbait muga desitxuratuz. Etxeotako kantoietako hatsa sentituko dugu azalean, arnas leuna izango dena batzuetan eta kirats fina besteetan, bizitzak dituen une deserosoak ekarriko dizkigu bakoitzaren gorputzaz eta bizimoduaz hausnarketa egin dezagun, inguruan duguna ez delako dirudien bezain oso, finko eta argi: “Denak beldurgarriki berdin jarraitzen du”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu kritikak
Beldurra gogoko

Beldurrak airean
Aitor Arana
Ibaizabal, 2023

--------------------------------------------------

Zazpi ipuinek osatzen dute Aitor Aranak gazteentzako idatzi duen liburu hau. Ugaria eta ezaguna da Aranaren produkzioa; 125 liburutik gora idatzi ditu, horietako zenbait... [+]


Pagoa, zuhaitza

Altxa, hildakoak!
Fred Vargas
Txalaparta, 2024

------------------------------------------------

Egun batetik bestera, ordu batzuen buruan gertatu da gertatu dena: zuhaitz bat agertu da Sophiaren lorategian. Pago bat.
Hasiera horrek hartzen ditu liburuko lehen orriak... [+]


Emariari idatzitakoak

JAUSIZ
Alain Mendizabal Diaz
1545 argitaletxea, 2023

---------------------------------------------------

Itxuraz tente eusteari utzi eta behea jotzea zail egiten zaigu, grabitate indarrak zein soinean daramagunaren zamak lurrera erakarri arren. Hondoarekin topatzea,... [+]


Etorkizun utopikoen zirrimarrak

Zirriborroak eta gero
Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Lucía Baskaran, Harkaitz Cano, Gabriela Damián Miravete, Belén Gopegui, Karmele Jaio, Danele Sarriugarte, Iban Zaldua eta Patxi Zubizarreta
Consonni, 2023

[+]


Duela mende erdiko haurtzaroa

Begi bat kokotean
Juan Kruz Igerabide / Elena Odriozola
Ediciones modernas el embudo, 2023

--------------------------------------------------------

Umetan, atzera begira egoten nintzen maiz. 'Begia aterako zaik kokotean', mehatxatzen ninduan apaizak, elizan atzera... [+]


Eguneraketa berriak daude