1925etik 1934ra, Parisko dorrerik ezagunena Citröen auto markaren publizitate panela izan zen. Monumentuaren lau aldeetatik hirutan zeuden zazpi hizkiak jarrita; goitik behera 30 metro baino gehiago hartzen zituzten.
Guztira, 250.000 bonbilatik gora pizten ziren egunero ilunabarrean auto enpresaren izena lau haizetara –edo hirutara behintzat– zabaltzeko. Dorretik 30 kilometrora ere irakur zitekeen mezu sinplea. Markaren garrantzia nabarmendu eta argindarra xahutzeaz gain, kartel erraldoiak zerbitzurik ere eman zuen. 1927ko maiatzean, Charles Lindberghek Atlantikoa hegazkinez zeharkatu zuen lehenengoz. 33 orduko hegaldiaren ondoren, Citroënen kartela erabili zuen erreferentziatzat orientatu eta Parisen lur hartzeko.