Lehengo astean gonbidatu ninduen Bilboko Udalak jubilatzen diren “maisu-maistrei” urtero egiten dien omenaldira. Komatxoen artean idatzi dut maisu-maistra, alkate jaunak bere mintzaldian behin eta berriro erabili zuen terminoa, hain zuzen. Ni ez naiz maisu izan, ordea, nahiz eta esan litekeen zenbait urtez maisuarena egin nuela. Lizentziatua nauzue, eta irakasle aritu naiz ia bizitza osoan, adin guztietako ikasleak izan ditudalarik euskaltegian, unibertsitatean, eskolan, institutuan eta, azken hogeitaka urtetan, Iralen.
Aitak hil aurreko azken urteetan maiz esaten zidan: ”Seme, ez dakit zer egiten dudan, baina ez daukat ezertarako astirik”. Nik barre egiten nion; baina orain ulertzen dut ederto baino hobeto, neuri ere gauza bera gertatzen zait-etaLehen eta Bigarren Hezkuntzakoak izan ginen omenduak; denok irakasle, beraz. Hori zen alkateak erabili beharreko terminoa, irakasle. Haatik, badirudi maisu edo maistra erabiltzeak ahalbidetzen duela xamurkiago, eztikiago hitz egitea, umeak irudikatzen baititugu. Edozelan ere, egia borobila esan zuen alkate jaunak: zailagoa da heztea irakastea baino. Irakasleok, maisu-maistrak barne, irakatsi behar dugu; baina baita hezi ere, batez ere ume-gaztetxoekin arituz gero. Heziketa gurasoekin eta, oro har, gizartearekin elkar banaturiko lana da, halere. Hori nerabilen buruan, alkateari entzun ahala. Pentsatu nuen ni haurra nintzenekoaren kontrara, oraingo gurasoek autoritate guztia kendu ohi dietela irakasleei, elkarlana izan behar zena ia elkarren kontrako lehia bihurtuz. Eta, horren ondorioz, besteak beste, egun ume-gaztetxoekin aritzea orduan baino askoz zailagoa izan behar zaiela irakasle-maisu-maistrei, eta ongi merezia dutela/dugula omenaldi xumea.
Aitak hil aurreko azken urteetan maiz esaten zidan: "Seme, ez dakit zer egiten dudan, baina ez daukat ezertarako astirik”. Nik barre egiten nion; baina orain ulertzen dut ederto baino hobeto, neuri ere gauza bera gertatzen zait-eta
Hainbat medio egon ziren ekitaldiaren berri eman guraz. Hiru ziren zehazki: irrati, egunkari eta telebista bana; eta hirurek bertan geunden ia ehun lagunetatik ni aukeratu ninduten jubilatu izatearen esperientziaz berba egiteko. Bitxia! Irratian zuzenean nengoela hizketan, etorri zitzaidan burura aitak hil aurreko azken urteetan maiz esaten zidana: “Seme, ez dakit zer egiten dudan, baina ez daukat ezertarako astirik”. Nik barre egiten nion; baina orain ulertzen dut ederto baino hobeto, neuri ere gauza bera gertatzen zait-eta.
Egin ez dut ezer berezirik egiten, baina denbora oso okupatua izaten dut: paseatu, kafea hartu, egunkariei begiratua, erosketak, etxeko kontuak, ordenagailuan aritu (hori ezin falta!)… eta, jakina, antzerkira, zinera eta abarretara joan. Esandakoa, ez dut ezertarako astirik. Hori bai, dena egiten dut batere estresik gabe, eta horrek ez du preziorik. Lehengo egunean irakurri nuen Elvira Lindoren artikulu polit bat, “adineko andreak dira kafetegiak, zinema-aretoak, antzokiak eta kultur ekitaldi oro betetzen dituztenak” zioen. Ni adineko andre ez, baina adineko gizona banaiz. Alajaina!