Bizkaiko Ttak Kolektiboko kide da David Lopategi. Lantaldea osatzen duten zazpi lagunak lehenagotik ezagutzen baziren ere, Baserritik Mundura ikastaroko lehen edizioan hasi ziren elkarlanean. “Denok genbiltzan lehenagotik elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren inguruan lanean: batzuk baserritarrak ziren, beste zenbait eragile sozialetako kide”, azaldu digu Lopategik. Badute batzen dituen beste zerbait ere: “Lan kolektiboaren sinesle amorratuak gara”. Lan kolektibo horretatik sortu dute Ttak.
Ikastaroan elkarrekin oso gustura aritu ondoren, sortutako konexioari jarraipena eman behar zitzaiola pentsatu zuten. “Oinarri ideologiko sendoa hartu genuen ikastaroan, eta etorkizunari begirako ideiak ere argitu genituen”, dio Lopategik. Horri segida ematen eta teoriatik praktikara pasatzen ari dira orain.
Kolektiboaren lehen proiektua Ttak Kontserbak da. Gamizeko (Bizkaia) baserrian ekoizten dituzte elikagai ekologikoak, ondoren Zeberioko Maskilu kontserberan eraldatu eta merkaturatze bide laburretatik edota zuzenean saltzeko. “Zirkuitu osoa ixten duen proiektu honekin lehen sektorean lekutxo bat egitea eta beste eragileekin saretzen joatea da asmoa”. Argi dute kontserbena lehen urratsa baino ez dela eta etorkizunean elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren inguruko esparru gehiago landu nahi dituztela.
Elikadura burujabetza osotasunean ahalik eta gehien garatzea dute helburu. Formakuntza, kolektiboen dinamizazio, sentsibilizazio nahiz kontsultoria lanak egitea, besteak beste. “Paradigma eraldatzailea da elikadura burujabetza, gauza guztiak ukitzen ditu: lurraldeaz ari gara, elikaduraz, harreman sozialez, ekonomiaz, paisaiaren kudeaketaz, ingurumenaz… Gure proiektu kolektiboa horren guztiaren zerbitzura jarri nahi dugu”, dio Lopategik.
Aurtengo udaberrian sortu berria, denbora laburrean ari da fruituak ematen proiektua. “Prozesu polita izaten ari da, asko eztabaidatzen dugu, eta batez ere, erabakiak adostasunetik hartzen ditugu”. Eta jendearen harrera ona ikusita, pozik daude: “Gure apustuari indarra eta ilusioa ematen dio”.