Ez da hainbeste denbora Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) kontzeptua ezagutu nuela. Izena behintzat orain bizpahiru edo gehienez ere lau urte jarriko nion, agian ordura arte nire inguruan naturalki ikusi edo bizi izan nituen zenbait praktika eta egiteko moduri. Baina orain ESE da, gure mikroan bederen, modan dagoen hitza. ARGIAn ere zenbat aldiz idatzi dugu honi buruz? Zenbat esperientzia kontatu eta hausnarketa plazaratu ditugu? Ez daukazu erantzun beharrik, irakurle; asko, badakit. Baina guk idazten dugun hori egiten al dugu gero etxe barruan?
Farapi produkzio kooperatibak parte-hartze prozesu bat bideratu du ARGIAn azken hilabeteotan, enpresak duen erantzunkidetasun sozialaren inguruan. Farapik tresna bat sortu du gaia erakunde eta enpresetan lantzeko: diagnostikoa egin eta emaitzen araberako lan ildoak markatzeko. Erantzunkidetasun sozialeranzko bidean jartzeko, edo bidean direnek hobekuntzak egin ahal izateko. Kasu honetan, Beterriko Garapen Agentziarekin elkarlanean eman ditu lehen pausoak kooperatibak tresna hau eskualdeko hainbat enpresatan aplikatzeko.
“Enpresak dirua irabazteko soilik antolatzen dira normalean”, azaldu digu Nico Foroni Farapiko kideak. Baina zein inpaktu dute ingurumenean, gizartean edo lurraldetasunean? Bederatzi irizpideren inguruko hausnarketa lantzen da lehen saio hauetan; hornitzaile eta bezeroekiko harremana, langileen baldintzak, ingurumena edo parte-hartzea, esaterako.
ARGIAk gai hauek aurretik ere landuta dituela nabaritzen dela azaldu digu Nico Foronik. “Bederatzi irizpideetan oso emaitza onak eman ditu, baina baditu gauzak hobetzeko, eta horri heldu behar zaio orain”, dio. Hiru mailatan banatzen da ibilbidea. ARGIAk lehenengoa egin du, diagnostiko eta hausnarketarena. Hortik abiatuta, bigarren fasera pasako da: jada emaitzak eskuetan izanik, hobekuntza plana jarriko da martxan, eta epe ertainera eman beharreko pausuak markatuko dira.