argia.eus
INPRIMATU
Gauzaki izateari utzi, pertsona izateko
  • Joan den astean albiste politiko garrantzitsua jazo zen Espainiako Estatuan. El País egunkariak honela zioen: “Animaliak gauzaki izateari utziko diote”.

Juan Mari Arregi 2017ko abenduaren 19a

Hala da. Espainiako Kongresuak aho batez onartu zuen PPren lege proposamena animaliak pasa daitezen gauzaki kontsideratzetik izaki bizidun moduan tratatzera, eta eskubideak edukitzera. Horretarako Kode Zibila aldatu beharko da, baita Hipoteken eta Prozedura Zibilen Legea ere. PPren arabera “paradoxikoa da Kode Penalak 2003tik ezberdintzea gauzei egiten zaizkien kalteak eta animaliei egiten zaizkienak, baina Kode Zibilak ez onartzea animaliak sentsibilitatea duten izaki bizidunak direla”.

Sektore animalistak pozik dira, eta ea “sentsibilitate” horrek eramaten duen Kongresua, esaterako, odola heriotzara arte isurtzen den zezenketak debekatzera. Animaliekiko sentsibilitateak, bestalde, isla izan beharko luke beste izaki bizidun batzuenganako arduran, gure jendartea osatzen dutenenganakoa hain zuzen. Hor daude milioika langabetuak; dozenaka mila langile 707 euroko gutxieneko soldatara iristen ez direnak; 408 euro eskas kobratu eta urtean %0,25eko igoerarekin biziraun behar duten pentsionista eta alargunak; hor daude milaka immigrante, txabola eta aterpeetan pilatuta; eta jendeari libreki ibiltzen uzten ez dioten harresiak; emakume eta gizonen arteko ezberdintasun lotsagarria ere hor dago, soldatetan nahiz gizarteko beste arlo askotan; milaka lagun daude gaixo eta medikazio egoki baterako laguntzarik gabe…

Pertsona horiek, gauzakiak edo izaki “sentikorrak” dira? Horiek ere eskubideak dituzten subjektuak badira, beste gobernu-politika batzuk behar dituzte euren beharrak modu egokian asetzeko. Gauzaki izatetik, pertsona izateko.