Borneo kiskali dute eta kazetari bat behar da egia itsusia azaltzeko

  • André Vltchek kazetaria, ARGIAren irakurleak azaroko LARRUN gehigarrian –Gerrako ekologia– ezagutu duena, Borneo uhartean ari da filmatzen munduko txikiziorik handienetako baten kronika izango den dokumentala. Duela gutxi arte bioaniztasunaren paradisu izandako irla erraldoian oihanak oro eraitsi eta lurzoruak mineral bila harrotuta, Borneoko ekosistema aberatsa bezala gizarte sarea suntsitu dituzte Mendebaldeko multinazionalek.

André Vltchek Borneoko kroniketako bat irudiztatzeko egindako argazkian, Bu Elvi anderea berak erre duen baso zatia erakusten, ke artean, esku eta oinak beltz kedarrez. Elvi ez da oroitzen parajeok oihan eta baratze tropikal ziren garaiez, Suharto jeneral
André Vltchek Borneoko kroniketako bat irudiztatzeko egindako argazkian, Bu Elvi anderea berak erre duen baso zatia erakusten, ke artean, esku eta oinak beltz kedarrez. Elvi ez da oroitzen parajeok oihan eta baratze tropikal ziren garaiez, Suharto jeneralak AEBen aginduetara hemen ezarritako nekazaritza industrialean hazia, kautxua ekoizten zuen prezio ona egiten zueno, orain prezioa jaitsi dela-eta arbolak erre ditu. Inguratzen duen kutsadura eta suntsiketa beti hor egon balira bezala mintzatu zaio kazetariari.

Groenlandia eta Ginea Berriaren ondotik, planetako hirugarren uharte handiena da Borneo, 743.000 kilometro karratu (konparatzeko, Espainiak 505.000 dauzka), 16 milioi biztanle. Indonesia da horien bi herenen jabe eta Malaysia gainerako herenarena, mutur txiki bat utziz Brunei sultanerriari. André Vltchek Borneorekin itsututa zergatik dabilen azaltzeko, onena hemen errepikatzea azaroan Investig’Action hedabidean plazaratu duen Borneo, uhartea suntsituta, jendearen ezjakinean” kronikaren pasarte bat. Hona.

“Eta uhartea erretzen ari dira. Edonon daude isuri kimiko higuingarriak. Legez kontra bilatzen dute urrea bai lurpean eta bai erreka handi baina itsuski kutsatuen erdian; hondeatze lanak erraz ikusten dira airetik eta lurrazalean, baina ‘botere handiko jendeek’ zaintzen dituzte, baita indar armatuek ere, eta horregatik dira ukiezinak.

Gaur Borneo aipatzeak esan nahi du meatze bila hondeatzea eta zuhaitzak eraistea, baita zuhaitz plantazio beldurgarriak ere, dagoenekoz lurraldearen gehiena kanibalizatu dutenak. Ezer ez da ekoizten hemen, baina denetik atera eta erauzten da.

Jendeak galtzen ari dira bere lurra. Beren osasuna galtzen dute, baita biziak ere. Planeta galtzen ari da bere birikak –oihan tropikalak– edo zuzenago esateko, dagoenekoz galdu ditu artxipelago honetan zeuzkanak. Kapitalismo basatia, ustelkeria moral eta finantzazkoa, kontrolik gabeko multinazionalak; hau da norabidea erabat galdutako herrialde honen egia itsusia, egia ikaragarria.

Badirudi Borneo azkenetan dagoela. Indonesia osoa da jokoaren amaierara iritsi dena, baina badirudi politikoki itsusia dela horrelakorik esatea Mendebaldean, batik bat hedabide nagusietan. Indonesia, azken finean, bere burua ari da hondatzen Mendebaldea aberastu ahal izateko. Horrela zen kolonialismo garaian, eta horrela izan da berriro 1965ean AEBek sustatuta militarrek estatu kolpea eman zutenetik.

Lan egiten dut Afganistanen ere, Ekialde Hurbilean eta Afrikan erabat hondoa jotako hainbat herrialdetan. Hemen, Borneon, haietan bezala dabiltza gauza guztiak. Bakea ote da hemen bizi dutena? Ez zait iruditzen. Niretzako gerra baten antza du, gerra izugarri bortitz batena. Jendeak bere jendearen kontra egiten duen gerra dirudi, jendeak naturari eta izaki guztiei egindako gerra, basoen eta erreken eta baita biziaren beraren aurkako gerra.

Amesgaizto neokolonial bat dirudi. Asiako lekurik ederrena izan zena kixkalita dago, orbainez betea eta oinaze latzetan. Baina oraindik arnasa badauka, bizirik dago. Eta bizi denaren alde borroka egitea beti merezi du”.

André Vltchek (1962) kazetari eta dokumentalgilea Leningradon sortu zen –gaur San Petersburgo, Errusia–. Iparramerikarra nazionalitatez, ezaguna da hedabide handi bezala txikietan argitaratu kronikengatik, halaber liburuengatik. Euskal Herrian Txalapartak gaztelaniaz argitaratu zion Noam Chomskyrekin egindako Mendebaldeko terrorismoa. Dokumental saila ere egina du, Ruanda eta Kongoko gerraz eta beste hainbatez.

Joan den negu-udaberrian kronika bikainak bidali zituen Afganistandik. Baina azken urteetan batik bat Asia Ekialdean dabil, Kanbodian bezala Indonesian. Herrialde honen kiebraz idatzia du “Indonesia, beldurraren artxipelagoa”. Borneora egindako azken bidaian ikusi zuen suntsiketak, halere, shock batek bezala astindu omen zuen Vltchek eta hala erabaki du indar berezi bat egitea hura kronika eta irudietan azaltzeko.

Nor oroitzen da Sukarnoz

Asia urruneko eskualde hura ondo ezagutzen duen Vltchek ez du espero bertako inor ausartzea hango infernu ahantzia kontatzera. Indonesiako ustezko paradisuetara doazen turistek horren ideia zipitzik ez duten arren, milaka herritar masakraturen odoletan itotako bakea bizi dute han. 1965an Suharto jeneralak hartu zuenetik boterea, orduan lehendakari eta Hirugarren Munduko lider aurrerazaleen erreferentzia zen Sukarno kenduta, milioi erdi heriotza eta beste milioi eta erdi gehiago espetxeratzeren prezioa pagatuz eraman zuen Indonesia Mendebaldearen kontrolpera.

Orain, dio Vltchekek, hango elitea kolonialismoaren garairik okerrenetan adina dago Europaren eta AEBen morroi. Hezkuntzak ez du egiten haur eta gazteen brainwashing [burmuin garbiketa] baizik, kultur munduan idazle eta zinegileek mendebal kutsua kopiatu nahi duen zaborra ekoizten dute, ez da entzuten gizartean bezala ingurumenean kapitalak egindako desmasiak salatzen dituen ahotsik. 60ko hamarkadako komunismoa bortxaz lurperaturik, herritar asko babestu da fundamentalismoetan, izan kristau edo musulman. Alde horretatik uste du Vltchekek Mendebaleko potentziek bigarren Ekialde Hurbil bat sorrarazi dutela Ekialde Urrun hartan.

Baina jendea bizi da Borneon ere. Bizi beharra daukaten jendeak aurkitu eta aurkezten dizkigu bere kroniketan Vltchek. Zer gertatu zaien ulertuta sufritzen dutenak, hondamendiaren xehetasunak erakusten dizkiotenak. Baina baita egoera berrira egokitu direnak, oihanetako azken zuhaitzak errez eta kautxuarekin edo mineral bila, bizitzeko adinako negozioa egin nahi dutenak, gauzak bestela izan litezkeenik burutik pasatzen ez zaienak.

Bu Elvi anderea, esaterako, familiako kautxu arbol basoa erretzen aurkitu du Sintang eskualdean. Bertan zegon oihan tropikala aspaldi eraitsita, familiak kautxu arboladi txiki bat lantzen zuen, baina antza denez –Elvik lehengaien burtsa jarraitzen du hedabideetatik– kautxua ez da errentagarri garaiotan, prezioek behera egin eta gobernuak dirulaguntzak kendurik. Fuera kautxu arbolak eta beste zerbaitetara.

Baina nork esango du Elvi oker ari denik? Suhartoz geroztik mundu guztiak nekazariei agindu diena bete du, ekonomia globalizatuak Ekialde Urruneko nekazariei eskatutakoa konplitu. Lana latz eginda diru bat irabazi du eta harrotasunez aldarrikatu dezake bere buruaren jabe bizi dela, inori erreguka joan behar barik. Agintariek nahi zituzten indonesiar berrietako bat da Bu Elvi, nork aurpegiratu behar dio ezer?  

Vltchekek laguntza eskatzen die irakurleei dokumental berria bururaino eramateko. “Hemen ari naiz ito beharrean lanean Borneon: filmatzen, idazten, argazkiak ateratzen. Badira sostengatzen nautenak, laguntzen ahalegintzen direnak. Lortuko ote dugu zerbait? Hala nahi nuke. Lortu behar dugu, zeren eta bestela laster hemen eta alde orotan dena pribatizatu, komertzializatu eta menturaz suntsituko dute”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Basoen suntsiketa
2024-04-09 | ARGIA
11.000 zuhaitzen mozketa aldarrikatu dute Azpeitian eta Berangon, “landaketa industrialaren” aurkako ekintzan

Lurraren Altxamenduak mugimenduak eman du “aurreko asteetan” buruturiko ekintzaren berri. Zuhaitz landaketaren eredu industriala krisi ekosozialaren eragile garrantzitsua dela salatu du mugimenduak, naturaren eta langileen esplotazioan oinarritzen delako eta lurra... [+]


2023-01-04 | ARGIA
Islandiaren tamaina adina baso suntsitzen da urtero munduan, NBEren arabera

Ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako Nazio Batuen Elkarteko programak egindako txosten baten arabera, urtero 10 milioi hektarea baso suntsitzen da munduan, Portugal edo Islandiaren tamainakoa. Deforestazioak munduko gas-isurien %25 dakarrela ohartarazi du erakundeak.


2021-04-23 | Aiaraldea
Mario Corral, 'Peru':
"Arazoa ez da eukaliptoa soilik, basoen ustiapen eredua erabat eraldatu behar dugu"

 Mario Corral, Peru (Gasteiz, 1968) Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformako kidea da, beste hainbat auzokiderekin batera. Kezkaz bizi dute eukaliptoaren hedapen masiboa.


Eguneraketa berriak daude