argia.eus
INPRIMATU
Bide baketsuen aldeko apustua
Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko abenduaren 22a

Kataluniako mugimendu antifaxistak bide baketsuen aldeko apustua egin du. “Autodefentsa jarrera alde batera utzi dugu egoerak hala eskatu digulako”, dio Karimek. Irrifar txikia du ahoan, eta prozesu horrek eragin dituen kontraesanak aipatu ditu. “Bide baketsuekin lortzen ari garena ikusita, biolentzia alde batera uztea erabaki dugu”, gehitu du Fèlixek, “Espainiako Estatuak nahi ez zuen erantzuna eman dugu, erantzun baketsua”.

“Urriaren 1aren bueltan jende asko politizatu da”, dio Karimek. Orain esperientzia antierrepresiboaren inguruan interes handia dagoela adierazi dute hirurek. “Polizia Nazionala eta Guardia Zibila polizia txarrak direla uste du jende askok, Esquadra Mossoak, ordea, onak, gure lana da erakustea guztiek erabiltzen dutela errepresioa” gaineratu du Evak. Ulertzen dute batzuek Esquadra Mossoekiko konplizitate hori izatea, irudi harrigarriak ikusteko parada izan baitute erreferendumaren harira, guardia zibilak eta Mossoak aurrez aurre  jartzea adibidez.