Islandiatik etorri zaigu, azken egunetan, Utopiaren soinu banda Björk erraldoiaren eskutik eta urtea bukatzen doala Axiari aita-semeek Joseba Irazokirekin, Omaha hiriaren bihotzetik oparitzen diguten albuma, biak uztartzen ahal ditugu Eguberriko menskeria kontsumitzaileen hatzak ezabatzeko: buklean entzuten ditugu Tabula Rasa eta Wounded Knee Prayer… Egiaren errateko Oier Etxeberriaren Locuela sinetsi ezinak belarri zokoan dauzkagula garunak alaitzeko!
Erakunde armatuak orain presoak beraien bideak azpatzeko aske utzi ditu, legedia komunak onartzera hots, hainbat urtez estatutu politikoa aldarrikatu ondoan! Borroka galdua zela ikusi zukeen garaian bertan abandona zezakeen kartzelako gai hau. Arren, hurbildu daitezela presoak, atera daitezela atera behar dutenak eta hortik aurrera herri honen etorkizuna birpentsa dezagun kolektiboki eta guhaurrekiko begi kritikoa landuz, biolentzia eta bortizkeria jaiduren nostalgiarik gabe.
Elurrak estaltzen ditu Reykjavikeko ilunpeak eta Springsteenek aspaldi abesturiko Nebraskako lautada hormatuak. Musikak salbatu gaitu betidanik. Aldion ere tabula rasa egitear gaudenean, melodia anitzek eramango gaituzte urratsez are harago.