Duela 110 urte jaio zen Jesus Olasagasti Irigoien (Donostia, 1907ko abenduaren 20a - Donostia, 1955eko abuztuaren 5a), eta erdi ahaztuta dugu jada. 2007an eskaini zioten erakusketa bat, bere jaiotzaren mendeurrenean. Harrezkero, bere erretratuetako jendeek ez dute jende askorik ikusi.
Hemeretzi urterekin margotu zuen hemengo koadro hau: inpresionismo osteko joeren eragina nabari du, fauvismoarena esaterako, Matisse dakar gogora, askea da pintzela. Abangoardia zalea izan zen gaztetan, Europan zehar ibili zen orduko beste artista asko bezala, belakia zen, gustuko zituen artista eta joerak bereganatu zituen.
Jaioterrira bueltan, abangoardia zaletasun horrek Rhin eta Madrid kafetegietako tertulietara eraman zuen, eta ondoren GU elkartea sortzera, beste artista, arkitekto, idazle batzuekin batera. Tartean ziren Juan Cabanas Erauskin eta Jose Manuel Aizpurua. Futuristei gertatu bezala, hauei ere abangoardia zaletasunak faxismoarekin lerratzea ekarri zien.
Afixak egin zituen frankistentzat. Eta paradoxa horretan geratu zen harrapatuta Jesus Olasagasti artista: abangoardiaren aldeko uste zuten mugimendua berehala agertu zen erreakzionario, atzerakoi, edozein berritasun estetikoren kontrako. Eta gerra ostean, gaztetako eraginak eta aldaketa grinak erabat ahaztuta, erretratuak egin zituen bizitzeko, erretratu akademikoak, Donostiako aberatsenak, elizgizonenak, agintarienak.
Enkarguz egiten zuen lana batik bat, eta ito egiten zuen horrek. Alkoholari emana bizi izan zen azken urteetan. Gazterik hil zen, 48 betetzeke. Bere arte lanagatik baino, ia ezagunagoa da Donostiako arte giroa suspertzen egindako lanagatik eta, batez ere, gerora artista bilakatu ziren gazteei eskolak emateagatik, Bixente Ameztoi tartean, iloba zuena.