Gure Errepublikaren Alde manifestua irakurri dut oraintxe. ARGIAk publikatu berri du, aste honetako kontua da. Gure proiektuari bultzada bat gehiago emateko pausoa, orain urtebeteko Darpidegu kanpainaren jarraipena, ahizpa, anaia, seme edo alaba; nahiago duzun bezala ulertu.
Gure Errepublikaren Alde. Erreferentzia polita prozesu korapilatsuan indartsu bezain irribarretsu eta ilusioz herri proiektu berri bat eraiki nahian dabiltzan lagun kataluniarrei. Gure herrian ere bat baino gehiago izango da gure errepublikarekin ametsetan bere buruari hamaika galdera egin dizkiona: zein izango da gure bandera? Zein gure ereserkia? Nola egongo dira antolatuta gure herrialdeak? Eta gure finantziazio sistema zein izango da? Eta abar eta abar. Euskal Herriaren independentzia. Hitz potoloak oso. Eta gure esku... egongo da, baina urrun ikusten dut oraingoz.
Baina helburu potoloena lortu bitartean ezer ez? Ez. Lan egin dezakegu (eta egin nahi dugu) herri ikuspegiarekin; herri justuago eta arduratsuago bat eraikitzen lagundu. ARGIAk bide horretan pausoak ematen jarraitu gura du bere filosofiari eutsiz: Txikitik eragiten. Bere esku dagoena modurik kontzienteenean egiten, komunitate ahalik eta zabalena osatzen eta eurekin ideiak eta asmoak partekatzen. Horixe da, azken batean, irakurri berri dudan manifestuaren muina. Jarrai dezagun gure errepublikaren alde urratsak ematen. Egin dezagun amets errepublika txiki honen etorkizunarekin, eta egin diezazkiogun hamaika galdera gure buruari baldintza hipotetikorik gabe, agian gure txikian baldintza errealak balio dezake.
Egin dezagun elkarrekin amets, eta jarrai dezagun indartzen indartzen gaituena. Bakoitzak bere alea jartzen du lurralde honetan, ahal duena, eta behar duena jaso. Komunitateak indartzen du ARGIA, komunitatean sinesten dugu, eta komunitateak proiektuan sinesten duelako gara sinesgarriago.
Baloreetan oinarritutako kazetaritzak zerbait eraikitzen du. Hurrengo harria gurekin batera jarri nahi?