"Badirudi hizkuntza menderatzen dugula, baina ezin dugu hitz egin gure instrumentuarekin"

  • Film luze eta labur, dokumental, antzerki lan, dantza ikuskizun edo bideo jokoetarako soinu banden egilea da. Inprobisatzen eta musikarekin jolasten jartzen dio soinu banda bizitzari.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Gorka Pastor (Iruñea, 1979)

Konpositorea eta musika irakaslea. Koldo Pastor konpositore iruindar ezagunaren seme gazteena. 2016an Goya saria irabazi zuen Hijos de la tierra filmari musika jarri zion berak. THC eta Garufa Tango taldeetako kidea izan da eta hemezortzi urtez Noaingo Musika Eskolako piano eta inprobisazio irakaslea. Azken hamar urteotan bederatzi antzezlan eta hamabi film labur eta dokumentalen musika doinuak konposatu ditu. Joan den urrian Método intuitivo de piano liburua plazaratu zuen, musika jakin gabe pianoa jotzeko irakats liburua.

Nola sortu zen pianorako intuiziozko metodoa sortzeko ideia?

Martxoan Ilus Books argitaletxekoak harremanetan jarri ziren nirekin eta metodo hau egiteko proposamena luzatu zidaten. Estatuan hamabi musikariri egin ziguten proposamen bera eta azkenean nire proiektua aukeratu zuten. Polita iruditu zitzaidan, halako ariketak betidanik landu izan ditudalako nire ikasleekin. Ideia da lehen unetik edozeinek jo ahal izatea liburuan biltzen diren 49 kanta modernoen akordeak. Lau oinarrizko akordeak ikasita eta erritmo desberdinekin ia edozein abesti jo dezakegu. Gainera, liburua oso ongi ilustratuta dago eta erraz ulertzen da dena. Hemen melodia ez da agertzen. Hau pentsatuta dago akonpainamendu gisa, abesteko edo kantaren grabazioarekin batera jotzeko, ez bat-batean piano jotzaile ikaragarri bihurtzeko. Hau ez da magia. Bide errazagoa erakutsi nahi diot jendeari oinarri bat hartzeko, besterik ez.

Musika ikasten ari garenean ematen du lehenengo musika irakurtzen eta idazten ikasi behar dugula eta instrumentua azken esperientzia dela, baina horrek ez du zertan horrela izan. Beste toki askotan, Afrikan esate baterako, oso bestelakoa da musikarekiko harremana. Hemen ematen du asko jakin behar duzula jolasten hasteko, baina prozesua gehiegi luzatzen baduzu zerbait ez oso naturala bihurtzen da azkenean. Gure hezkuntza sistemaren akatsa da. XIX. mendeko birtuosismoan oinarritzen da eta ematen du mundu guztiak kontzertista izan behar duela, baina jende guztiak ez du kontzertista izan nahi. Nik neuk, adibidez, konpositorea izan nahi izan dut betidanik, aita bezala.

Zergatik?

Gauzak imajinatzea delako gehien gustatzen zaidana: margoak, ipuinak eta baita musika ere. 10 urterekin hasi nintzen musika piezak konposatzen, jolas moduan. Hasieran jotzen nituen eta gero idazten ere hasi nintzen. Margotzea ere maite dut. Zalantzan izan nintzen, ez bainekien piano ikasketak bukatu edo Arte Ederrak egin.

“'Hijos de la Tierra'k Goya saria irabazi ondoren hemengo jende asko hasi da nire lana kontuan hartzen. Badirudi batzuetan halako sari bat behar dela jendeak ikus dezan hemen egiten den lana ere ona dela”

Zergatik ematen diozu hainbesteko garrantzia inprobisazioari?

Niretzat inprobisatzea hitz egitea bezala da. Musikan bat-batean jotzen badut norbaitekin, hizketan ari gara eta gozatzen, baina kontserbatorioetan gauzak buruz ikasaraztea da lan egiteko modua. Sistema horrekin ikasten ari den bati galdera bat egiten badiozu ez daki erantzuten. Hori, nire ustez, kristoren akatsa da. Badirudi hizkuntza menderatzen dugula, baina ezin dugu hitz egin gure instrumentuarekin. Aldatu beharra dago. Beste toki askotan jolasten dira musikarekin, inprobisatzen dute etengabe. Komunikazio hori sortzea da indartu behar duguna. Beldurra apurtu eta musikaren mundura gonbidatu jendea. Baina askotan irakasleek ez dute nahi, beldurra ematen dielako. Horregatik irakasten dute haiek ikasi zutena. Horretaz ohartu nintzenean, eskolak ematen hasi eta oso gutxira, hasi nintzen nire irakasteko modua aldatzen. Asko ikasi dut eskolak ematen. Nire jakinduria bazen gruyere gazta baten antzekoa eta eskolak ematerakoan nituen hutsuneak betetzen joan naiz. Oso zoriontsu izan naiz.

Hala ere 18 urteren ondoren eskolak emateari utzi diozu. Zergatik?

Nekatuta nengoen eta aldaketa behar nuen. Zaila izan da erabakia hartzea, baina pozik nago orain. Pena eman zidan eskolakoak nire lagunak direlako, ia-ia nire familia. Baina soilik noizbait eskolak eman dituenak daki zenbat energia xahutzen den. Eskolak ematea maite dut, baina nire bokazioa sortzea da.

Behar nuen denbora pianoa jotzeko, bidaiatzeko, irakurtzeko, margotzeko… Berriki Gaiarre antzokian egin den scape-room baterako eta antzerki lan baterako musikak egin ditut, eta aukera izan dut entseguetara joateko, adibidez. Hori egin behar da emaitza bikaina lortu nahi baduzu. Korrika eta presaka ibiltzea ez da ona. Bestalde, azken hiru film proiektuetan zuzeneko soinua ere grabatzeko eskatu didate eta bidaia asko egin behar dira horretarako.  

Orain denbora gehiagorekin zer duzu askatasun handiagoa edo eromen handiagoa?

Bietatik, baina ni horrela oso gustura nago. Gauza bat bakarrik egingo banu desorekatuta egongo nintzateke eta zuzeneko emanaldien energia ere ez dut galdu nahi.

Zer proiektu dituzu orain esku artean?

Amerikako Estatu Batuetatik iritsi berria naiz. Han La llave maestra talde nafar-txiletarrarekin work-shop batean parte hartu dut. Oso interesgarria izan da. Itzulitakoan bi asteko ikastaro interesgarria egin dut Donostian bideo-joko, antzerki eta zinemarako soinu bandak egiteko Paula Olazekin.

Orain lau pelikulatan nabil: Patxi Urizekin Los últimos de la mejana, Ultreia Films etxearen proiektuan; Nafarroako Erriberako baratzeak berreskuratzea bultzatzea eta elikatzeko ohitura osasungarriagoetara itzultzeko beharraz sentsibilizatzea asmoa duen filma. Bestalde Hijos de la Tierra-ko produkzioa egin zuen Sandra Iraizozek idatzitako liburu bat, En un minuto tu vida cambia, zinemara eraman nahi dute Kolonbiaren eta Brasilen arteko koprodukzio batean eta hor ari naiz. Hirugarrena da Pili Múgicaren Penitencia film laburra, kartzela eta bergizarteratzeari buruzko lana. Eta laugarrena Oskar Tejedorren fikziozko film laburra. Oso gustura ari naiz horretan, nire lan gehienak dokumentalak izan direlako, eta hau aldiz fikzioa da.

“Pelikula normal batean 40-45 minutuko musika sar dezakegu, baina bideo-jokoan agian
30 edo 40 ordu”

Ingalaterra aldera ere jo nahi duzu.

Horiez gain, nire proiektu pertsonalena ari naiz prestatzen Euskal Herriko abeslari batekin. Pop britainiarra ukitu elektronikoarekin ari gara lantzen. Duela hiru urte hasi ginen eta laster hurrengo urrats bat eman nahi dugu Ingalaterran. Beste ideia asko dauzkat buruan. Film eta antzerki obretarako sortu ditudan konposizioak moldatu nahi ditut Iruñeko Zura Quartet harizko laukotearekin emateko. Nik haiekin pianoa eta sintetizadoreak joko ditut eta gustatuko litzaiguke, aldi berean, irudi muntaketa bat egitea,  noiz eta zertarako egin dudan musika hori guztia azalduz. Kontzertu pedagogiko moduko bat egin nahi dut. Izugarri gustatzen zait jendaurrean jotzea.

Zer zen THC?

THC 1999an Iruñean sortu genuen funk-jazz musika taldea izan zen. Maketa bat eta bi disko grabatu genituen, duela bederatzi urte taldea desegin arte.

Eta Garufa Tango?

Garufa Tango taldea sortu genuen ahotsa eta pianoa uztartuz, Euskal Herrian eta Italian tango errepertorio klasikoa eskainiz. Proiektu horren bidez Buenos Airesen denboraldi bat egin nuen, musika estilo horretan sakontzeko.

Argazkia: Dani Blanco.

Film bateko soinu banda onena nabaritzen ez dena da?

Esaten dute pelikula oso gustura ikusi ondoren, musika ez baduzu gogoratzen, horrek esan nahi duela ongi kokatuta zegoela. Musikak ez du goitik egon behar, ezta desagertuta ere. Musika egileen asmoa da beste dimentsio bat ematea pelikulari. Izan ere, badira istorio batzuk musikarik gabe ongi ulertzen ez direnak. Musikak filma lagundu behar du. Hemen musika ez da protagonista, kontzertu batean bezala. Bideo-joko eta film batean lagundu behar dugu zuzendariaren helburua indartzen, horregatik gure egoa bigarren planoan utzi behar dugu.

Merkatuari dagokionez, nola dago lanbide hori?

Azkeneko lau urteetan bost pelikulatarako eta bost antzerki obratarako musika konposizioak egin ditut eta gero eta argiago ikusi dut hori dela nire bidea. Hijos de la Tierrak Goya saria irabazi ondoren hemengo jende asko hasi da nire lana kontuan hartzen. Badirudi batzuetan halako sari bat behar dela jendeak ikus dezan hemen egiten den lana ere ona dela.

Bestalde, bere garaian zinemarekin sortu zen izugarrizko aukera musika konpositoreentzat eta orain bideo-jokoekin gauza bera gertatzen ari da. Bideo-jokoek pelikulek baino aurrekontu handiagoa izaten dute. Esaten dute Espainian populazioaren erdia egunero jolasten dela halako jokoekin. Izugarrizko merkatua dago. Batzuetan orkestra sinfonikoekin grabatutako soinu bandak ere izaten dituzte. Pelikula normal batean 40-45 minutuko musika sar dezakegu, baina bideo-jokoan agian 30 edo 40 ordu. Nik bideo-joko baterako konposatu dut musika eta oso esperientzia polita izan da. Asko gustatzen zaizkit jokoak eta aukera handiak ematen dituzte.

“Kulturalki askotan kexatzen gara laguntza handirik ez dagoelako edo gauza gutxi egiten direlako, baina egia da, bestalde, gauza pila programatzen direla
eta gu geu ere
ez garela joaten”

Nola egiten da soinu banda bat?

Lehen pausoa da zuzendariarekin asko hitz egitea eta bere asmoak ulertzen saiatzea. Normalean pelikula bukatuta dagoenean egiten dugu musika, baina batzuetan eskatzen digute konposizio osoa edo erreferentzia batzuk, bederen, filma amaitu baino lehen, muntaketa fasean sartzeko. Batzuetan, ezer egin baino lehen, pentsatzen dut zine aretoan banintz niri zer musika gustatuko litzaidakeen entzutea. Artisau lanak denbora eskatzen du eta zure tresnak menderatzea, noski. Ideia harrapatzea da gehien kostatzen dena.

Guk askatasun erlatiboa dugu. Oso garbi eduki behar dugu nor den zuzendaria eta egoa beti etxean utzi. Asko gustatzen zait inprobisatzea margolariekin edo dantzariekin, adibidez. Diziplina artistikoak ez ditugu bereizita begiratu behar, azken finean, sentimenduen mundua berdina delako. Sentsibilitate horrek sustrai berdina du eta oso aberasgarria suertatzen da diziplinak nahastea.

Nola ikusten duzu musikaren panorama orokorra hemen?

Iruñerrian, Nafarroan oro har, artista handiak sortzen ari direla uste dut, baina batzuetan kanpora joan behar izaten dugu egiaztatzeko. Duela gutxi AEBetan izan gara La llave maestra antzerki taldearekin eta ikustekoa zen nola hartu gintuzten. Jendea asko harritu da mailagatik.

Nafarroan talde asko sortzen dira, baina gehienek antzeko estiloak jorratzen dituzte: rock, punk, punk-rock, rock progresiboa, pop-rock… %80 estilo horiek dira. Gustatuko litzaidake estilo desberdinak garatzea. Musika elektronikoa oso gutxi lantzen da hemen, esate baterako. Ska eta reggae egiten da Skalariak taldeak bide hori zabaldu zuenetik eta gaur egun talde onak ditugu, Vendetta edo En tol sarmiento. Alabaina, kanpora joaten zarenean eta ikusten duzunean zer gauza desberdinak egiten diren, pentsatzen duzu, eta zergatik ez gurean? Gustatuko litzaidake hemengo panorama unibertsalagoa izatea, baina hala eta guztiz ere maila oso handia dago. Jazzean, adibidez, oso musikari onak ditugu. Estatuan Alberto Arteta garestarra ikaragarria da. Patxi Urizekin irabazi genuen Goya saria, baina aurreko urtean beste nafar batek, Raul de la Fuentek, ere irabazi zuen. Uste dut panorama polita dagoela eta harro sentitzeko modukoa. Kulturalki askotan kexatzen gara laguntza handirik ez dagoelako edo gauza gutxi egiten direlako, baina egia da, bestalde, gauza pila programatzen direla eta gu geu ere ez garela joaten. Kultur eskaintza murritza dagoela errepikatzen dugu eta batzuetan ez da egia. Erriberriko antzerki jaialdia, adibidez, bikaina da. Ni neu ere kexatzen naiz maiz, baina gero Gaiarre edo Baluarteko programazioak ikusita, gauza pila eta oso onak daudela onartu beharra dago.

“Gure artean mespretxuz ikusten dugu askotan gure musika eta gero kanpoan, aldiz, esaten digute oso kultura aberatsa dugula”

Euskal musika etnikoa nola baloratzen da hemendik kanpo?

Oreka TX AEBetan, esate baterako, oso arrakastatsua da. Nirea ez da berez euskal musika baina beti sartzen dut ezaugarriren bat, txalaparta pixka bat, adibidez. Gure artean mespretxuz ikusten dugu askotan gure musika eta gero kanpoan, aldiz, esaten digute oso kultura aberatsa dugula. Niri nahasketak izugarri gustatzen zaizkit, Kepa Junkerak egiten dituenak, adibidez. Probak egitea beti ona da, eta gainera emaitza ona ateratzen denean, zoragarri. Dena ez dago asmatuta. Notak agian bai, baina konbinazioak infinituak dira. Sukaldean ere osagarri guztiak asmatuta daude, baina beti egin daitezke plater berriak.

Bizitzari soinu banda jartzen diozu aldi oro?

Gertatzen zait bai, gauzei musika jartzen diedala, edo liburu bat irakurtzen ari naizenean musika imajinatzen dudala… Halakoetan askotan aprobetxatzen dut mugikorrean grabatzeko eta zerbaitetarako gorde.

Aita pozik dago bere bidea jarraitu duzulako?

Aita oso pozik dago. Beti izan dugu harreman zoragarria, baina lehen bera maisua zen eta ni ikaslea eta orain maisutzat hartzen nau. Askotan berak kontzertu bat bukatzen duenean nire iritzia eskatzen dit. Oso polita da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Konpositoreak
2019-05-02 | ARGIA
Jose Luis Ansorena musikari, musikologo eta konpositorea hil da

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren sortzailea, euskal musika garaikidearen arloan erreferentzia izan da Jose Luis Ansorena (Donostia 1929, Iruñea 2019). Kultur ekitaldi ugari dinamizatu eta abesbatza askoren bultzatzaile izan zen besteak beste.


Paula Olaz, musika konpositorea
"Soinu-bandaren helburua ez da eszenari lagun egitea, eszenari beste zerbait gehitzea baizik"

Bizitza zer den, hara non elkartu diren mahai baten bueltan orain hamar urte eskas itzulpengintza ikasi zuten bi. Bizitza zer den, puntako soinu-bandak egiten dabil gaur egun orain hamar urte eskas itzulpengintza ikasi zuenetako bat: Paula Olaz. Eta hori dute elkartzeko aitzakia... [+]


Eguneraketa berriak daude