'Don Pasquale' deskafeinatua

Donizettiren Don Pasquale. Operaren Lagunen Bilboko Elkartea. Zuzendaria: Roberto Abbado. Bakarlariak: Paolo Bordogna (baxu-baritonoa). Santiago Ballerini (tenorea). Jessica Pratt (sopranoa). Javier Franco (baritonoa). Bilboko Euskalduna Jauregia. Azaroaren 18a. (Bilboko Euskalduna Jauregia.Donizettiren ‘Don Pasquale’ bertan jokatu zen, baina orkestra barik).

Benetan zorte txarreko emanaldia izan zen OLBEren abonuko bigarren titulua. Gauza gutxi atera ziren zuzen-zuzen. Hasteko, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren greba. Azken momenturaino espero zen konponketa bat operaren emanaldiak behar bezala egiteko. Baina ez, ostiralean Oriol Rochek, orkestraren zuzendari orokorrak, jakinarazi zion OLBEri greba-deialdiak aurrera jarraitzen zuela. Gauzak horrela, Juan Carlos Matellanesek, OLBE-ren lehendakariak, erabaki zuen emanaldia egitea pianoaren laguntzarekin. Ezin dugu ukatu James Vaughan maisuaren laguntza bikaina izan zela, malgua, ezin hobea, baina Donizetti-ren musikak taxu gehiago behar du. Tristea izan zen hain dotore prestatutako muntaia erabat koloregabe gelditzea. Donizetti sofistikatua da, dentsoa, baina Don Pasquale hau erabat zurbila iritsi zitzaigun.

Bestalde, aldaketa bat baino gehiago egon zen bakarlarien artean. Aurreikusita zegoen Carlos Chausson baxu-baritonoak ezin izan zuen abestu, faringitisak jota, eta haren ordez, Paolo Bordognak egin zuen rol protagonista. Baxu milandarrak benetan ondo bete zuen bere papera, eta meritu handikoa izan zen, kontuan harturik in extremis egin zela aldaketa.

Ernestoren rolean ere mugimenduak egon ziren. Hasiera batean Paolo Fanale tenore italiarrak egon behar zuen gure artean, baina giltzurdinen gaixotasun batengatik azkenean Santiago Ballerini argentinarrak egin zuen papera. Eta oso sorpresa ona izan zen. Ez du ahots handia, baina bai oso ondo tinbratua eta adierazkorra.

Huts egin ez ziguna Jessica Pratt soprano britainiarra izan zen. Ñabardura askoko Norina egin zuen: batzuetan inuzentea eta beste batzuetan manipulatzailea, aise mugitu zen interpretazioan eta arlo bokalean.

Jonathan Miller eszena zuzendariak panpin etxe moduko eszenografia diseinatu zuen. Pertsonaia guztiak gora eta behera, giro korapilatsua irudikatu zuen, oso egokia eta bisuala. Hala ere, eszenografiaren asmaketa, piano jolearen bikaintasuna eta Roberto Abbadoren zuzendaritza doia ez ziren nahikoa izan desastre txikia konpontzeko. Pena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude