Balmasedako juduentzat gaitz erdi

  • Balmaseda, 1483. Herriko kontzejuak, ordenantza baten bidez, bertan auzotzea eta balmasedarrekin ezkontzea debekatu zien juduei. Juduak mende bat lehenago iritsi ziren herrira eta Kale Zaharreko hamahiru etxetan bizi ziren. Balmasedak 1.000 biztanle inguru zituen orduan eta juduak 50 bat ziren. Ez dirudi kopuru handia, baina XV. mendearen erdialdean Balmasedakoa euskal lurraldeko bigarren judutegi garrantzitsuena zen, Gasteizkoaren ondoren.

‘Juduak Espainiatik egoztea’, Emilio Sala, 1889. Errege-erregina Katolikoek 1492an eman zuten juduak egozteko agindua, Granadako ediktua sinatuta. Ordurako Balmasedan ez zen judurik.
‘Juduak Espainiatik egoztea’, Emilio Sala, 1889. Errege-erregina Katolikoek 1492an eman zuten juduak egozteko agindua, Granadako ediktua sinatuta. Ordurako Balmasedan ez zen judurik.

Handik hiru urtera, 1486ko urtarrilean, juduek debekuei muzin egin izana aitzakia, kontzejuak haiek herritik botatzea erabaki zuen eta, hainbat gizon armatuk, Pedro Sanchez Terreros alkatea buru, indarrez betearazi zuten erabakia. Juduek ihes egin zuten eta gehienek Villasana de Mena (Burgos) herrian hartu zuten babesa. Urte berean Gernikako Batzarrean gaia eztabaidatu zuten, eta Haron juduen ordezkariak juduak Balmasedatik “betirako urruntzea” onartu zuen, ziurrenik une horretan beste aukerarik ez zuelako.

Baina juduek Errege-erregina Katolikoengana ere jo zuten konponbide eske, eta haien erantzuna 1488an jaso zuten. Gutun bat bidali zioten herriko kontzejuari, juduak atzera bertan onar zitzan eskatuz. Errege-auzitegiak, gainera, bitartekari bat izendatu zuen eskaera betetzeko: Lope García de Chinchilla lizentziatua.

Balmasedarrek ez zieten itzultzeko baimenik eman, baina, gutxienez, negoziatzeko prest agertu ziren. Eta, azkenean, itxuraz Chinchillaren ahaleginei esker, juduek Balmasedan zituzten ondasunak tasatzea eta ezarritako balio horiek ordura arteko jabeei dirutan ordaintzea adostu zuten. Horrenbestez, juduak Balmasedatik egotzi zituzten, baina behintzat ez zituzten esku hutsik bota, Errege-erregina Katolikoen bitartekaritzari esker.

Kontua da handik lau urtera agintari berberek, Elisabet I.a Gaztelakoak eta Fernando II.a Aragoikoak, erresumako judu guztiak egoztea erabaki zutela. 1492ko martxoaren 31n Granadako ediktua sinatu zuten eta maiatzaren lehenean jarri zen indarrean. Eta ez zen negoziaziorik izan: juduek inolako ondasunik eta eskubiderik gabe alde egin behar izan zuten.


ASTEKARIA
2017ko abenduaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erdi Aroa
Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Harakin eta zirujau

Erroma, 1215eko apirila. Laterango IV. Kontzilioan, Eliza Katolikoak apaiz eta monjeei kirurgia egitea debekatu zien, besteak beste. Aurreko kontzilioetan ere, Reimsen eta Toursen, gaia landu zuten, lekaideek soilik arimak salbatzeaz arduratu behar zutela eta gorpuen salbazioa... [+]


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Eguneraketa berriak daude