"Finalerako sorpresa bat bera ere ez egotea izan da sorpresa"

  • Abenduaren 17an BECen ikusiko dugu zein izango den hurrengo lau urtez Euskal Herriko txapeldun. Gaur gaurkoz, Amets Arzallus da txapeldun nagusia: 30 urterekin jantzi zuen lehena eta bigarrenaren bila joko du igandean. BECen kantatu duen hiru finaletan gailurra zanpatu du: hirugarren egin zuen 2005ean, Andoni Egañak Unai Iturriagarekin buruz-buru arituta bere azken txapela jantzi zuen urtean; Maialen Lujabiorekin buruz-buru arituta bigarren geratu zen 2009an, lehen emakumeak txapela jantzi zueneko hartan; eta Lujanbiorekin buruz-buru arituta jantzi zuen Arzallusek 2013an. Finalean entzungo dugu lehen aldiz kantuan aurtengo txapelketan, eta beraz, kanporaketetako saioak gertutik jarraitu dituzten bertsozaleen inkognita nagusietakoa horixe da: “Nola ote dago Amets?”.

Amets Arzallus eta Kattalin Miner. (Argazkia: Dani Blanco)
Amets Arzallus eta Kattalin Miner. (Argazkia: Dani Blanco)

Txapelketaren azken txanpan sartuta, nola zaude?

Ba ohiko plazako jardunean segitzen dut, normal. Neure burua hor entzuten dut eta hein handi batean probatu ere probatzen dut, baina nik ere badut gogoa neure burua nola dagoen jakiteko, zeren eta benetako momentua iritsi arte, eta txapelketaren estualdi eta estutzeko modu horiek guztiak presente eduki arte, ez duzu gehiegi jakiten nola erantzungo duzun.

Nola bizi izan duzu txapelketa orain arte?

Aski lasai, nahiko hurbiletik, saioetara joan naiz ahal izan dudan guztietan, eta orduan, barneratzen duzu pixka bat txapelketaren mugimendu hori. Beharbada, hainbeste joan naiz saioetara, azkenean tentsio horretara ohitu eta lasaitasun puntu batez segitu ditudala azken finalerdiak.

BECeko argazkia osatu da, eta esan dezakegu aldaketa eta sorpresa handirik gabe osatu dela.

Niretzat sorpresa bat bera ere ez egotea izan da pixka bat sorpresa. Hau da, finalista denak pasa dira finalera eta hori ez da hain erraza; final laurdenetatik datorrenak tentsioaren zama luzea dakarrela uste dut eta finalerdietan beharbada besteak freskuraren abantaila baduela, baina hala ere, finalistarik ez erortzea ez da batere-batere erraza. Nik ikusi ditut, finalistei buruz hitz egiten hasita, denak ere finalerdietan beren burua aski ongi defendatu dutela, ez dira txapelketako egoera guztiak errazak, eta aski ongi ikusi ditut kantukideak.

Esan dezakegu ondo prestatuta etorri direla, baina txapelduna, nola prestatzen da?

Egia esan, nahiko bakartia naiz nire prestakuntzan eta nahiz eta bertso-eskolan txapelketako simulazio bat egiten dugun, ez naiz asko aritzearen zalea, nahiz ondo datorren kontrastatzeko zure prestakuntza bakarti hori.

Kasu honetan nahiko bakarrik aritu naiz prestatzen, etxeko lanetara zentratua, neure gogoetak, neure irakurketak, idazketak egin ditut eta bertsoaren forma aldetik esperimentazioak… Neure lantxo horiek egin ditut eta ez naiz gehiegi elkartu ingurukoekin.

Akorduan daukat orain lau urte Aitor Mendiluzek agurrean hala esan zizula: “Txapela badoa eutsiko dion kaskora”. Nola bizi izan du kasko horrek txapelaren zama?

Gogoratzen naiz, hasieratan batez ere, pixka bat neure burua estutzeko joera hartu nuela eta horrek saio ostetan indigestio batzuk eman zizkidala. Hasieran, geure harremana pixka bat gatazkatsua izan zen eta nik uste denbora behar izan dudala doitzeko, egokitzeko, eta neuk ere gauzak lasaixeago hartzeko, eta esango nuke txapelaren itzal puntu horri bake pixka bat eman diodala, eta lau urteren ondoren, elkarbizitza nahiko onean iritsi garela honaino.

Nola ikusi duzu txapelketa? Zein usain, zer tenperatura hartu diozu aurtengoari?

Forma eta diskurtsoaren eztabaidan sartuz, uste dut azken urteetan bai izan dela ondorengoengan joera bat forma aldetik eta teknika aldetik bertsogintza oso teknifikatua egitekoa. Hain teknifikatua, bertsoaren inguruko hainbeste aldamio, ezen aldamioen atzekoa nekeza baitzen ikusten –exajeratuki esanda–. Eta nik uste dut pixka bat kontrako joera bai sentitzen dela, aldamioa pixka bat kendu, eta gehiago erakutsi barruan zer esan dezakeen bakoitzak edo gaiekiko ikuspegian eta hori ildo interesgarria da. Gero bakoitzak ditu bere gustuak eta bere motibazioak eta horiei segitzen die.

Sarri “belaunaldi berriez” hitz egiten dugu, baina, zertaz ari gara? Zein da zehazki belaunaldi berri hori?

Izan liteke bertsogintzaren joera desberdin bat dakarren belaunaldi baten kontua, nik ez dut uste modu hermetiko batean horrela denik ere. Belaunaldi gazteagoetan adibidez, gaur egun puri-purian dagoen gai bat aipatzeko, diskurtso feminista bat dago eta horrek badu bestelako bisualizazio bat, bestelako espazio bat, ikusten da kezka hori presente dagoela, eta gaietara eramana dagoela, baina uste dut belaunaldi zaharretik badatorrela bidea zabaltzeko lan hori.

Agian definitzeko modu ulergarriena izan daiteke, orain arte finalera pasa den belaunaldia eta orain arte finalera pasa ez den belaunaldia. Zeren eta bestela, esango nuke, plazan erreleboa emanda dagoela, belaunaldi berri hori lehengo batzuekin batera dabilela.

Gogotsu al doa Amets Arzallus BECera? Zer utzi eta kontatu nahi digu?

Bai, gogotsu noa, neure gogoetekin eta neure lanketak eginda, eta hori pixka bat azaltzeko irrikarekin. Gero, txapelketa oso-oso terreno mugatua da, ez da erraza han, egun batean, azaltzen zure pentsamenduen erradiografia general bat eta batzuetan esan nahi ez dituzunak ere ateratzen dira, eta hortik erradiografia ere egin diezazukete. Nire kasuan, uste dut jendeak aski ezagutzen nauela lehendik –hurbileko bertsozaleak behintzat–, eta ez du beste pertsona bat aurkituko. Izatekotan, nahiko nuke sakonago iritsi, lehengo bertsokerari eutsi, oraingo garaira egokituta: garaiko testuinguru politiko, sozial, kultural eta orotara. Uste dut bertso bakoitzak bizi garen garaiaren lekukotasuna ematea zor duela, eta nik, bizi dugun momentu honekiko nire kezka eta niri zer pentsatua eman didaten gaietatik zer pentsatu pixka bat eragin nahi dudala. Eragiten badu bertsoren batek zer pentsatu tanta bat norbaitengan, eguna justifikatua gelditzen da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


2024-03-04 | Bertsozale.eus
Asier Otamendik irabazi du Dulantziko finalerdia eta finala erabakita geratu da
Larunbat honetan jokatu da bigarren eta erabakiorra izan den finalerdia Dulanziko Kultur Etxean. Asier Otamendik bereganatu du martxoaren 16an jokatuko den finalerako bigarren txartela.

Onintza Enbeita
“Honetan guztian egon nahi dut, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon naizelako”

Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak Onintza Enbeita Maguregirentzat (Muxika, 1979). Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari... [+]


Eguneraketa berriak daude