"78ko Erregimena hausteko modu bakarra alderdi independentistak bozkatzea da"

  • Kataluniako giro politikoaren protagonistetako bat da Albano Dante Fachin (Bahía Blanca, Argentina, 1976), Catalunya Sí Que Es Pot-eko diputatu ohia. Sorterria 16 urte zituenean utzi zuen familiarekin batera, Bartzelonara joateko. Osasun sistemaren ustelkeriaren kontrako aktibista ezaguna da eta 2004an, Marta Sibinarekin batera, Cafè amb llet aldizkaria sortu zuen. Procés Constituent-eko kide izan ondoren, 2015ean izendatu zuten Podem Catalunyako idazkari nagusi. Kargua azaroan utzi du.

Argazkia: Jordi Borràs
Argazkia: Jordi Borràs

Hilabete eroak dira Katalunian. Zer moduz zaude?
Oso pozik. Ez dago ezer deserosoagorik inkoherentzia baino. Eta azken bi hilabeteak zurrunbilotsuak izan dira, hain zuzen ere, barne-bilaketa baten baitan koherentea izan ala ez erabakitzen ari nintzelako. Baina, hartutako erabakiarekin harro naiz, koherente jokatu dut. Atseden hartu dut.

Azaroaren hasieran aurkeztu zenuen dimisioa. Zergatik?
Askotariko arrazoiengatik. Hasteko, arazoa modu organikoan hasi zen, Podem Catalunya-n ulertzen genuelako testuingurua ez zetorrela bat Catalunya en Comú-ren zerrendetan aurkeztearekin. Batez ere, tresna politikoa egituratzen ari zen modua ez genuelako konpartitzen. Horren ondotik etorri zen desadostasun politikoa. Zehazki, Kataluniako Gobernuak deituta zuen erreferendumaren atarian, Podem-eko oinarriei gure jarrera zein izan behar zuen galdegin ondoren. Oraindik gogoan dut oinarrien erabakia iragartzeko prentsaurrekoa eman eta minutu gutxira Pablo Echeniquek eta Pablo Iglesiasek esan zutena: haiek katalanak balira, ez zuketela galdeketan parte hartuko. Azkenik, noski, 155. artikuluaren aplikazioaren ondotik, guk alderdi politiko guztiekin elkarrizketak egiten hastea komeni zela adierazi ondoren, Podemosek Katalunian esku hartu zuen. Orduan argi ikusi nuen hori ez zetorrela bat nirekin.

Kataluniako testuinguruak piztu zuen krisia Iglesias eta zure artean?
Noski. Katalunian independentistak direnen eta ez direnen arteko banaketa eginez, bere egin zuen 78ko Erregimena. Eta, urriaren 1ean eta 3an argi gelditu zen kaleak dardarka jarri zituzten milaka lagunen artean independentistak eta independentista ez direnak zeudela. Ausartzen naiz esatera, urriaren 1ak status quo-an eragin handiagoa izan zuela, independentzia aldarrikapenak baino.

Bada uste duenik, hala ere, egun horietako elkartasuna hautsi zela independentzia aldarrikapenaren ondorioz. Ados al zaude?
Jakina da petsonalki asko kritikatu dudala DUIa. Baina, egia esan, independentzia aldarrikapenak ezertarako balio izan ez duela baieztatzea desegokia iruditzen zait. Zalantzarik gabe, independentzia aldarrikapenak astindu ditu guk aspaldi astindu behar genituen Estatu egiturak. Horregatik, hanka-sartze ikaragarria iruditzen zait Catalunya En Comú-k 155. artikulua eta DUIa parekatzea. Are gehiago, jendea atxilotuta dagoen bitartean. Urriaren 1ean argi gelditu zen Kataluniako etorkizuna elkartasunaren bidetik doala. Eta desobeditu behar bada, egin egingo dugu.

Argazkia: Jordi Borràs

Som Alternativa plataforma sortu duzu, kargua utzi zuten gainontzeko kideekin batera. Zein duzue jomuga?
Nire kargua uztea erabaki nuen ez nuelako izan nahi Madrilgo aginduak beteko zituen txotxongiloa. Eta egin nuenean, konturatu nintzen ni bezala, deskonforme zegoen jende gehiago ere bazegoela. Gure ekarpena biltzeko asmoz sortu dugu Som Alternativa.

Abenduaren 21eko bozak salbuezpenekoak direla erran izan duzu. Zer gertatuko da?
Hauteskunde hauek anormalak dira, eta hori onartzen ez duenak Alderdi Popularraren helburua asetzen du. Horregatik, uste dut, independentista ez den jende askok independentziaren aldeko alderdiak bozkatuko dituela.

Zuk ere egingo duzu? Behin baino gehiagotan erran izan duzu ez zarela independentista.
Tira, niri ez didate sekula trabarik egin independentistek. Sekula ez dut independentismoa ekiditeko nahimenik izan, besterik gabe, berdin zait. Hori bai, gaur egun argi dut 78ko Erregimena hausteko modu bakarra Katalunian alderdi independentistak bozkatzea izango dela. Independentismoa hausturarako lanabes bilakatu da eta sekula ez dugu halako aliaturik izango.

Alderdi independentisten bide-orriak porrotak izan ditu, hala ere, ezta?
Hor dago gakoa. Jakina da, hemen alboan dugun hemizikloan, behin baino gehiagotan kritikatu dudala Junts pel Sí-ren bide-orria. Independentismoak gogoeta egin behar du, egiten ari den bezala. Baina, kasu! Autokritika denon betebeharra da, baita Catalunya en Comú-rena ere. Agerian geratu da, euren proposamena noizbait adostutako erreferenduma egitea bada, ez dagoela inolako bermerik.

Zuk ere adostutako erreferendumaren aldeko apustua egina zenuen, duela gutti arte. Zerk aldatu du zure ikuspuntua?
Testuingurua erabat desberdina zen. Urriaren 1ean gertatutakoak aldatu du dena. Ezin dugu ahaztu, Parlamentura iritsi nintzenean Espainiako Gorteetako hauteskundeen aurreko kapituluan ginela, eta ate bat zabalik zegoen han adostutako erreferenduma ahalbidetzeko. Erronka zaila bazen ere, zerumugan zegoen, behintzat. Orain testuingurua beste bat da, bi urte hauek balio izan baitute begien bistan jartzeko Rajoyren gobernuaren egitura blokeatzailea. Besteak beste, horregatik da garrantzitsua, inoiz baino gehiago, guk proposatzen dugun elkartasuna. Junts pel Sí-ren bide-orrian argi gelditu da independentistek ezin dutela bakarrik, eta guk ere ez. Kataluniak ez du elkartasuna ez den beste irtenbiderik.

Som Alternativa bitartez, alderdi independentisteen frontea sortzeko apustua egin zenuten. Porrota da hauteskunde hauetan alderdiak zerrenda desberdinetan aurkeztea?
Porrota baino, lastima dela esango nuke. Baina Mariano Rajoyk  bere esku zegoen guztia egin du, elkartasun fronterik ez egoteko eta ez dugu denborarik izan. Aitzakia irudi lezake, baina errealitatea da. Kontuan hartu behar da hauteskundetara deitzea Generalitateko presidentearen eskumena dela, eta Rajoyk bozen deialdia egin du denbora bere alde izateko. 155. artikuluaren zaplastekoaren beste ondorio bat da, funtsean.

Egia al da CUPen zerrendan aurkezteko aukera izanik baztertu duzula lehen  postuetan ez egoteagatik?
Ez, aukera hori ez da sekula mahai gainean egon. Hautekusndeen deialdia egin zenean, egia da, Procés Constituent, CUP eta ERC-rekin solastu ginela. Gure erronka elkarrekin aurkeztea zen. Baina, berriz diot, Rajoyk zerbait ongi egin badu hori izan da hauteskundeak azkar deitzea. Ez dugu denbora nahikorik izan koalizioak osatzeko aukeraz behar bezala hitz egiteko.

Beraz, ERC edo CUPen zerrendetan parte hartzea ez duzu sekula aurreikusi?
CUPen zerrendetan aurkeztea ezinezkoa zen. Legealdi muga dute, eta horrek gauzak asko errazten ditu: euren diputatuek errepikatzen ez badute nola errepikatuko du eurena ez den ordezkari batek? Tira, denbora honetan guztian behin baino gehiagotan galdetu didate ea zerrendetan aurkeztuko ote nintzen, eta hemeroteka hortxe dago, beti esan dut ezetz. Politika akordio zabalaren apustua egina nuen bakarrik.

Baieztatu izan duzu Catalunya En Comú-ren kanpaina ez duzula babestuko. CUP edo ERC-tik gertuago sentitzen al zara?
Egia esan, bai. Tira, Catalunya En Comú-ren eta CUPen gertutasun ideologikoa aspalditik dator, eta, ni ere gertu sentitu izan naiz beti. Eta, kasu! Kanpainan joera hori ere ikusten ari gara. CUP eta ERC dira, zalantzarik gabe, 155. artikuluaren blokeari min handiena egingo diotenak. Eta, noski, ez dut Junts per Catalunya zerrenda aipatu, espazio politiko hori urrutikoa zaidalako. 

Argazkia: Jordi Borràs

Espainiaren eraldaketan sinisten jarraitzen duzu?
Hori izan da orain arteko nire apustua, baina, egia esan, Katalunian gertatu denarekin zalantzan jartzen dut orain baita aldaketaren aldeko udalen estrategia ere. Montoro legeak ezartzen duen sabaia zapuzteko, zer egingo dugu? Ada Colau, Manuela Carmena, Xulio Ferreiro eta konpainiaren arteko bilera bat antolatu? Tira, egin dezakegu, eta seguruenik kartzelaratuko dituzte guztiak. Baina, arriskatzeko prest al gaude? Egiteak merezi al du? Hala ez bada, zer egingo dugu orduan?

Onartuko al du Espainiako Gobernuak abenduaren 21eko bozen emaitza?
Ez, eta horregatik ezinbestekoa da alderdi independentistek irabaztea. Ez independentziatik gertuago egoteko, baizik eta Mariano Rajoy agerian uzteko. Izan ere, alderdi independentistek irabazten badute, zer esango du Rajoyk Europan Kataluniak bere erronka berretsi eta hauteskundeak galduta dituenean? Susmoa dut, pairatu dugun errepresioaren ondotik jende askok kolpe bat emango duela mahai gainean, alderdi independentistak bozkatuz. Eta hori gertatzen bada, aukera egongo da 155. artikuluaren aldeko blokeak hainbestetan erabili duen argudioa baliogabetu eta independentismoa herritarren erdia baino gehiago izateko. Ezin dugu ahaztu independentismoa %15etik %48ra iritsi den bezala, %55era ere iritsi daitekeela.

Tira, zer egingo duzu abenduaren 22tik aurrera?
Som Alternativa egitasmoan lan egiteaz aparte, ate birakarien kontua gehiegi landu ez dudanez horretan murgilduko naiz –barrez–.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude