argia.eus
INPRIMATU
NAFARROAKO LAU ZATIEN EGOERA
Xabier Letona Biteri @xletona 0000ko ren 00a

Zaragoza-Castejón. Hasierako proiektuak oraingo trenbidea mantentzea eta hirugarren erraila sartzea aurreikusten zuen. Orain plataforma berria egin nahi da eta, beraz, azterketa informatiboa egin behar da. Nafarroako Gobernuaren arabera horrek urte eta erdi eraman dezake. Gero ingurumen azterketa, oinarrizko proiektuak onartu, eraikuntza proiektuak onartu, lizitazioak eta eraikuntza lanak gauzatzea. Bizpahiru urte erraz pasa daitezke hor eraikuntza lanetan hasi aurretik.

Castejón-Iruñerria (Ezkirotz). Castejonetik Alesbeserako zatia egin da, 15 km. Orain Alesbes eta Erriberri arteko desjabetze prozesuan ari dira eta azaroaren 29an Sustapen Ministerioak Azkoien-Erriberri zatiaren lizitazioa iragarri zuen. 2018an hasi nahi dituzte lanak, baina aurrekontu arazo bat egon daiteke. Ez dago argi zer gertatu behar den, baina EAJk ez baditu Mariano Rajoyren Gobernuaren 2018ko aurrekontuak onartzen 2017koak luzatu beharko dira eta haietan ez dago lan hauetarako aurrekonturik.  

Ezkirotz-Zuasti. Iruñerriko zatia da hau, tartean geltoki berria aurreikusten duena eta honekin batera Etxabakoizeko etxebizitza proiektu eztabaidatua. Hiru trenbide berri egingo lirateke eta horietarako lurren erreserba eginda dago, Nafarroako Gobernuak dioenez. Ingurumen azterketan diren hainbat korapilotan dago geldi proiektua, Ingurumen Ministerioaren erantzunaren zain.

Zuasti-Euskal Y-a. Ezkion egingo du bat EAEko zatiarekin edo Gasteizen. Ezkiokoa motzagoa da, Eusko Jaurlaritzaren gustukoa, baina baita askoz garestiagoa ere, konplexutasun handiko zatia da eta. 2017a amaitu aurretik azterketa informatiboa amaitu nahi da eta 2018aren amaierarako ingurumen azterketa.