"Guk kultutzat ditugun tresna asko larreko ikusten dira beste tokietan"

  • Elgeta handia hil zen urtean jaio zen Joseba Tapia handia, Eleuterio Tapia handiaren iloba. Denak handi, soinu txikia jotzen handi, soinu txikiaren poz handitasuna aldarrika han eta hemen eta munduan barrena, Besamotzak disko berrian nahiz Larreko eskolatik liburuan.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Joseba Tapia (1964, Lasarte-Oria)

Trikitilaria, trikitilaria baino gehiago aspaldi. Musikaria. Sortzailea. Artista. Etxekoen jarraitzaile zintzo eta leial eta, aldi berean, haiekin hautsi zuena. Espektakulu hutsa. Bizi osoa musika sortzen, kasik 40 urte diskoak argitaratzen, formula zaharrak eta bide berriak saiatzen beti. Joseba Tapia, erraldoia.

Disko berria dakarzu, baina hori bezainbat edo gehiago interesatzen zait zure gogoeta: Larreko eskolatik, trikitixarekin gozatzeko apunteak (Tirikitauki, 2016).

7 urterekin, fandango bat atera nuen, eta segituan pentsatu zuten etxean: “Hau musikaria zatorrek”, zeren familian –osabak, besteak beste–, trikitilariak baitziren. Trikitilari haiek ez zuten bere burua musikaritzat, ez bere soinu txiki hura tresna seriotzat. Seguruenik, soinu kromatikokoek barre egiten zietelako, batetik, eta bestetik, soinu kromatikoak jotzen zituen piezak beraiek ezin zituztelako jo. Liluratu egiten ziren soinu kromatikoa entzunda. Horregatik, eta haien aholkuz, Bikondoaren akordeoi eskolan sartu ninduten.

Soinu handia, esan nahi duzu.

Bai, soinu handia. Huraxe zen hemen nagusi, ezkontza eta bestelako festa guztietan. Soinu txikia ermita giroan eta toki urrunetan baserritarren batzuek jotzen zuten tresna zen. Soinu kromatikoa, hura bai zela! Gure osaba trikitilariek mira handia zioten soinu handiari. Eleuteriok [Tapia] soinu-jotzaileen biltzarretara eraman izan ninduen Larraitzera [Ñañarri itzalean]. Han, Juanito Kaolin, Elola… eta garai bateko soinu kromatiko jotzaileak biltzen ziren. Eta gu haien ondoan. Handia zen hura. Hala ere, ni ordurako soinu handia utzia nengoen. Trikitira pasatu nintzenean ezagutu nuen soinu handiarentzako mira.

Soinu txikian ari zinen zu.

Soinu txikiari nion nik mira. Familiakoak trikitia jotzen zuen, eta nik huraxe nahi. Hor, hala ere, beste gauza bat gertatu zen… Ni, soinu handia ikastera Bikondoarenera eraman ninduten, eta Bikondoa ez zen soinu kromatiko popularraren zalea. Are gehiago, gorrotatu egiten zuen, soinu txikia gorrotatzen zuen bezala. Migel Bikondoak aita zuen soinu-jotzaile kromatiko popularra, Diego Bikondoa. Ezagutu nuen nik, gizon txiki-txiki bat, txapela buruan, soinu handi-handi bat bizkarrean. Oso umoretsua. Semea, berriz, elitistagoa zen. Soinu kromatikoa giro kultura eraman zuen, klasikotasunera, eta geroago, berriz, musika garaikidera. Errusiako autoreen piezak joarazten zizkigun.

Trikiti doinurik ez.

Hasieran, beharbada, fandangoren bat erakutsiko zigun Migelek, baina laster ziren fuera haiek denak. Kontzertuetarako prestatzen eta obra zailak ikasten hasten ginen laster. 14 urte nituela, soinu handiago bat erosarazi zieten nire gurasoei. Hamalau kilo pisatzen zituen, Hohner handi bat zen, ezkerreko baxuak Basetti sistemarekin.  Uste dut orduantxe esan niola neure buruari “Ez diat gehiago honetan segitu nahi”.

14 urte zuk.

Adinak ere harrapatuko ninduen, seguruenik. La Campanella obra ikasten ari nintzen, gogoratzen naiz, eta zenbat denbora behar izaten nuen orri bat ikasteko! Hori, niretzat, musikaren alderdi tristea izan da. Aldiz, osaben soinu popularra –baita kromatikoa ere–, alaia zitzaidan. Nik horretarako joera nuen.

Soinu txikia ez zen eskoletan erakusten?

Ez, irakaslerik ez zen. Nork bere kabuz ikasten zuen. Gure osaba izan zen erakusten hasitako aurrenetako bat. Geroago hasi ziren Martin, Laja eta besteren batzuk. Ez zegoen erakusteko eskolarik. Sakabi erakusten ibiltzen zela uste dut, eta aurretik Elgeta, noski. Gainerakoan, esango nuke denbora tarte batean ez zela trikitilari gazterik izan. Esan nahi dut nik 14 urte nituela, orduko trikitilari denak nahiko zaharrak zirela. Tarteko belaunaldia falta zen. Baten bat bazen, hala ere, Sahatseta eta besteren bat.

Trikitia galtzera zihoala esan nahi duzu?

Beheraka, behintzat. Gero, 70eko hamarkadan, loratu ziren ikastolak, loratu demokraziak eta direnak eta ez direnak, eta soinu txikia bertakoa balitz bezala sartu zen euskararen mundu eta gizarte horretan. Ez txistua, ez soinu handia, soinu txikiak hartu zuen leku hura. Ordurako, bai txistuak eta bai soinu handiak hartua zuten mundu kulturako bidea. Bestalde, gertatu zena, belaunaldi berria azaldu zela soinu txikia hartuta: Kepa Junkera, Imuntzo, gu geu… Belaunaldi hura soinua eraberritzen ari zen.

Txapelketak leiho eta plaza izan zituen belaunaldi horrek.

Gerra ostean, 1970ean hasi ziren txapelketak. Donostiako Trinitate plaza bete egiten zen. Gogoratzen naiz 1979an, artean ni trikitiarekin hasi gabe nengoela, Anoetako frontoia ere bete egin zela. Popularra zen soinu txikia, indarra zuen, baina oso probintziako gertatzen zen oraindik. Garai hartan hasi ziren gurasoak beren umeak trikitia ikastera bidaltzen. Eta trikiti eskolak sortu ziren. Martinena izan zen inportanteenetako bat.

Eta erakusteko modua?

Hori ere kanbiatu egin zen. Eleuteriok belarriz erakusten zigun, Martinek, numeroak baliatzen zituen, numeroak jartzen zizkien soinuaren botoiei. Martinen eskolatik atera ziren hemengo trikitilaririk famatuenak: Gozategi, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Iparragirre, Iker Goenaga, Azkonobieta, Laura Apeztegia… belaunaldi oso bat.

Musika eskoletara ere sartu zen trikitia.

Eta Hernaniko kontserbatorioko irakasle izan nintzen. Esaterako, Juan Mari Beltranek txalaparta, alboka eta kontserbatorio batean ezohiko ziren tresnak erakusten zituen. Larreko trikitia ere sartu zen, beraz. Hala ere, eta hauxe da nire teoriaren madrea, kontserbatorioko filosofiara makurtu behar izan zuten larreko musika tresna guztiok.

Zer esan nahi duzu?

Kontserbatorioak ez zirela larreko tresnetara hurbildu, larrekoek hurbildu behar izan zutela kontserbatorioko kaiolara. Irakaskuntza pisua nagusitu zen, irakaskuntza arauz eta tristuraz betea. Trikiti ikasle guztiak derrigortu zituzten solfeo ikastera, obra klasikoak jotzera jarri izan zituzten denak batera txikitatik, baina obra hauek ez ziren sartzen soinu txikiaren tonalitatean.

Argazkia: Dani Blanco.

Zenbat urterekin?

Gaur egun 7-8 urterekin hasten dira umeak musika eskolara. Gu, berriz, nerabezaroan hasi ginen. Eta zer egiten du musika ikasleak 7 urtetik nerabezarora bitartean? Nazkatu. Musika eskolan irakaskuntza pisu hori ezartzen dietelako. Ez da aisialdiaren barruan kokatuko genukeen eskola, beste karrera bat da, bere betebehar zorrotz guztiekin. Batzuek txintxo-txintxo betetzen dute lan hori, baina 16 urte bete eta ez dute ordu arte gau eta egun jotzen ibilitako dena delako musika tresna berriro jotzen.

Aisialdian kokatuko zenuke zuk trikitia, larreko nahiko zenuke.

Ez naiz pedagogia berririk sortzen ari, neure azalean ezagutu dudanetik eta munduan barrena ibilita ikusi dudanetik ari naiz. Munduko folk jaialdi guztietan larreko musika jotzen da, ez musika kultua, baina guk kultutzat ditugun musika tresna asko larreko ikusten dira han. Adibidez, biolina, guretzat gauza kultua, larreko da bateko eta besteko jaialdietan. Tresna ez baita problema, norberak eransten dion erregistroa baizik. Akordeoi kromatikoa ere ezagutu dugu guk larreko bezala, Louisianako beltz bat, piano jotzen, hiru gauza xinple jotzen, baina nola jo! Haren zaporea, haren erritmoa… ez zen eskolatua, belarriz ari zen.

Soinu kromatikoa eta soinu txikia konpondu izan dira, esan duzunez.

Bata soinu handia eta bestea soinu txikia jotzen ari garenean, hura saiatuko da tonu guztietan jotzen, txikiari demostratzeko ez dela haren mailara iristen. Aldiz, larrekoa ez da inor zapaltzera etortzen, elkartzera etortzen da. Kultuak ez, kultuak bere barrutia markatu behar izaten du. Uzbekistanen ere ikusi dut hori, soinu handiaren handinahia soinu txikiaren aurrean: zapaltzera. Baina badiot, problema ez da musika tresna, jotzaileak baizik. Haiek orkestrarako ari dira prestatzen, haientzat partitura lehen ikustaldian irakurtzea da inportantea, zehaztasuna da lehenengo. Gu, berriz, beste lan batean ari gara, ez dago larrekoaren eta kultuaren arteko gatazkarik, bide ezberdinak lantzen ari gara, besterik gabe. Eraikitzailea iruditzen zait gure musika irakaskuntzara begira.

Musika bat dela esango dute askok.

Bai, baina ez gara lan berean ari. Nik lantzen dudan arloa landuta, ezin dut pentsatu orkestran jotzea. Eta orkestran ari denak ere nekez joko du belarriz inoren ondoan, sekula ez baitituzte horretara jarri. Ez dago komunikaziorik.

Belarria da aldea.

Orkestrako musikariak entzumen absolutua du gorena. Halako nota bat jo eta sol sostenitua identifikatzea, ahal den azkarrena. Guri horrek ez digu ezertarako balio. Gure belarria da doinu bat entzun eta hura jotzeko gai izatea. Nik ez dut paperik behar entzun dudan musika jotzeko; orkestrakoek, bai. Nirea gertuera bat da, hala ere, eta haiek ez dute gertuerarik onartzen, zehatz behar dute jo. Gurean gutxi gorabeherakoa txalotzen da, haienean zehatz interpretatu beharra dago partiturak agintzen duena, ez dago aportazio egiterik. Gurean, berriz, dena da aportazioa. Larreko musikaren ama-orantza? Harmonia sinple baten korrelazioa, pentsatu beharrik ez dakarrena, edozeinek jarraitzeko modukoa.

Jokoa, batetik; jolasa, bestetik.

7 urterekin hasi nintzen soinu kromatikoa jotzen, eta orain, soinu handiaren irakasleak ikasle gabe dauzkagu, trikitia erakustea beste aukerarik ez dutela, gorrotatzen duten instrumentua.

Trikitia ere horretara helduko ote da?

Badut beldurra, trikitiak lotura baitauka beti kalejira, erromeria, jaialdi eta zer edo zerekin. Hala ere, ikasleak trikitia ikasteko gogoa galtzea ere ez litzateke harritzekoa izango, oraingo modu estu horretan erakusten arituz gero. Bestalde, babesik gabe utzi gaituzte trikitilariok. Munduko musika guztietara ireki ditugu geure buruak, eta munduko enpresa eta konpainia handi guztien kontra lehiatu behar dugu, gauza inposiblea. Gure bitartekoak korporazio handiek zuzentzen dituzte, eta ezin dugu hurbildu gure gazteen aurrera ere, multinazional handien musika kontsumitzen baitute, ez gurea. Gure musika kontsumitzekotan, kontzientzia izan beharko lukete, kritikoak izan, eta hau eta hura. Trikitilariok hilda gaude, ez daukagu lehiatzerik, euskararen munduak ere ez gaitu babesten.

Euskarak ere ez?

Ez, bertsolaritza, adibidez, “euskara” da. Gu ez, gu “kultura” gara. Euskalgintzak berak ere ez gaitu aintzakotzat hartzen. Gure txikizioa begi bistakoa da. Euskarazko kantagintza zeharo babesgabetua dago. Azkena noiz entzun duzu euskarazko kantu bat? Non?... Trikitiari lekua egin zaio beste musika batzuetara hurbildu denean, trikipop, trikifolk, trikirock eta beste. Kasu horietan, txalotu egin da trikitia musika horietara gerturatzea, baina gerturatzea txalotu dute kritikariek, esate baterako, ez trikitia bera. Trikitia bera hiltzen utzi dugu, bazterrean. Gaur egun ere, kontsumo giro horretan mugitzen den trikitia onartzen da, ez besterik.

Besterik ez?

Mundu hertsi bat, nahi izanez gero. Laja, Izer eta beste hainbatena, Iturriotz, Attola eta beste zenbait lekutako erromeriak… Horiek ez daude kontsumo munduaren barruan, noski, baina, behintzat, babestxo bat badaukate horiek, tradizioaren mundu zahar horrena. Han kontsumitzen da musika hori. Guk babes hori ere ez daukagu, gure musika ez da kontsumitzen. Gu solidaritate kanpainetarako besterik ez gaude.

Zein da, beraz, soinu txikiari opa diozun etorkizuna?

Nik tresna guztiekiko lilura daukat, ez bakarrik soinu txikiarekikoa. Kontua da instrumentuekin zer egiten den. Hor dago koxka. Kontua da zer gertatuko den euskararekin, zer gertatuko den hemen sortzen den kulturarekin… Ez naiz oso optimista ere, baina egingo du, ezkerrera edo eskuinera, baina egingo du. Izango da musikarik. Gainerakoan, ez nau kezkatzen. Guk ere parte hartu genuen lehengo musikaren desagertzean. Garai batean behar jakin batzuk izan zituzten, eta trikitiak bere lekua egin zuen. Hala ere, instrumentuarekiko zorrik ez dut sentitzen, bai ordea, musikarekikoa. Eta musikarekikoa ere, ez modu neutroan, errespetu eta seriotasunean baizik.

Zer esan nahi duzu?

Adibidez, Apalatxeetako musika ezagutu nuenean, hango testuinguru, estilo eta bizimoduari lotuta entenditu nuen. Hori aldatuz joango dela pentsa genezake, eta ez nau kezkatzen. Musikaren ekologiak kezkatzen nau, bertan ekoiztea eta bertan ekoizten dutenekin bizitzea bermatu behar dugu. Gainera, hau ez al da krisi guztiak iraultzeko modu bakarra? Bertan ekoitzi bertako beharren araberako musika eta artea. Ekologia da, esnobismorik gabe. Mundu honi kolorea, dibertsitatea eta aberastasuna ez al dio horrek ematen? Horra gure arazoen soluzioa. Eta globalizazioa ere horrelaxe entenditu beharko genuke, bakoitzaren lana bermatuz, kalitatearen arabera. Ebidentea da!

Lastima belarri ona

“Bikondoak nire gurasoei esaten ziena: ‘Lastima, mutil honek belarri ona dauka. Etzaiozue utzi belarriz jotzen. Jo dezala paperetik.’ Orkestrarako nahi gintuen, artaldean, zuzendariaren mendean. Guk, berriz, besterik nahi genuen, libre”
 

Alaitasuna

“Guraso batek esan zidan. Bera musikaria, alaba biolina jotzen abila. ‘Zein ondo jotzen zuen gure alabak biolina. 16 urte bete ditik, gainditu dik kurtsoa, eta uztera zoak biolina!’. Esan nion: ‘Pozik egon! Agindutakoa bete dik, ez? Aprobatu dik. Hik, berriz, frustrazioa adierazten duk’. Jakina, hori oso urrun dago alaitasunetik”

Azken hitza: Rocka bai, trikitia ez

“Euskadi Gaztea sortu zenean elkarrizketa egin zion Ramon Sanchezek, esango nuke, Edurne Ormazabali. Galdera Ramonek: ‘Musikaren irrati berri honetan, trikitirik egongo al da?’. Eta erantzuna: ‘Rock baldin bada, bai’. Oso argigarria. Eta horrelaxe gertatu da.”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Trikitia
2022-06-12 | Kepa Matxain
Joseba Tapia
"Moderno aitzakian erdara hobesten dugu"

Egon edo ez egon bakarkako bederatzigarren diskoa argitaratu du Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, 1964). Horri buruz solas egitekoak ginela iritsi da berria: aurtengo Adarra Saria eman dio Donostia Kulturak, bere ibilbide oparoaren aitortza modura. Elkarrizketaren fokua zabaldu dugu,... [+]


Trikiti doinuekin agurtu dute Landakanda

Berotasunez agurtu dute astelehen arratsaldean Landakanda. Jende asko batu da pandero jotzailearen aldeko hileta elizkizunean, eta alboan izan ditu belaunaldi desberdinetako trikiti munduko eta euskal kulturgintzako aurpegi ezagun asko.


2020-01-10 | ARGIA
Kepa Junkera omenduko du Kataluniako Tradicionàrius festibalak, iktusa jasan zuenetik urtebetera

Ostiral honetan hasiko da Bartzelonan Tradicionàrius nazioarteko folk jaialdia. Aurtengo edizioak Kepa Junkera musikari bilbotarra omenduko du, beren beregi sortutako Kepa aurrera ikuskizunarekin.


Gaur emango diote azken agurra Laja trikitilariari Azkoitian

Iñaki Garmendia 'Laja' herriko trikitilari ezaguna hil zen herenegun, eta gaur arratsaldean emango diote azken agurra. Haren aldeko hileta elizkizuna izango da gaur, astelehena, Azkoitiko parrokian, 19:00etan. Trikitiaren baitan batzen diren hainbat... [+]


2018-12-11 | ARGIA
Kepa Junkerak iktus bat jasan du Belgikan eta ospitaleratuta dago

Kepa Junkera musikaria Belgikako ospitale batean dago, joan den asteazkenean iktus bat jasan ondoren. Ebakuntza egin zioten eta ingresatuta dago, EITBk informatu duenez.


Eguneraketa berriak daude