argia.eus
INPRIMATU
Ispiluaren aurrean
IƱaki Antiguedad 2017ko abenduaren 06a

Hamaika ikasteko gara aldaketak gauzatzeko behar den prozesu sozio-politikoan. Hortaz, behatoki berrituak behar ditugu, bestelako ikusmirak ere. Azken batez, geroa ez dago idatzita, gaurko apustuekin ari gara idazten. Ildo honetan hartzen dut Kataluniako procés-a ikasgai, hango prozesuak hemengoan sortzen duen gogoeta ikasbide. Ispiluaren aurrean biluztu gaitu hangoak, duguna agerian, gure kontakizun batzuk birpentsatzeko beharrean… Noizbait euskal errepublikarako bidean prozesu eragilea bermez ibiliko badugu.

Gizarte zibila eta politikoa uztarri berean ikusi ditugu, kaleak, instituzioak eta boto-ontziak norabide partekatuan, antisistemak instituzioak babesten, bertoko polizia barne! Udalak eta Parlamentua eskutik… Kontingentzia planak aukeran, inteligentzia kolektiboa… Politikaren teoria praktikara eramanda, han, zailtasun handiz izan arren.

Kataluniakoak politikaren eremua eta eredua, biak, birpentsatzeko motiboak ematen dizkigu, gure labirintoak utzi eta euskal errepublikarako norabide argi eta zabalean asmatuko badugu behintzat, hitz handietatik harago. Procés diote han, aldaketek sakonak direnean horixe eskatzen dutelako, prozesu luzea, zirkularra, gorabeheratsua, atzera-aurrerakoa eta konplexua. Urteak eman ditugu independentzia modu sinplean irudikatzen, gure esku hutsean bailitzan. Baina ez, Katalunia adibide, eta garen lekuan gara, atakan. Jakina, gure esku dagoena ez badugu egiten, akabo! Hortaz, aldebakarrekoak aldebikoa hartu behar du helburuetariko bat, gerora Estatu onartua izan dadin gurea. Baina horretarako gizartean sinesgarri egin behar da bidea bera.

Katalunian autokritikatan daude, ikasbidean baitira. Horien arteko batek aparteko argia eman dit, hots, prozesuaz asko debatitu dela baina Estatu berriko sozio-ekonomiaz ezer gutxi. Gurean ere horren falta sumatzen dut, Euskal Estatu batek zer eskainiko lukeen gaurko autonomiak eskaini gabea. Azken finean, gehiengoak burujabetza sozialaren aldeko apustua egingo badu ongizatean aurrera egiteko bidean ikusten duelako izango da, edo ez da apusturik. Eta horretan oraindik ez dugu asmatu.

Neure egiten ditut Kataluniatik kanpo den president-ak joan berritan esandako gako-hitzak prozesuaren erronka ulertzeko: Pazientzia, Pertseberantzia eta Perspektiba. Hirurak, eta malgutasun sendo batetik pragmatismo eraldatzailea ere, gurean gaurkoz nagusi den pragmatismo mugatzailearekin zerikusirik ez duena. Baina horretarako eragile berriak behar ditugu, direnak nahikoa izan ez; eta horretan, berriro, Katalunia erreferente.