argia.eus
INPRIMATU
Gutxiengo sozial baten zerbitzura
  • Aurrekontuak erabakitzeko atarian gaude EAEn: ez dira sozialak, ez subiranoak, eta are gutxiago parte hartzaileak.

Juan Mari Arregi 2017ko abenduaren 05

Nola definitu dezakegu Aurrekontu Orokorrak helburutzat dituen gobernu bat, horretarako ez baditu kontuan hartzen sektore sozial handi bat ordezkatzen duten sindikatuak? Nola, hauen kontrako norabidean egiten baditu legeak? Eta herri honen zati handi bat ordezkatzen duten alderdi politikoekin negoziatzeko atea ixten badu, zer esan dezakegu gobernu horretaz? Zalantzarik gabe antisoziala, neoliberala eta kapitalista dela.

Halaxe erakusten ari da lotsarik gabe aurpegia Urkulluren Gobernua. Baldintzak jarri ditu ezker abertzalearekin eta Elkarrekin Ahal Dugurekin negoziatzea ezinezko egiteko, eta aldiz, PSE eta PPrekin akordioa adosteko erabat irekita aritu da, hauek Confebask patronalaren kudeatzaile huts direla erakusten ari diren arren. Patronala bere zerbitzura dagoen zerga erreforma lortzen ari da –aurrekontuok izango dira lehen emaitza–; orain erabaki hori Batzar Nagusietatik igaro eta hiru alderdiok onartu egingo dute gehiengo direlako.

Sozietate Zerga %28tik %24ra jaistea izan da patronalak inposatu duen negoziaziorako gakoa, nahiz eta berez, irabazien gaineko tasa efektiboa %16,2 den. Hala, Sozietate Zergaren ekarpena 100 milioi euro inguru murriztea lortuko dute. Jaurlaritzari eta bera politikoki babesten dutenei ez dirudi asko axola zaienik Osakidetzako edo hezkuntza publikoko langileek lan baldintzak hobetu eta kalitatezko enplegua eskatzea, ohi bezala agintariek esango dute ez dagoela baliabide ekonomikorik. Patronalaren interes berak dituzte, honen kudeatzaile huts dira, gutxiengo sozial baten zerbitzura.