argia.eus
INPRIMATU
Folkak ba ote du mugarik?
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2017ko abenduaren 06a
Galdemoduen trilogia. MUGALDEKOAK. Gaztelupeko Hotsak, 2017

Mugaldekoak taldeak Bera du ardatz. Handik bueltan sortu ziren kideak eta gainera, non bestela batzen dira propio mugen jatorrizko izendapena, musikarekin lotutako sen berezia eta poesia? Azken hori uste dut berezkoa dutela jatorritik harago, baina tira! Hirukoteak hamalau urte beteko ditu aurki musika eta literatura batzeko asmoz ia oharkabean hasi zenetik: poesia liburu bat zuzenean aurkezteko nahia, pasio antzekoak eta anai-arreben antzeko loturak ez ditu ordutik banandu. Erritmoa, baina, patxadatsua da oso: 2006an Biziago sentitzeak dakarren muga disko-liburua kaleratu zuten eta horixe aitzakia hartuta hara eta hona bidaiatu ostean, 2012an Begiak lekuko lanarekin bueltan itzuli ziren, beste kultura eta koordenadatako idazleen testuak guregana ekarri eta musikatuz, apainduz, girotuz…

Orain berpiztu zaizkigu Galdemoduen trilogia besapean, eta guk berau mesanotxean beharko dugu izan, behar duen bezala patxadaz eta lasaitasunez disfrutatzeko. Oraingoan ere folka dute oinarri, folk anitza, nahiz eta AEBetakoa gailentzen den.

16 pieza batu dituzte, galde-moduz, ironiaz eta zer-pentsaz jositakoak guztiak. Hausnarketa sanoa egiten dute eta sakona, arina baina sarkorra. Eta horiei apaindura leun eta dotoreak jantzi dizkiete. Bizitzeko inbentarioa countrytik abiatzen da, baina popetik ere edaten du. Botika horizontala-k cabareta, rock baziloia, Arthur Leeren arima eta surfaren dotorezia ditu baitan. Etsaiak-ek folk eta rockaren mugan, Petti herrikidea ekarri dit gogora; Emazteki langilea-n bere tamainan berpizten dena. Beldurrak ez du barkatzen-ek distortsioa erakartzen du. Onddo bila-k oinarrizko rock-and-rolla bluesera amiltzen du. Erraz irudikatu dezakegu Parpailaren koplak piano alboan jarrita abesten. Bi kopa bete balada folky betea da. Humup Waitseroa; eta Nire balentria Frantziako zirkukoa. Eta, azkenik, Gertatzen ez diren gauzak dira Gari hillbilly-country kantu bat abesten entzutea.