argia.eus
INPRIMATU
Dukesaren eta herriaren gaileta
  • San Petersburgo, 1874ko urtarrilaren 23a. Maria Aleksandrovna dukesa handia –Errusiako Alexander II.a tsarraren alaba– eta Ingalaterrako Alfred printzea –Edinburgoko dukea, Viktoria erreginaren laugarren semea– ezkondu ziren Neguko Jauregian. Urteko ezkontzaren aitzakian, bi gozogile ingelesek, James Peek eta George Hender Freanek, gaileta mota berri bat prestatu zuten eta ezkongai errusiarraren izena ipini zioten: Marie biscuit.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2017ko abenduaren 06a
Errenterian egiten ziren Maria Olibet gaileten iragarkia. Juan Ramón Jiménez Nobel saridunak oso gustuko omen zituen.
Errenterian egiten ziren Maria Olibet gaileten iragarkia. Juan Ramón Jiménez Nobel saridunak oso gustuko omen zituen.

Gozoki berria espresuki bostetako tearekin hartzeko sortu zuten, ordura arte egunero kontsumitu ohi zituzten gailetek busti eta berehala desegiteko joera ezatsegina baitzeukaten. Peek, Frean & Co konpainiak ekoiztutakoek, aldiz, duin eta kurruskari eusten zieten murgilei. Produktua prest zeukaten ezkontza baino lehen ere, baina publizitate egokia behar zuten kontsumitzaile britainiarrak liluratzeko. Ez zen garaiko pertsona ezagun baten izena zeukan lehen gozokia; Victoria erreginak, Albert printzeak edo Garibaldik ere beren gailetak zituzten. Eta hala, errege familiarekin lotuta, produktuak bide samurragoa izan zuen merkatu britainiarrean, lehenik, eta atzerrian, aurrerago.

Maria gaileten jatorriari buruzko beste bertsio oker bat zabaldu da luzaroan: Eugenio Fontaneda espainiarrak asmatu zituela eta Maria bilobaren izena jarri ziela. Baina Espainian kontsumitu ziren  lehen Maria gailetak Peek & Freanek berak ekoiztutakoak ziren. Inportatutako gaileta horiek, ordea, oso garestiak ziren, 5,5 pezeta kiloak.

Espainiako Estatuko lehen Maria gailetak Gipuzkoan ekoiztu zituzten, Errenteriako Olibeten. 1886an sortutako fabrikak oragailu mekanikoak, ijezkailuak eta estatuko lehen kate-labeak zituen. Hala, prezioa erdira jaitsi zen, 2,5 pezeta kiloak, baina luxuzko produktua zen oraindik. Juan Ramón Jiménez idazlearentzat behintzat bai. Zenobia Camprubi idazle eta hizkuntzalariak, erbestean zela, zera idatzi zion Juan Guerrero Ruiz editoreari: “Ezusteko handiena J.R.rentzat Maria Olibet gailetak lirateke, gauza legendario eta eskuraezintzat jotzen baititu beti”.

Aurrerago Bilbon 1907an sortutako Artiach eta Fontaneda bera hasi ziren Mariak egiten. Baina benetako bultzada 36ko gerra amaituta jasoko zuten gailetek, frankismoaren babesean. 1950eko hamarkadan, irin eta azukre gainprodukzioa Gaztela Mantxako –nagusiki, Palentziako– industria gailetagilera bideratu zuten eta erregimenak Espainiaren susperraldi ekonomikoaren ikurretako bat bihurtu nahi izan zuen Maria.

Baina Maria fenomenoa beste herrialde askotan ere zabaldu zen, kostua merketu ahala. Egun, munduko 40tik gora herrialdetan ekoizten dira. Eta, abizenak abizen, ia denek dute dukesa handiaren izena: Maria, Marie, Marietta, Mariya, Mariebon, Mariakaakje, Mariekjeks...