"Anaia hil zen beltza zelako, Adama Traore deitzen zelako, langile auzokoa zelako"

  • Frantziako poliziaren bortizkeriari buruzko egia itzaletik ateratzea lortu du Parisko hiri inguruan bizi den Assa Traorek, senideak, adiskideak eta aliatuak dituela ondoan. Iazko uztailaren 19an hil zitzaion auzoko jendarmerian Adama anaia. Orduz geroztik, oztopoei aurre eginez, heriotza horri buruzko egia azaleratzen dabil. Baina harago doa: “Borrokan gabiltza duinki bizitzeko eskubidearen alde”.

Poliziaren eskuetan hil zaizue anaia.

Interpelazioa bi denboratan egin zuten. Lehenik kalean, bortizki jo zuten. Bere burua zaintzeko, hortik hurbil bizi zen lagun baten etxera joan zen ihesi. Jendarmeak apartamentura sartu eta bortizki segitu zuten. Sabela zolaren kontra, jendarmeak bere gainean zituen, 250 kilo orotara. Jakina da sabelaldeko plakaketa teknika horrek %90ean heriotzara daramala. Hainbat herritan debekaturik dute. Egun horretan erabaki zuten Adama hilko zutela. Autora sartu zuten, bere gainean pixa egin zuen, hatsa ezin harturik, trenputxarturik. Ospitalea 200 metroan zuten, baina bost minutura zegoen jendarmeriara eraman zuten. Adamari lehen artak eman zizkietela erran ziguten; gezurra zela argitu genuen laster, suhiltzaileek eta larrialdiko medikuntza zerbitzuak errandakoari esker. Ofizialki 19:05ean deklaratu zuten nire anaiaren heriotza.

Gezurrez josia da jendarmeen bertsioa, hortaz.

Adamaren ama jendarmeriara joan zen 21:00ak aldera. Bere semeak alditxar bat ukan zuela entzun zuela erran zien jendarmeei, eta haiek ezetz, semea ongi zegoela, baina berantegi zela ikusteko. Poliziaren bortizkeria ezagutzen duten amek dioten esaldi bat erantzun zien: “Semeari zerbait gertatu bazaio, zuen aurkako salaketa jarriko dut”. Adamaren heriotza alkohola eta drogaren eraginaren eta infekzio baten ondorioa zela zioten. Hori dio Yves Jannier Versailleseko prokuradoreak. Autopsia eskatu genuen. Hortik hiru egunera, prokuradoreak azaldurikoa baieztatu zigun autopsiak.

Bigarren autopsia eskatu zenuten.

Jakin behar da lehen autopsiaren egunean Cergy Pontoiseko prefekturara deituak izan ginela. Prefetak eta beste pertsona batek errezibitu gintuzten. Konfesio musulmanekoak ginela eta gorpuak heriotzaren ondoko hiru egunetan ehortzi behar izaten direlako, Air France eta Roisyko aireportua kontaktaturik, gorpua biharamunean Malira joan zitekeela erran ziguten, gehituz pasaporterik ez zutenei pasaporte bat emango zitzaiela. Fermuki errefusatu eta bigarren autopsia bat exijitu genuen. Horretan agertzen da Adama ez dela infekzio larri batengatik hil, ez eta alkohola edota drogaren eraginpean, baina bai itolarriz. Uztailaren 22an, Adama itomenez zendu zela berretsi ziguten aditu independente batzuek.

Kasua argira ekartzea lortu duzue.

Iritzi publikoa gurekin dugu, Adamaren aferak jendea biltzen du. Gure aldarria langile auzoaldeetarik harago doa eta hori trabagarri zaie. Errabia, errepresioa eta umiliazioa pairatzen dugu. Geroztik bi anaia preso ditut, nire kontra ere auzia jarri nahi izan zuten. Lettre à Adama liburuan dena kontatu dugu. Basakeriaren heina gure mobilizazioaren heinekoa da. Nire anaia kriminalizatu nahi izan dute, guk sinbolo bilakatu dugu. Poliziaren bortizkeriari doakionez, auziak artxibatzeko makina bat da Frantzia. Uztailaren 22ko egia plazaratzerik ez zuten nahi eta horretarako gintuzten isilarazi behar.

Adamaz harago doa.

Ni ez naiz militantea, Adamaren arreba gisa ari naiz. Espero dut Adamaren familiakoon ahotsak gauzak aldaraziko dituela. Baina ezin dugu guztia bakarrik aldatu, borroka hau kolektiboa da. Frantziaren ezinegonaren isla da Adamaren aldeko borroka.

Nola azaltzen duzu polizia-bortizkeria hau?

Esklabotzaren garaira itzuli behar da ulertzeko. Frantziaren kolonialismoa ere hor da, oraindik erroturik. Ez baduzu larru kolore egokia, ez zara pertsonatzat hartua. Nire anaiaren aldeko borrokaren bidez logika hori dugu gainazpikatu nahi.

Zer diozu Frantziako Justiziaz?

Ez dugu nire anaiarentzat soilik justizia nahi. Frantziako Justiziak bere ardurak hartzea nahi dugu. Adibidez, geldiarazte teknika horiek debekatu behar ditu. Nolaz erabiliak dira teknika horiek, jakinda heriotzara daramatela? Frantziako jendarteak eta estatuak gure auzoei doakionez errealitate eta fantasma horiek eraiki dituztelako hil zen Adama. Nire anaia hil zen beltza zelako, Adama Traore deitzen zelako, langile auzoaldean bizi zelako. Borrokan gabiltza duinki bizitzeko eskubidearen alde, egunean bost aldiz kontrolatua izan gabe bizitzeko eskubidearen alde. Jendetasuna lapurtzen digu poliziak, auzora sartzen delarik.

Nahiz eta orokortasunik ezin den egin, nola ikusten duzu auzo horietako gazteria?

Haserre eta desesperaturik. Aurrekoan Bordelen nintzen eta gazte baten haserre garrasia entzun nuen. Erantzun nahi nion entzuten nuela, baina ezin genuela amore eman. Borrokan segitu behar dugu, gaur egungo eskubideak lortzeko batzuk borrokatu eta hil badira, guk ere berdina egin behar dugulako, bihar beldurrik gabe bizi gaitezen. Frantziak goraipatzen dituen askatasuna, berdintasuna eta senidetasunaren printzipioak gureganatu behar ditugu.

Poliziak hala erabakirik

“Iazko uztailaren 19an, nire anaiaren heriotzaren berri ukan bezain laster bagenekien hil zigutela. Poliziaren bortizkeria indartsua da Frantzian, diziplinagabea dugu polizia. Egun horretan erabaki zuten Adama hilko zutela. Nortasun agiria eskatu zioten baina berekin ez ukanki, ihes egin zuen, bazekielako paperik ez denean galdeketa bortitzagoa izaten dela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako polizia
Aske utzi dituzte Lapurdin atxilotutako sei gazteak

Frantziako Poliziak sei gazte atxilotu zituen asteazken goizean, Urruñan, Hendaian eta Baionan. Uztailaren 14an erretreten erreformaren aurkako istiluen parte hartu eta "istiluak" eragitea eragotzi diete.


ARRAZAKERIA FRANTZIAKO POLIZIAN
Izaera sistemikoa aitortu ezinean

Aurten berrogei urte Frantziako banlieue edo auzo popularretakoek “Berdintasunaren Aldeko eta Arrazakeriaren Aurkako Martxa” burutu zutela Marseillatik Parisera arte. Aldarrikapenen artean zuten polizien gehiegikerien bukaera. Orduz geroztik testigantzak, ikerketak,... [+]


ARRAZAKERIA FRANTZIAKO POLIZIAN
Michel Kokoreff: "Polizia-sindikatuekilako kogestio batean dabil botere politikoa"

Historia errepikatu zaigu 2023ko [Frantziako auzo popularretako] matxinadekin. 2005ean bezala, Poliziarekin izandako topaketa hilgarri bat izan dute txinparta. Bi haserre erakustaldi horien arteko antzekotasunak begi-bistakoak izan arren, osagai berriak ere agertu dira. COVID-19... [+]


16 urteko gazte bat hil da Paris inguruko Elancourt hirian, Poliziaren auto batek uzkailirik

Bertsio ofizialaren arabera, motocross batean zebilen eta Polizia ikustearekin "ihes egin" du gazteak, eta paretik zetorren beste polizia auto baten aurka hartu du kolpea. Bi inkesta abiatu ditu  Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiak: bata, gazteari... [+]


Eguneraketa berriak daude