Melodia atseginak entzun daitezke Beñat Igerabideren bigarren diskoan. Orbainak (2014) lehen diskoa egiteko jarraitu zuen bide beretik osatu du, baina, oro har, lan berria aurrekoa baino indartsuagoa eta alaiagoa dela esan daiteke, baikorragoa, eta aurreko lana intimistagoa, barrura begira egindakoa. Gogo eta indar handia suma daiteke azken diskoan, Indar berri bat kantan dioten bezala: “Kate guztiak askatu ditut, indar berri bat daramat soinean jauzika; geldituko nauen oztoporik ez da”.
Pop-rock kutsuko kantuak dira, funk, folk eta beste hainbat estiloren ukituekin ongi jantziak, eta ausardia, kemena, bizitzeko gogoa, elkartasuna, maitasuna, natura eta beste hainbat gairen gainean mintzo direnak: “Badator gelditzerik ez dagoen lurrikara; isiltasunetik, deiadarra; geroratu dugun aldaketaren hasiera (Mundua ederrago)”, “Badut arnasa, giharretan sobera indarra; nola galdu ba lur berri honen deia” (Geldialdi bakoitzean), “Ez dut eraikiko zorionaren atean harresirik, ametsek leihoa zabalik dute oraindik” (Biluztu).
Beñat Igerabidek berak konposatu ditu doinuak, idatzi ditu hitzak eta grabatu ditu kantak Adunan daukan estudioan, Sonolan, lehenengo diskoarekin egin zuen bezala. Dena den, kantak prestatzerakoan eta ekoizpen lanak egiterakoan bere taldeko kideekin aritu da, xehetasunak zaintzen, eta soinu trinkoa eta mardula gauzatu dute. Halaber, Lide Insaustik eta Sara Azurzak kolore politak gehitu dizkiete kantuei beren ahots ederrekin.
Urratsez urrats, bere ibilbidea egiten ari da Beñat Igerabide. Hainbat talderekin jo ondoren, kantuak bere kabuz sortzen hasi zen, eta 2009an soinu ikasketak burutu zituen. Bere proiektua lantzen zenbait urte pasatu ondoren, taldea osatu du, eta jadanik bi disko ditu kalean.
2015etik aurrera, David Etura (bateria eta ahotsak), Matthieu Haramboure (baxua), Pello Gorrotxategi (teklatuak) eta Gorka Urra (gitarra, ahotsak) musikariekin aritzen da. Eskarmentu handikoak dira, Izotz, King Mafrundi, Briganthta, Niko Etxart, Xabi San Sebastian, Triki ta Ke, Esne Beltza, Karidadeko Benta, Egan eta beste zenbait taldetan arituak. Haiekin osatu du disko berria eta jendaurreko emanaldi indartsuak egiten ari da.