Kafea ongarri

  • Kafezalea naiz, ezin uka. Dozena erdiren bat inguru hartuko dut egunero. Nire gustuko kafetxoa, kikaratxoan erditik beherako ttikia motxa gustatzen zait, egiteak hondakin mordoxka sortzen du egunero. Sortzen dut. Eta zer egin kafe hondar horiekin? Berrerabilera ekologikoa, ekonomikoa eta praktikoa beharrezkotzat dut. Etxekoena zuzenean luartzen ari den simaur pilara doa.

Pittin bat azidoa da kafearen hondarra, simaur gehienak bezala.
Pittin bat azidoa da kafearen hondarra, simaur gehienak bezala.

Coffea spp landarearen hazi ehoetatik egindako kafeak uzten duen hondarra ongarri ederra da. Pittin bat azidoa da, simaur gehienak bezala, eta gustura hartuko dute inguruan azidozaleak diren txilarrak (Erica spp), errododendroak (Rododendron spp), hortentsiak (Hydrangea macrophylla). Azken horren loreen koloreak bizitzeko pizgarria ere bada.

Luar pilan beste hondakin organikoekin nahasita irakinaldia sustatzen du. Zizareen lana azkartzen du, digestioan laguntzen die eta kafeinarekin bizkortu egiten dira. Luarra egiteko hondakin orekatua da, karbono/nitrogeno erlazioa 20 ingurukoa du (material onenek 25-30 izan ohi dute). Zuzenean lurreko ongarri gisa ere erabiltzen da. Hazitegietan, landare ttikiak landatzeko, lorontzietan edo baratzean lurrarekin nahasi eta askatzen dituen jakiak landareek erraz bereganatuko dituzte. Lurra harrotu egiten duenez hezetasun arazoak dituztenak edo motelegiak diren lurrak oneratzen ditu, landareen sustraiei alde ederreko erraztasunak emanez, bai hazteko bai elikatzeko. Adibidez, errefauen (Raphanus spp) edo azenarioaren (Daucus carota) tokian jartzen bagara, eskuzabal hartuko dute kafe hondarrez ongarritutako saila.

Hondar horiek landareen aldamenean jartzen dituenik ere ezagutzen dut. Itxuraz kafeina ez da bare eta barraskiloen gustuko eta atzeratu egiten omen ditu. Ez omen ditu hiltzen, baina bai atzeratu. Agian kafeinagatik baino, bere hauts egituragatik izan daiteke, haren gainean herrestan eroso ezin ibili direlako. Bateren batek katuak uxatzen dituela ere aipatu izan dit. Katuak ez du kalte handirik egiten baratzean, baina lurra lardaskatuz landare txikiak honda ditzake. Kafe hutsa katuari!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzea/Ortua
"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-03-14 | Estitxu Eizagirre
"Amama harro legoke, nahiko luke landareetan izan genuen aberastasun horretara iristea egun gure lurra"

Onintza Enbeita bertsolaria da, kazetaria, parlamentari ohia... eta baratzezaina ere bada. Hiru ahizpek dituzte unibertsitateko ikasketak, eta duela dozena bat urte erabaki zuten etxean beti ezagutu duten baratzeari eta azokan saltzeari berriz ekitea. Mattin Jauregik Egonarria... [+]


2022-04-20 | Jakoba Errekondo
Jan eta bizi

Nahitaezkoa beharko luke hiri hondakinetan organikoa bereizi, luartu eta lurrari bueltatzea; hil ala bizikoa.


Eguneraketa berriak daude