argia.eus
INPRIMATU
Haurdun egon daiteke
Bea Salaberri @beatxo 2017ko azaroaren 29a
Antton Olariaga

Hona hemen gertakaria:

– Lanaldirako ez da hautatua izan. Bestea hobetsi da gaitasun gehiago ukaiteagatik. Omen.

    Nahiz prestakuntza eta esperientzia onak ukan, 33 urteko Amaiur ez da lana atzematekotan. Hark pentsatuko du gaitasuna dela arazoa, huts egiten dituela lan elkarrizketak, ez dakiela ideiak ontsa azaltzen, azalpenetan nahasten dela, agian jantziak ez dituela ongi hautatzen, beharbada zazpi urte lehenagoko tirabirarengatik diotela lanpostua ukatzen gaur.

    – Omen?

    – Hogeita hamar urte ditu: baliteke haurdun egon dadin eta amatasun geldialdian sei hilabetez, eta ondotik burua arin. Arduradunei ez zaizkie holakoak gehiegi gustatzen, badakizu.

    Denek dakigu. Zer erran gehiago?

Gaia zabaldua da, arduradunak maiz gizonak direlarik, emazte bat ardura postutan hartu aitzin buruhauste anitz dutela. Emazteak beti gehiago eta hobeki egin behar du, maila ertaineko edozein gizonen heineko kontsideraziora eta lansaria ateratzera heltzeko. Gauza jakina da. %200ean zabiltza edo ez duzu balio. Horretaz gain orain, konpetentzietan gailentzen denean ere, hobesten da haurdun gertatuko denaren ez hartzea.

    Harrigarria ez da, sendi da ardura CVetan ekarri erreferentzietatik kanpoko kriterioak badirela, isilean, konpainia murritzean, berdin pentsatzen duten jende artean. Lotsagarriki gertatzen da, egitura instituzionalen baitan, diru publikoa gastatzen den horietan, zeinetan legea, berdintasunarena barne, bermatzen ahalegindu beharko bailitzateke. Hautetsi, legelari, kargudunen eskutik berdin. Enpresetan ere, bere burua abertzale eta progresistatzat dutenen artean barne, horrela pasatzen da, hitz erdika, korridoreetan xuxurlaturik, begirada soilen bidez adosturik, noizbehinka emazte zenbaitek babesturik ere agian, nork daki, eta omen batzuez mozorroturik datoz gero argumentu pruntak guzia zuritzeko. Baliteke ez ginatekeela anitz okertuko erranen bagenu euskalgintzako egituretan ere gertatzen dela, justuki mota guzietako diskriminazioen biktimak izaten ohituak diren horietan beretan. Gure ondoko gizonek dituzte ahapeka holakoak aitortzen. Zeren eta, gainera, gutxi balitz, aitortzen ere diren jokamoldeak baitira, konfiantzan sentitzen den ber, ingurukoak bat datozela suposatuz edo jakinik ez direla kexatzeko gauzak izanen.

    Lanposturako gai zarenez onesteaz gain, sistema kakaztu honen eskuduntzakoa da erabakitzea zein den adina haurrak egiteko, eta ondorioz langile eskas ez aski dedikatua izatekoa. Honen eskumenenekoa da horregatik baztertzea, ordezkari atzemateko lanik hartu gabe eta aldi berean parekidetasunaren onurak espantatuz lau haizeetara. Erabakitzen du, oroitarazten, haurrak egiteko adina, erdi aroan bezalatsu; 30 urteak dira gizarteak gehien azpimarratzen dizkizunak, adin horretan omen baitzenuke hasi behar haurgintza. Ohiko presio sozialaz gain, nagusiek ere azpimarratuko dute eta hobetsiko zure kontratatzea adin tarte jakin batzuetatik kanpo, baitakite zuk baino hobeki, ez noiz zaren profesionalki prest baizik eta noiz ordu estrak tira-ahala egiten ahalko dituzun, noiz xurgatzen ahalko zaituzten sariztatutik harago, noiz den lana izanen zure kezka nagusia eta bakarra. Garapen pertsonal eta profesionalak kalkulu hotzen araberakoak balira bezala, eta uztargarriak ez.

    Konpetentziarik aski eta soberan dituen emaztea bazara, 30-40 urte inguru badituzu, ez ukan pretentsio profesional gehiegi, eta bazenu, lasai, inausiko dizute. Nahiagoko dute konpetentzia gutxiagoko gizona kontratatu.