argia.eus
INPRIMATU
Azpeitiko Elikargunea
Baserri eta kalearen arteko zubi
Garazi Zabaleta 2017ko azaroaren 30

Azpeitiko Udalak azoka plazaren inguruan abiatutako parte-hartze prozesuan du oinarri Elikagunea proiektuak. Prozesuari jarraipena emanez, eskualdeko hiru gaztek Artxara Kooperatiba Elkarte Txikia osatu eta Elikagunea aurrera eramateko ardura hartu dute. “Bertako elikagaiak sustatzea da helburua, prezio eskuragarrian eskainiz eta, era berean, kontsumitzaileak kontsumo jasangarriaren inguruan kontzientziatuz”, azaldu du Xabi Izagirre Uranga kooperatibako kideak ekimenaren aurkezpen bideoan.

Elikadura burujabetza helburu

Azpeitia erdigune hartuta, 150 km-ren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik eskainiko dituzte Elikagunean. “Espazio horren barruan hainbat gune egongo dira: heziketa gunea, dastaketa gunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari denda”, dio Izagirrek. Lehen sektorea indartu eta landa eremua bizirik mantendu nahi dute, eta horretarako garrantzizkoa da azoka plaza bizi eta dinamikoa izatea.

Horrelako guneak duen garrantziaz dihardu Aiora Etxeberria Iturralde ekoizleak aurkezpen bideoan: “Elikagunea ez da guretzat erakusleiho soil bat izango, gure produktuak aurkezteko leku bat izango da, bezeroekin zuzeneko harremana izateko toki bat, bertatik bisitak antolatuko dira baserrietara… Aukera ezin hobea da guretzako”.

Elkarlana oinarri

Talde-lanean eta elkarlanean oinarritutako antolaketa izanen du guneak. Eragile, kontsumitzaile nahiz ekoizleen parte hartzea bermatu nahi dute hainbat modutan. “Kooperatibako bazkide eginez edo lantaldeetan parte hartuz, asmoa da herritarrei proiektuan eragiteko ahalmena bermatzea”, diote.

Elikagunea martxan jartzeko diru bilketa abian jarri berri dute goteo.org plataforman. Elikagaien horniketarako beharko dituzten 3.500 euro da lortu beharreko gutxienekoa, eta beste 4.000 eurokoa da diru bilketaren bigarren txanda, gehigarria, beharrezko tresneria eskuratzeko erabiliko luketena.

“Elikagunea bezalako proiektuak aurrera ateratzea garrantzitsua da gazte jendea lehen sektoreko lanetara animatzeko. Lehengo bideetatik zer eginik ez dagoela ikusi dugu, bada orduan bide berriak bilatu beharko ditugu”, dio Etxeberriak. Geroz eta gehiago dira bide berri horien bila dabiltzan ekoizleak. Beharrezkoa da, ordea, bide horiek ekoizleekin batera egiteko prest dauden kontsumitzaileak ere martxan jar(rai)tzea.