Oiartzungo hazi barietateak eta horiek bertako gastronomiarekin duten lotura aztertzen aritu da Eneko del Amo Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzailea. Dinamizazio Agroekologikoa graduondokoan egin du azterketa. “Lan honek bi hanka ditu: bata jada egina dagoen ikerketa da, eta bestea orain Oiartzungo Elika kooperatibarekin martxan jarri nahi dugun ekintza”. Ikerketa-ekintza metodologia du lan teoriko-praktiko horrek, aztertutakoa kaxoian gordeta gelditu beharrean errealitatean eragitea du asmo.
200 urte inguruko antzinatasuneko hiru arto, hainbat babarrun barietate eta bertako arbi haziak topatu ditu Del Amok Oiartzungo baserrietan egindako hamar elkarrizketetan. Adineko jendearen artean hazien hartu-eman handia dagoela kontatu digu, eta gehienek, gainera, ez dute hazi bakarra partekatzen, ia beti hazi barietate ezberdinak elkarbanatzen dituzte. Arto eta babarrunarenak dira han-hemen gehien topatu dituenak.
Hazien sareak denborarekin ahultzen doazela azaldu digu ikerketaren egileak. “50 urtetik beherakoen artean zirkuitu horiek apaltzen doaz. Egon badaude trukeak, baina gehienbat baserri giroari edo landa bizitzari lotuagoak dauden gazteen artean”, dio. Aziendak mantentzen dituztenek, adibidez, hazi barietateak kontserbatzeko eta trukatzeko ohitura handiagoa dutela azaldu digu.
Agroekologiaren barruan gai asko uki zitezkeela jakitun, baratzeari lotutakoak zergatik lehenetsi dituen kontatu digu Del Amok: “Gure lurraldeak jasan dituen paisaia aldaketa guztien artean, nolabait bizirik mantendu diren ‘irlatxo txikiak’ dira baratzeak. Abereak desagertzen doaz, basoak erabat aldatu dira baso-politiken ondorioz… baratzeak ere transformatzen joan direla nabarmena da, baina nolabait jendearen ondoan mantendu dira gaur arte”. Aldaketak aldaketa, lehengo bizimoduaren gotorleku bezala uler daitezke baratzeak: “Barietate tradizionalen eta horien gaineko ezagutzaren gordailu biokulturalak dira”. Landa inguruko herri txikietan ere hiriko dinamika asko gailentzen diren garaiotan, lurrarekin eta lehengo bizitzarekin lotura egiten diguten zubiak dira.