Europa Erdialdeko kurduak

  • Gaur egun, gehienetan Polonia herri etnikoki homogeneo gisa ikusten da. Egia da, hein handi batean. Halere, badira oraindik bere mugen barnean hainbat gutxiengo garrantzitsu: Lemko komunitatea da horietako bat. 1989an komunismoaren amaierak gutxiengo askoren harrotasun etnikoaren susperraldia ekarri zuen, baita irekitze giro berrian euren kultura berpizteko abagunea ere.

Lemko gazteak Urretxuko jaietan haien folklorea ezagutarazten. Argazkia: JonMikel Intsausti.
Lemko gazteak Urretxuko jaietan haien folklorea ezagutarazten. Argazkia: JonMikel Intsausti.

Lemkoen aberri historikoa, Lemkovyna, Karpatoetan egungo muga poloniar-eslovakiarreko bi aldeetan dago, zati bat ere Ukrainan delarik. Lurraldeak historia gatazkatsua izan du, XVIII. mendeaz geroztik, Polonia, Austria-Hungaria, Ukraina, II. Mundu Gerran Alemania eta Errusiako Inperioaren pean izan baita.

Lemkoak kultura, hizkuntza eta erlijioaren arabera, ekialdeko eslaviarra den talde rusiniar (ruteniar) korapilatsu baten parte dira. Polonian direnek lemko izena hartzen dute, Eslovakiakoek rusnak (rusiniar) ordea. Lemkoen kulturak ere antza du alboko Ukrainan rusiniar diren Boyko eta Hutsulen kulturekin. Denek antzekotasunak dituzte beste herri menditar eslaviarrekin, Polonia eta Eslovakiako Goralekin, adibidez. Erlijioari dagokionez, lemko gehienak ez dira Erromatar Eliza Katolikokoak, Ekialdeko Eliza Ortodoxo edo Bizantziar Eliza Katolikokoak baizik.

Euren hizkuntzaren jatorriari buruzko ikuspegi ezberdinak dira. Ikerlari batzuek ukrainera-dialekto bat dela defendatzen dute, eta badira ere talde linguistiko rusiniarraren tokiko aldaera dela edo gainerakoetatik at berezko sistema linguistiko osoa osatzen duela uste dutenak.

Lemkerak batez ere ukraineraren eta ekialdeko eslavieraren ezaugarri fonologikoak ditu, baita ezaugarri bereizgarriak ere fonetikan, morfologian eta lexikoan. Errusierak eta ukrainerak erabilitako alfabeto zirilikoaren ez beste bertsio arinki ezberdina darabil. Bestalde, lemkerak kontaktuan izandako poloniera, eslovakiera, hungariera eta errumanieratik maileguak eta eragina jaso du eta mugakide izan dituen polonieraren dialektoetan ere eragin, bereziki artzaintzarekin eta esnearen prozesatzearekin lotutako terminologian.

Poloniako biztanleriaren %30 izatetik %1 izatera

1947ra arte, ziur aski lemkoen gehiengoa elebakarra zen, soilik lemkeraz mintzo zen. Poloniarrekin izaniko kontaktuak azoketara eta gizonentzat soldadutzara mugatzen ziren. 1947an ere agintari poloniarrek Akcja Wisla (Vistula) Operazioan 35.000 lemko bortxaz deportatu zituzten Poloniako sartalde eta iparraldera, II. Mundu Gerra amaitzean Errekuperatutako Lurraldeetara, maiz familia bana herri banatan bakartuz. Helburua polonieraz mintzo ez ziren (agintariek izendatu gisa) “ukrainarrak” asimilatzea zen. Era honetan, Poloniak lurraldean ziren gutxiengoak homogeneizatzearen ildoa hartu zuen: II. Mundu Gerra aurretik Poloniako biztanleriaren %30 baziren, egun %1 baino ez dira. Gerra aurretik ere, sobietarrek beste 90.000 lemko Ukrainako eskualde urrunetara deportatu zituzten, eta XIX. mendean lagun ugarik Kanada eta AEBetara emigratu zuten, besteak beste erlijio arazoen kausaz. Akcja Wislak Lemkovyna jendez hustu zuen. Bederatzi urte geroago, agintari poloniarrak lehen itzulerak baimentzen hasi ziren.

Gerrartean, eskolak lemkeraz eman baziren, 1947tik aurrera soilik polonieraz izan ziren. Azken urteotan, halere, berriz errekuperatu dira eta lemkeraz lau bat orduz astean ikas dezakete lemko eta poloniar jatorriko haurrek lemkoak bizi diren herrietako eskoletan. Egun, Polonian lemkera hiztun gehienek tokiko familia-aldaera eta poloniera estandarra ezagutzen dituzte; Polonian 60.000 inguru lemko (horietarik 10.000 Lemkovynan) dela, eta hiztunak milaka batzuk direla uste da. Eslovakian 100.000 lagun, eta hiztunak herena omen dira.

Duela 50-60 urte lemkoak ospakizun batean. Argazkia Klaudia Maslej-en bildumakoa da.

1902koa da hizkuntzaren gramatika deskribatzaile bat. 1933an Lemkovyna ukrainatzearen arriskuez jabetuta, Metody Trochanovskyk eskoletan erabiltzeko lemkeraz idatzitako Lehen Alfabetoa eta Lehen Irakurketa Liburua idatzi zituen. 1938an gobernu poloniarrak debekatu zituen. Geroztik Lemkera garaikidearen gramatikaren deskribapena eta hiztegia idatzi dira. Halere, literaturaren jarioa urria da, iraganean literatura aberatsa eta adierazpen poetikoagatik nabarmena izan bazen ere. 2013an, Printze Txikia lemkerara itzuli zen.

1871n, lemkera gainerako rusiniera aldaeretatik bereizteko adierazpena sinatu zuten lemkoek. Ostera rusiniera batzearren hainbat saio egin arren, ez da adostasunik lortu. 1992an, rusiniarrak bizi diren (Errumania izan ezik) Polonia, Eslovakia, Ukraina, Hungaria eta Jugoslavia ohiko idazle, kazetari eta akademikoz osatutako talde adierazgarri bat Hizkuntza Rusiniarraren Lehen Kongresuan elkartu zen. Bertan, Suitzako erromantxe herriak egin bezala, euren aldaera orotarako eskualde-estandarrak bilatzeko erabakia hartu zuten, geroago, eskualde guztiei balio izango liekeen estandar batu bat sortzeko xedearekin. Soilik Eslovakia eta Poloniako aldaerak estandarizatu ziren. 2007an Hirugarren Kongresua egin zuten, eta eskualde-aldaera estandar horiek sortzearren ahaleginak bizkortzearen adierazpena egin. Oraindik ez dira lortu.

Lemko populazioan egindako galdeketetan, euskaldunok sarritan geure buruari egindako galderak dira: posible da lemkeraz ez dakien inor lemkotzat hartzea?

Lemko izatearen kontzientzia

Akcja Wislaren deportazioek lemkoen aldi baterako desintegrazioa ekarri arren, bizkor berrantolatzeko gai izan ziren. Nahiz ez dakigun neurrian, lemkoak Poloniako populazioan partzialki asimilaturik izan, jasandako deportazioek lemko nazio-kontzientzian eragin handia izan zuten. Bestalde, poloniarrek lemkoei egindako arbuioak eta agintari poloniarrek hedatutako ukrainarren estereotipo negatiboek ere, poloniar baino lemko gisa identifikatzeko indarra eman zieten: egun lemko askok soilik lemko edota ukrainar identitatea onartzen dute.

Gaur egun maleruski, Polonian lemkera gainbehera handia jasaten ari da hiztun kopuruari dagokionez, eta egoera diglosikoan polonierak eragin handia du gazte eta haurren belaunaldian. XXI. mende hasieratik aurrera, gainera, familian lemkeraren transmisio etena ere gertatu da. Hizkuntzaren erabilera oro har familiarteko eta auzoko harremanetara mugatua da, urtero Lemkovynan eta Silesia Beherean antolatzen diren Vatra (menditarren guardia-su) jaietan elkartzerik duten arren.

Lemkoen izate gogorrak euren bizirautea bermatu arren, ez dakigu etorkizunean izango duten bilakaera nolakoa izango den.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lemkera
Jerzy Starzynski, lemko komunitatearen bultzatzaile sutsua
"Gure identitatea mantentzen dugu"

Jerzy Starzynski (1967, Legnica, Silesia Beherea, Polonia) koreografoa, etnomusikologoa eta historialaria da. Alabaina, ezer baino gehiago lemko komunitatekoa da eta bizitza osoa darama beraien hizkuntzaren eta kulturaren alde borrokan. Umetan, eskolan, jazarria izan zen lemkoa... [+]


Eguneraketa berriak daude