Gauak beldurgarriak dira Riadeko Ritz-Carlton hoteleko apopiloentzat

  • Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze gazteak esku bete lan eduki zuen azaroaren 4an, larunbata. Hasteko, Riadera berak ekarrarazirik, dimisioa eman zuen Saad Hariri Libanoko lehen ministroak. Bestetik, Yemendik matxino huthiek jaurtitako misil bat iritsi zen Riadeko aireporturaino. Hirugarrenik, herrialdeko aginte osoaren jabe egin nahi duen Salmanek ekin zion elite politiko eta ekonomikoko zientoka jauntxoren atxiloketari. Urak arre datoz Arabiako basamortuetan.

Beiruteko gobernuaren argazkilari ofiziala den Dalati Nohraren erretratuan, Saad Hariri Libanoko lehen ministroa eta Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printzea Riaden urriaren 30ean, patxada itxurak egiten. Bost egun geroago, telebistan atzerritik mintza
Beiruteko gobernuaren argazkilari ofiziala den Dalati Nohraren erretratuan, Saad Hariri Libanoko lehen ministroa eta Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printzea Riaden urriaren 30ean, patxada itxurak egiten. Bost egun geroago, telebistan atzerritik mintzatu zitzaien Hariri libanoarrei adierazteko kargua uzten zuela bere borondatez. Hori baino aitzakia gutxiagorekin hasi izan da gerra franko.

“Ekialde Hurbileko hiriburuetan Riad da segurtasun faltan txapeldun, hemen 32 urteko printze batek aginte absolutua eskuratu nahian egiten dituen urratsak iritsi dira inguruko herrialdeak balantzaka jarri eta beren lehen ministroak kargugabetzeraino. Are okerragoa, badirudi printze honi haizea ematen diola zertan ari den ez dakien lehendakari iparramerikar batek”. Saudi Arabiak bizi duen irakinaldia honela laburbildu du David Hearst erredaktore buruak Ekialde Hurbileko aktualitatearen termometro izan nahi duen Middle East Eye hedabidean.

Saudi Arabiako erregea oraindik Salman bin Abdulaziz Al Saud da, bere 81 urteekin, baina haren seme eta oinordeko Mohamed bin Salman gaztea da erresumako aginte makilaren jabe, aditu guztien arabera. Azaroaren 4an saudiarren armadak doi-doi lortu zuenean lurreratzea Yemendik matxino huthiek bidalitako misila –lehenbizikoz hiribururaino iristea lortu zutena– denak oroitu ziren Salman printzeaz: berak aginduta hasi zuten saudiarrek Yemengo gerra, Iranen indarra ahuldu nahian. Gero gerra konplikatu zitzaien Riadeko militarrei eta gosetez bezala koleraz Yemen hondamendira amiltzea baino askoz gehiago ez dute lortu.

Azaroaren 4 horretan zabaldu zen Saudi Arabiako armadaren buru izandako Mutaib bin Abdallah atxilotu zutela. Horretan ere Salman printzearen zigorra ikusi zuen mundu guztiak, baina inork gutxik espero zuena zen biharamunean herrialdeko eliteko 200 pertsonalite atxilotu, Ritz-Carlton hotelean giltzaperatu eta guztiei ondasun oro kenduko zienik. Aurretik, printzeak iragarri zuen erresumako eliteen ustelkeria ikertzeko batzorde berezi baten sorrera, bere lanean edozein lege edo arauren gainetik ariko dena. Middle East Eyek beste kronika batean zabaldu duenez, iturri fidagarrietatik jakin dute Ritz-Carltonen bahitutako batzuk torturatuak izan direla, beste gauzen artean atzerrian dauzkaten diru eta ondasunen informazioak kantatu ditzaten.

Etxe barruko arerioak inolako mugarik gabe jipoitzeko adina indar duen Salman printzeak bere kontrolpean dauzka Saudi Arabiako hiru armadak, munduko petrolio konpainia handiena den Aramco, erresumako afera ekonomikoen batzorde nagusia –zeinetatik gainbegiratzen baitu han burutzen ari diren pribatizatze operazio erraldoia–... Eta orain, gainera, bere esku hartu du hedabide saudiar nagusien kontrol osoa, Qatarreko Al Jazeera kenduta mundu arabiarrean kontsumituenak diren ART, MBC eta Rotana Media kateena.

Atxiloketekin Salman printzeak kapital metatze basatia ere burutu du. Atxilotutako aberatsok milaka milioi dolar dauzkate inbertituak Twitter, Apple, Citibank eta beste hainbat konpainiatan, gehi mundu osoko konta ezin ahala jauregi eta higiezininetan. Bloombergek aipatu du blokatutako kontu korronteetan bakarrik 33.000 milioi dolar eskuratu ote dituen Salmanek.

Bahitutakoen artean dago Bakr Ben Laden, abizen bereko familia ospetsuak daukan BTP eraikuntza holdingaren lehendakaria eta Meka hiri santuan higiezinen merkatuko erreferentzia nagusia. Milaka milioi dolar galtzen ari zen taldea 2015ean gobernuak kontratu publikoetatik kanpo utzi zuenetik, iaz bertan 77.000 langile atzerritar kale gorrian utziak zituen.

Saudiek Iran zigortu... Libano jipoituz

Salman printzearen sarekadak harrapatutako beste bat Saad Hariri da, uztailean bertan kiebra jotako Saudi Oger konpainiaren jabeetakoa. Ironiaz bezala, horrek eraiki zuen notable eta aberatsen presondegi bilakatutako Ritz-Carlton hotela, justu egun batzuk lehenago  “Basamortuko Davos” deitutako mundu mailako gailur ekonomikoaren kokagune izan zena. Baina gainera Hariri... Libanoko lehen ministroa da.

Hariri, bezperan mundu guztiak lasai eta irrifartsu ikusi zutena, gauetik goizera Riaden agertu zen bere dimisioa ematen Libanoko lehen ministro kargutik. Michel Aoun lehendakari kristauak ez dio onartu. Libanoko indar politiko-militar nagusia den Hizbullahren buru Hassan Nasrallahk salatu du Hariri bahituta daukatela Riaden, hura askatzeko eskatuz. Agintari saudiarrek kate motzean loturik baimendutako elkarrizketa batean, Future TV kate libanoarrean esan du bera aske dagoela Riaden eta laster itzuliko dela Tripolira, baina bere jokaldiarekin herrikideak ohartarazi nahi zituela: “Libanoko populuaren artean shock positibo bat eragin nahi izan dut, kontura dadin zein puntutaraino dagoen egoera larrian”. Hain kinka larrian ote?

Libano erdiz-erdi harrapatu du gero eta gehiago gerra itxura hartzen ari den Saudi Arabiaren eta Iranen arteko talkak, Londresen LSE unibertsitatean irakaslea den Madawi Al-Rasheedek honela laburbildu duenez: “Saudi Arabiaren azken karta Libanon: Israel erabiltzea Hizbullah kolpatzeko”. Salman printzeak disimulurik gabe bere atzerri politikaren ardatzen artean jarri baldin badu duela gutxi arte arabiarrentzako tabu zirudiena, alegia Israelekiko elkarlana –Irani aurre egiteko, hori bai– tentatua egon litekeela irandarrei jipoia emateko... libanotarren ipurdian. Yemenen bi potentziek morroi bidez daramaten borrokan nagusitzea lortzen ez duenez, Salmanek menturaz horrela orekatuko luke balantza.

II. Mundu Gerratik hona Libano Saudi Arabiaren eragin esferan mugitu da. Tripolin beti sunitak izan dira lehen ministroa eta bere ingurua, eta aldi berean negozioak egin dituzte Arabian, hango familiekin nahasiz. Ordainetan, Riadeko agintariek aliantza horrekin egin izan diete aurre Ekialde Hurbileko etsai nagusiei, 50eko hamarkadan Gamal Abdel Nasser panarabista ezkertiarrari, 1980tik Irani. Iranek Hizbullah bidez ondo asmatu baitzuen bereganatzen ordura arte bazter geratutako xihita jendea. Iran eta Hizbullahren erresistentziagatik ez balitz, oraindik Libanoko hegoalde osoa bere mende edukiko luke Israelek.

Libanoko gobernua –gerra zibil luzea amaitzeko formulan– partekatzen dute  joera politiko eta erlijioso oso ezberdinetako ordezkariek, tartean kristauek, sunita saudizaleek eta xiita iranzaleenek. Salman printzeak, dirudienez, joko hori ere amaitutzat eman nahi du eta edozertarako dago prest Libanon Iranek daukan eragina ezabatzeko. Baita Israelekin elkartuta ere.

Betidanik kokapen geopolitiko txit konplikatua daukan Libano larrialdi egoeran sartu da berriro. Egun batetik bestera aurki daiteke arabiarrek bertan dituzten inbertsio guztiak etenda, kapitalik gabe eta, gainera, zientoka mila libanoar Riadetik etxeratzera derrigortuta. Eta europarrok geundeke hurrengo errefuxiatu uholdearen atarian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Libano
2024-03-24 | Marta Maroto
Inork nahi ez duen gerra saihetsezina

Hezbollah, Ekialde Hurbileko miliziarik boteretsuena, Libanoko lurretatik Israeli eraso egiten hasi zen, Gazako sarraskia hasi eta biharamunean. Palestinari elkartasuna adierazteko bigarren fronte honen etorkizuna Zerrendan gertatzen denarekin lotuta dago. 91.000 lagun inguru... [+]


Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


PODCAST 2x31 | Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


Eguneraketa berriak daude