argia.eus
INPRIMATU
Azalaren memoria
Nora Barroso @axala_n 2017ko azaroaren 22a

Hamar urte inguru nituela helduagoa zen mutil batek modu jarraituan gehiegikeriak eragiten zizkidan. Lagunekin ikusten nuenean dardarka hasten nintzen, gaur ez mesedez, pentsatzen nuen. Baina debalde, bere lagunei “Voy a por ella” esan eta atzetik etortzen zen. Korrika joaten nintzen baina segituan harrapatzen ninduen. Bazterrean atzetik heldu eta oso gogor estutzen ninduen “Como grites…” esaten zidan. Ez zuen beste ezer gehiago esan beharrik. Orduan gorputz guztia ukitzen zidan paretaren kontra jarrita, buruz behera jartzen ninduen hanketatik helduta… Lagunen artean sortzen zuen beldurraren babesean, bere boterea medio, inpunitate osoz jarduten zuen. Orain tortura baten moduan sentitzen ditut ekintza horiek guztiak.

Hamar urteko haur batek sexualitatearekin dituen harremanak bere sexuaren esplorazioarekin dituenak izan ohi dira, edo-eta bide horretan inguruko lagunekin konpartitzen dituen ekintzak. Adin horretan zikina sentitzen nintzen, lotsatuta, nire errua zela pentsatzen nuen, gauetan isilean negarrez lokartzen nintzen. Fisikoki eta psikologikoki oso zapalduta nengoen. Egoera aldatzeko asmoz ihes egiteko modua eraiki nuen –bera baino bizkorragoa izan behar dut, horrela ez nau harrapatuko–. Eta hala egin nuen. Trebatu nahian, korrika egiten nuen eta toki guztietako eskailerak binaka igotzen hasi nintzen. Lortu nuen eskailerak ziztu bizian igotzea; nire borreroa nekatu egin zen eta egoerei ihes ahal egin nien.

Jazarpen baten historia da hau, inguruaren isla dena. Modu batera edo bestera pertsona ugarik bizi izan dute antzeko pasarteren bat, forma ez da berdina izango baina boterearen gorputza bera da

Isilagoa bihurtu nintzela sentitzen dut, begirada tristatu zitzaidan, amets gaiztoak areagotu ziren; lokartzerakoan beti gauza bera, norbaitengandik ihesi eta ezin hankak mugitu. Gauza txar hori nire sekretua zen, ezin nuen kontatu; hasieran beldurragatik, gero lotsagatik, ondoren “ba, denbora asko pasa da...”. Zama horrekin eraiki behar izan dut sexualitatea eta nire buruarekiko dudan maitasuna; hau guztia pisutsua izan da oso.

Minak gainditzeko modu ugari daude, ulertu ala ez errespetatu behar direnak. Eta ulertu dut hamar urteko neskatila hura dela gaur hemen idazten ari dena, biharko emakumea ere badela gaur hemen dagoena, gaur ez naizela atzo baino ausartagoa eta momentuan barruari begiratzeko eman diodan aukeran egon dela gakoa nirean, bizipenak metatu ahala irtenbideak eraldatzen joan direla eta harro nagoela korri egiteko erabakia hartu izanaz, lehenengo segundotik hasi zen iraulketa.

Jazarpen baten historia da hau, inguruaren isla dena. Modu batera edo bestera pertsona ugarik bizi izan dute antzeko pasarteren bat, forma ez da berdina izango baina boterearen gorputza bera da.